Gurean ere pixkanaka sortzen joan dira literatura jorratzen duten blogak. Internetek luzatutako tresnei esker edonork sortu dezake modu honetako web gunea. Baina zer da blog literarioa? Idazleek egindako edozein blog sartzen al da hor? Hori zehazteko orduan, Julen Gabiriak zenbait ezaugarri eman zituen, zoritxarrez aspaldi honetan berritu ez den bere blogean (
www.eibar.org/blogak/gabiria): Sortu ahala jendearen aurrean publikatzea, osotasun bat daukan obra publikatzea –izan nobela, poesia, itzulpena...–, testuaren tripak erakustea eta egileak testu horri buruzko argibideak ematea. Horiek jarri zituen Gabiriak bloga literario izateko baldintza gisa.
Iturrino Handia
Definizio horren barruan sailka liteke Hasier Etxeberriak bere blogean –
www.alua.mundua.com helbidean irakur dezakezue– gauzatu berri duena. Bloga erabiliz idatzi du
Iturrino Handia bere azken nobela, eta aipatzekoa da nobelaren azala bera bozketa bidez aukeratu izana. Liburuak joan den otsailean ikusi zuen argia, Susa argitaletxearen eskutik.
Blog literarioen zabalkundeak hartu duen dimentsioaren erakusgarri, Udako Euskal Unibertsitatearen Literatura Sailak Donostiako Udal Patronatuaren laguntzaz Blogak eta Literaturari buruzko mahai ingurua antolatu zuen joan den urtean.
Mahainguru horretako partaide izan zen Markos Zapiain.
Ugaritasuna arazo: blogen kasua izeneko testuan –irakurgai dago
www.eibar.org/blogak/zapiain/146 helbidean– teknologia berrien iraultzaren aurrean bere duen jarreraren berri eman zuen Zapiainek. Bere esanetan blogaren funtsa askatasuna eta berdintasuna dira eta mundu osoan dabilen ugaltze joerarekin bat dator gurean. Ditugun “aurreiritzi demokratiko berdinzaleek gustura hartzen dute hori” Zapiainen ustez, baina ugaritasunak guztietara ezin iristea dakar. Ugaritasun horrek arrisku bat dauka sortzez arima pasiboa dutenentzat: sekulan deus ez egitea, besteena irakurtzera mugatzea.
Ikuskera eszeptikoa
Aipatutako mahainguruan parte hartu zuen Iban Zalduak ere. Gehiegizko ugaritasuna arazo izan daitekeela azpimarratu zuen donostiarrak orduan: “lehen harriak adina poeta genituen eta orain poetak adina blogari”.
Euskal literaturaren etorkizuna blogetan egon ote daitekeen itaunari zalantzak dituela erantzun zion, hortik zehar kalifikatibo hori jasotzen duten zenbait euskal bitakoraren literaturtasuna ezbaian jarriz. Blogetan erakusten zaiguna oso bat-bateko lana izaten dela gaineratu zuen, ez zela sobera landua egoten eta lanketa hori gabe nekez hitz egin daitekeela literaturaz.
Edonola ere, Zalduak irakurlearen eta idazlearen arteko bitartekarien ezabatzea positibotzat jo zuen Sustatu.com atariaren 5. urteurren jaian esakainitako
Nola salbatuko duen Internetek Euskal Literatura mini-hitzaldian. Hori da idazleak blogei eta oro har Interneti ikusten dion bertuterik handiena, literatur produkzioaren demokratizazio handiago bati ateak ireki diezazkiokeen heinean. Are kritikagintzarenari ere.
Aukerarik ez da falta, bakoitzaren araberakoa da ematen zaion erantzuna. Markos Zapiainek zioen moduan, sortzez arima pasiboa dutenek badute zer irakurria, eta arima aktiboagokoak direnek aldiz beren esku dute teknologia berriek eskaintzen duten aukera.
Blogetakoa literatura den edo ez, hori da airean gelditzen den galdera nagusia. Baina ez al du fenomeno honek ere, aurrerapen teknologiko gehienen antzera, pertsonek ematen dioten erabilpenaren araberako uzta emango? Bidea ekinez egiten dela uste duzuenetakoak bazarete, baduzue zeri heldua, blogak.com, blogari.net, mundua.com, nireblog.com eta antzeko web guneetan nahi duenaren eskura jartzen baita blog bat sortzeko aukera. Antzokian nondik sartu? Hori bakoitzaren aukera da.