Biziraun zutenak non daude?

  • Enamorado de la Muerte” abesten zuen RIPek. Iosu Exposito Eskorbutoko gitarra-joleak ere erruleta errusiarrarekin konparatzen zuen heroina txutea, “baina sei baladun erruleta errusiarrarekin”. Talde biak 80ko hamarkadan jaio ziren, punk mugimenduaren baitan, eta bietako taldekide gehienak gazte hil ziren, zaldi zuriak Euskal Herria gogor gaztigatu baitzuen. Egun 40 eta 50 urte artean izango lituzkeen belaunaldi galdua gaindosiak, HIESAk edota suizidioak eraman zuen. Batzuek, erruleta errusiarra gainditzea lortu zuten arren, egun oraindik marjinazio egoeran, kartzelan edo droga-mendekotasuna gainditzeko tratamenduren batean daude. Euren egoera eta esperientziak kontatu dizkigute.
     
    “Heroinarekin amodio-gorroto harremana duzu. Hasieran dena oso polita da, baina hilabeteetara goizean altxatu eta gorputz guztia minberatua duzu, arima bera minbera duzu eta badakizu utzi behar duzula edo hil egingo zarela, baina ez dakizu nola”, dio Gorkak. Azken finean, Mariaren hitzetan yonkia izatea ez baita xiringarekin zulatzea, jarrera bat baizik: “Zure bizitza albo batera utzi eta behar duzun txutea lortu arte edozer gauza egiteko prest zaude, baita zure ama saltzeko ere”. Gorka eta Maria 80 eta 90eko hamarkadetan Euskal Herriko paisaiaren zati bihurtu ziren drogazaleetako bi dira. Garai hartan, herri ia denetan heroinomano talde handiak biltzen zituzten parke, auzo edo zonaldeak aurki zitezkeen.
Dani Balnco
Bilbo zen salmenta gune nagusia eta bertan trafikatzaile handiek txikien artean banatzen zuten droga. Bizkaian, Barakaldo eta Sestaoko zonaldean ere mugimendu handia zegoen; Gipuzkoan, Donostia eta Irunen; Nafarroan, Iruñerrian; eta Araban, Gasteizen kontzentratzen zen batik bat. Hala ere, oro har herri gehienetan heroina asko saltzen zen eta portua zutenetan kontsumoa are handiagoa zen. Hain zuzen, hemen kostako herriak izateak asko markatu zuen heroinomanoaren profila: beste lekuetan heroina marroi gehiago zegoen bitartean –erre egin ohi zena–, hemen heroina zuria zen nagusi, puruagoa eta batez ere injektatua kontsumitzen zena. Ondorioz, xiringak erabiltzeagatik iberiar penintsulan infekzio gehien jasan zituen lekua Euskal Herria izan zen, Kataluniarekin batera. Emaitzak ez dira xamurrak izan: datu zehatzik ez dagoen arren, gutxi gorabehera heroina kontsumitzaileen herena hil egin zen, beste heren batek aurrera ateratzea lortu zuen eta beste herena oraindik marjinazio egoeran, kartzelan edo droga-mendekotasuna gainditzeko tratamenduren batean dago.
 
Gurean heroinak halako eragina izan bazuen, neurri batean permisibitate handia zegoelako izan zela diote elkarrizketatu ditugun heroinomano ohi eta familiarrek. Droga lortzea eta trafikatzea oso erraza zen eta ez zegoen kontrol polizial handirik. Zergatik? Gazteak politikan ez sartzeko eta bare mantentzeko bidea drogak zirela aintzat hartzen duen teoria oso zabaldua dago. “Poliziak paso egiten zuen, hori argi dago –dio Gorkak–. Gure herriko droga-saltzaileak nahi beste saltzen zuen, arazorik gabe, eta poliziaren salataria izango zen, herrian beste gamelurik agertzen bazen segituan atxilotzen zutelako. Atzean diruarekin eta politikarekin lotutako interesak zeuden”. Azkenean, leku gehienetan herritarrak izan ziren heroinarekin akabatzeko indarra egiten hasi zirenak.
 
Permisibitateari, garai hartako liberalizazioa gehitu zitzaion: gizartearen konbentzionalismoei iseka egiten zien punk mugimenduak norbanakoaren askatasuna aldarrikatzen zuen eta gauza berri guztiak probatzen ziren, askotan heroinaren benetako ondorioak ezagutu gabe. Gorka –erreportaje honetako protagonistei izena aldatu diegu– Donostialdekoa da eta 40 urte ditu; 17-18 urterekin hasi zen heroina kontsumitzen, koadrilan: “Gaur egun, nahi izanez gero bada lana, baina orduan ez zegoen eta ez genuen motibaziorik; porrot asko estaltzeko edan egiten genuen, erre, speed hartu… Eta horrek asetzen ez zintuenean, heroinara jotzen zenuen”. Heroina zuria kontsumitzen hasi zen, egunean 2.000 pezeta inguru (100 bat libera) bi-hiru lagunen artean, baina pixkanaka gorputzak gehiago eskatzen ziola konturatu zen. Goizean eta arratsaldean sartu beharra zeukan eta urtebetera goizean, eguerdian, bazkalorduan, arratsaldean, gauean… Ezin bizi drogarik gabe eta lortzeko denetik egin duela esan digu: labana hartu eta pertsona bati lapurtzea, esaterako. “Txutea beti lortzen duzu, era batera edo bestera, baina beti. Dakizuna da gorputzeko ondoez hori gainetik kendu behar duzula eta ez zara errudun sentitzen lapurtzerakoan; lehenengo heroina da eta gero gerokoak. Azkenean, lagunak, neska, familia, lana… galtzen duzu, bizitza galtzen duzu”. Hala ere, 1990ean, 23 urterekin Gipuzkoako Gizakia Helburu programan sartu eta heroina uztea lortu zuen. 2004. urtera arte inolako drogarik hartu gabe egon da eta horregatik badaki heroinatik ateratzea posible dela. “Hau beti gustatzen zaizu, baita utzi duzunean ere, baina gauzak balantzan jarri eta erabaki bat hartu behar da”. 2004an, ordea, istripu batengatik ospitalera eraman eta bost egunez morfina eman zioten, mina kentzeko. “Barruan dudan demonioa esnatu zidaten; ez nuen uste berriz eroriko nintzenik, baina aurrezki-libretan nuen dirua atera eta dena popatik hartzera joan zen. Heroina erosteko lapurretengatik kartzelan bukatu nuen, 72 kilorekin –orain 98 pisatzen ditut– eta ez dakit nolatan ez nintzen hil. Azken finean, kartzelan egotea ez da hain txarra, kanpoan txutea lortzearren edozer gauza egitera irits zaitezkeelako edota edozer gauza gerta dakizukeelako, pistola hartu eta auskalo!”. Kartzelatik Gizakia Helburuk atera zuen eta orain errehabilitazio prozesuan dago berriz. Lana, auto polit bat eta emakume eder bat nahi omen ditu; zoriontsu izan nahi du. “Heroina hor dago, espero dut nire bila ez etortzea eta ni ere bere bila ez joatea, baina hainbeste urte eta gero ezin dut ziurtatu eroriko ez naizenik. Dena den, behin betiko uzteko borondatearekin nago”.

HIESAren mamua

Gorkak, gainera, heroinak berekin ekarri zuen zama eraman beharko du betiko: seropositibo izatearena. Garai hartan ezin zen xiringarik lortu, ez zituzten farmazian saltzen eta euren artean berrerabiltzen zituzten, infekzioak kutsatuz. Kartzeletan ere sistema hipokrita zen nagusi: kontsumitzea debekatua zegoenez, ez zen xiringarik banatzen, eta Giza Immunoeskasiaren Birusarekin sartzen ziren presoen bikoitza ateratzen zen kutsatuta.
 
Gorkak 20 urterekin jakin zuen seropositiboa zela: “Oso kolpe gogorra izan zen, orduan heriotza zelako, ezjakintasun handia zegoen. Betiko izorratua uzten bazaitu ere, gaur egun eramangarriagoa da, baina garai hartan medikuarengana joan eta zuzenean HIESA zenuela esaten zizuten, sei hilabete geratzen zitzaizkizula. Erreakzioa? Gehiago sartzea, angustia eta beldur hori estaltzeko”. Asko eta asko izan ziren HIESAz edo hepatitisaz kutsatutakoak eta asko eta asko gaitz horiek hildakoak. “24-25 urterekin hilero zegoen lagunen bat eskeletan, nik mordoa galdu ditut, eta zure lagun minen eskelak ikustea ikaragarria da, hain gazte! Batez ere eskela horietan zure burua islatuta ikusten duzulako. Heroina borrero beldurgarria da”. Horrez gain, seropositiboen inguruko aurreiritzi asko zegoen orduan, heriotza eragiten zuen gauza ezezaguna zelako. 90eko hamarkada hasieran, adibidez, Durangoko moja eskolatik mutil bat bota zuten seropositiboa izateagatik, gurasoen presioak eraginda.
 
Gorkak ez du bere lagun askoren patua jarraitu, baina hilzorian egon zen, kartzelan zainak moztuta bere buruaz beste egiten saiatu baitzen. Beste heroinomano askok ere suizidioa izan zuten ihesbide. Hain zuzen, guk hona ekarri ditugun bost historietatik lauk euren buruaz beste egiten saiatu zirela aitortu digute. Luis da horietako beste bat, gorabeheraz betetako bizimodua eraman duen 40 urteko arrasatearra (Gipuzkoa). 18 urterekin anfetaminekin hasi eta uztea lortu zuenean, lagun batek proposatuta heroina probatu zuen, 20 urterekin. Arrasaten heroina asko mugitzen zela dio eta tabernan lan egiteko egunero kontsumitzen hasi zela, gramo bat inguru, hasieran sudurretik, gero zilarrarekin eta azkenik injektatuta. “Ezkutuan mantendu nuen, baina azkenerako, benetan behar duzunean berdin dizu, eta edonola eta edonon sartzen duzu”. 24 urterekin errehabilitazio zentro batera joan zen Gasteizera eta ordutik tarteka drogak utziz eta berriz eroriz eman ditu urteak. “Zaila da arazo bat duzula onartzea, ez duzulako ikusten edo ez duzulako ikusi nahi. Eta ongi zaudenean ere, ‘egun batean hartuta ez zait ezer gertatuko’ pentsatzen duzu, zure burua engainatzen duzu, eta sartu orduko barruko denak eztanda egiten dizu berriro… Horrela 20 urtez”. Bitarte horretan, diru asko lapurtu du Luisek, hamar alditan baino gehiagotan egon da kartzelan, familiarekin eta bikoteekin arazoak izan ditu… “Heroina utzi eta kokaina zainetan injektatzera iritsi nintzen. Inoiz ez nuen pentsatu kokaina zainetan sartuko nuenik, baina azkenean beldurra galtzen diozu denari, heroinak horretara eramaten zaituelako; putzu batetik xiringa bat hartu eta erabili izan dut”.
 
10 urteko semea eta 6 urteko alaba ditu; drogaren erruz ez dituela behar bezala zaindu aitortu digu eta horrek min handia ematen diola. “Alaba aiton-amonekin zegoen egunetan, zazpi gramo kokaina bata bestearen atzetik sartzeko gauza nintzen, gaindosiari ere beldurra galtzen diozulako: nire bikoteari gertatu zitzaion eta erreanimatu behar izan nuen, bularrak presionatu, ahoz ahokoa… Asko izutu nintzen, ez dut inoiz ahaztuko. Eta hala ere, drogak hartzen jarraitu nuen. Nolatan?... Ez dut erantzunik”. Neurri handi batean, heroinaren mende emandako urteak urte galduak direla dio, orain familia orekatu bat eta lana izan zitzakeelako, errehabilitazioan egon ordez.

Izerdia, hotzikarak eta sexu ezina

Heroinarengandik askatzea, baina, ez da erraza. Diseinuzko drogen mendekotasun psikologikoa handiagoa den arren, heroinaren abstinentzia sindromea oso gogorra da eta askok benetako beldurra diote kontsumitzen utziz gero hori pasa behar izateari: “Izugarrizko ondoeza daukazu –deskribatu digu Luisek–, muskulu guztiek tira egiten dizute, ez zara ia zutik egoteko gai, botaka ari zara etengabe, sekulako beherakoarekin, beroz izerditan, hotzikarekin, dardarka, aztoratuta… Hilabeteak eman ditzakezu dena nahasia duzula: jana, sexualki funtzionatzeko gaitasuna, gibela… Organismo osoa. Gauetan berriz lokartu ahal izan arte hilabeteak pasa ditut nik, egunak eta egunak ezin lo harturik, eta buruari ere eragiten dio. Erdi eskizofreniko bukatu duen jendea ezagutzen dut eta beldurra ematen dit. Behin, txute bat sartu eta besoa tente geratu zitzaidan. Ezin izan nuen hiru hilabetez mugitu”.
 
Josek ere burutik oso gaizki egon izan dela aitortu digu, paranoia handiekin. 37 urte ditu eta Barakaldokoa da. Goiztiar hasi zen: 7 urterekin tabakoa erretzen zuen, 13rekin haxixa eta 15-16rekin heroina injektatzen hasi zen. “Barakaldoko auzo guztietan eta Bilbon asko kontsumitzen zen. Cortes kalea gune nagusietakoa zen, San Frantzisko kale ondoan. Prostitutei gelak alokatzen zizkien emakumeak droga saltzen zuen eta pisuetan bertan injektatzea zen ohikoena”. Errez efektu bera lortzeko gehiago erosi behar zenez, eta orduan HIESAren gaineko oraingo kontzientziaziorik ez zegoenez, %95ak orratzarekin kontsumitzen zuela azaldu digu, eta heroinaren kalitatea primerakoa zela: “Hasieran eguneko 1.000 pezetarekin, gramo laurden batekin nahikoa zenuen, oso purua zen. Egunean gramo bat baino gehiago sartzea ia ezinezkoa zen eta orain egunean bost gramo sar ditzake jendeak, oso aizundua dagoelako; ez dakit nola ez diren garai hartan bezala hiltzen, ziurrenik gaur egun erre egiten delako, zainetan sartu beharrean”. Espainiako hegoaldean ere egona da eta han kontsumitzen beranduago hasi zirela kontatu du, eta heroina ez zela Bilbokoa bezain ona. Argi du Euskal Herrian ezikusiarena egin zutela, bestela ezinezkoa izango zela hainbeste heroina mugitu izana.
 
Desintoxikazioa ere goiz hasi zuen Josek, 19 urterekin, eta hamaika urtez egon da ezertxo ere kontsumitu gabe, heroinak ematen zion bakea bizitzan lortua zuelako: lana, neska-laguna, bidaiatzeko aukera… Droga-mendekotasuna gainditu eta bizitza normalizatua daramaten kasuetako bat zen, 1999an, lana eta parrandak jasateko kokaina hartzen hasi zen arte. Kokainaren beherakadari aurre egiteko heroina kontsumitzea izan zen hurrengo pausoa eta honen mende bukatu zuen beste behin. Orain lanean da, autonomo, baina drogek ondorio desatsegina utzi diote: 6 urteko semea nahi adina ikusteko oztopo legalak.

Metadona eta heroina: tratamendu egokiak?

Gainditzeko, Josek lau hilabete daramatza Bilboko Gizakia Fundazioan, modu kontrolatuan metadona hartzen. Dosia jaitsiz pixkanaka uzteko asmoa du. Errehabilitazio programetan, ezer hartu gabe droga-mendekotasuna gainditzea da lehen aukera eta tratamenduek huts egiten dutenean, metadona erabiltzen da. Euskal Herrian, tratamenduan daudenek substantzia hori EAEn 1991tik eta Nafarroan 1993tik farmazietan jaso dezakete, kontrolpean. Heroina bezalako opiazeo indartsua beste opiazeo indartsu batengatik ordezkatzean datza, baina medikuaren segimenduarekin eta erabilera seguruarekin –ahotik hartzen da–. Metadonak 24 orduko bizitza izan ohi du, heroinak dituen 8 orduen aldean eta Bilboko Gizakia Fundazioan, esaterako, batez beste eguneko 50-60 miligramo ematen dizkiote pazienteari. Are gehiago, horrek ere huts egiten duenean, medikuaren kontrolpean heroina banatzearen aldeko proposamena onartu du Eusko Legebiltzarrak, baina ezin da egin, Espainiako Osasun Ministerioak ez duelako heroina medikamentu bezala onartzen. Katalunian, Andaluzian, Suitzan eta Holandan heroina banatuz egin diren saiakera klinikoek, ordea, emaitza baikorrak lortu dituzte. Jose narkosaletan heroina banatzearen aldekoa da, kontrola egoteak egoera txarrean dagoen heroina, droga-salerosketa edota marjinazioa saihestuko lituzkeelako.
 
Metadonaren inguruan berriz, kontsumitzaileek iritzi kontrajarriak dituzte. Gorkari “zabor hutsa” iruditzen zaio: “Ona du ez dela xiringarik erabiltzen eta gizartean lasaitasuna dagoela heroinomanoak ez duelako lapurtu beharrik, baina metadonarekin heroina dosia asea duzunean, kokaina sartzen hasten zara, are okerragoa dena. Gutako asko politoxikomanoak gara: gauza bat estali eta beste baten beharra sentitzen dugu”. Duela bost urte antsietate krisiengatik medikuak metadona errezetatu zionean, Mariak ere ez zuen hartu nahi izan, baina orain ez du gaizki ikusten: “Ez zait metadona hitza gustatzen, nire medikamentua da eta hala onartzen dut. Orain egunean 35 miligramo hartzen ditut eta gutxitzen joatea da asmoa”.
 
Heroinomanoen –eta oro har drogazale guztien– profilari erreparatuta, gizonezkoak dira gehiengo nabarmena. Hernaniko (Gipuzkoa) Mariak, ordea, ezin izan zuen zaldi zuriaren hatzaparretatik ihes egin. 36 urte dauzka, heroinaren munduan oso gazte sartu baitzen: 14 urterekin 20 urteko mutil-lagun heroinomano batekin ibiltzen hasi zen eta horrek drogetara eraman zuen. “Bere maitalea heroina zen eta ni bigarren maila batean nengoen, horren parte izan nahi nuela erabaki nuen arte”. 80ko hamarkadaren bigarren bosturtekoan, Hernaniz gain Donostiako Pakea zonaldea eta Errenteria (Gipuzkoa) heroina gune garrantzitsuak zirela du gogoan. “Ez zegoen ezer esan beharrik, mundu guztiak zekien zer ordutan eta non pasako zuten droga. 16 laguneko taldea elkartu ohi ginen eta horietatik lau baino ez gaude bizirik. Eta lau horietatik, HIESA ez duen bakarra ni naiz”.
 
Kontsumitzen hasi eta lehenengo lau urteetan, heroina erosteko behar zuten dirua mutil-lagun garraiolariak erraz lortzen zuen, azpikeriekin lanean ostuta. Arduradunak konturatu zirenerako, 12-13 milioi pezetako zuloa utzi zuen. Enpresatik bota egin zuten eta bikotea Logroñora (Errioxa) joan zen, giro hartatik urrundu nahian. Han ere, ordea, ez zen heroinarik falta. Hernanira 19 urterekin bueltatu zen Maria, haurdun. Umea izan behar zutela-eta, heroina uzteko errehabilitazioa hasi zuen mutil-lagunak, baina Mariak ez zuen sinesten heroinarik gabeko bizitza eraman ahal izango zuenik: “Azkenean mutilagatik sartu nintzen, haurdun egonda ere ez nintzelako gai izan umeagatik uzteko. Alaba batik bat nire gurasoek hezi dute eta duela urte eta erdi arte errudun sentitu naiz, egoista, baina berak inoiz ez duela horrela ikusi esan zidan. Orain 16 urte ditu eta drogek ez dute batere erakartzen”. Lau urteko desintoxikazio programa eta gero, errealitatera bueltatzea zaila izan zen Maria eta bere senar bilakatu zenarentzat, baina sei urte drogarik kontsumitu gabe egotea lortu zuen. Dibortziatu zenean, denbora batez pilula eta xarabeen mende egon zen, baina heroina ez du berriro inoiz probatu. “Hori benetan gustatzen zaidalako eta berriz probatzen badut badakidalako ez dela jolasa izango, ia konturatu gabeko zerbait… Guztiz kontziente egingo nuke. Drogak maila batean daude, eta maila gorenean, heroina”.

Familia eta bidean gelditutakoak

Mariak bi urte daramatza bere gurasoekin harreman ona mantenduz, eta hasieratik asko lagundu dutela esan digu. Kasu askotan, ordea, familiak amore ematen du, jasan behar duten oinazeari ezin eutsirik. “Nire familian eta familia askotan azkenean ezinezkotzat uzten zaituzte –dio Luisek–. ‘Tipo honekin jada ez dakigu zer egin, mundu guztia izorratzen ari da, utz diezaiogun bere bizitza egiten eta hiltzen bada, arazoa bukatuko da’; horrela ikusten dutela uste dut”.
 
Jon 39 urteko irakasle zarauztarra da. Arreba Maitek orain 45 izango lituzke, baina 15 urterekin heroinaren munduan sartu eta 15 beranduago, 30ekin, ospitalean hil zen, ama alboan zuela. “Ama izan zen hil arte ondoan geratzeko gauza izan zen bakarra, eurak direlako familiaren euskarri”. Zarautzen ere droga asko mugitzen zela gogoan du Jonek, eta gehienbat heroina; kokaina aberatsen droga zen. Drogak arreba bereganatu zuenetik, gorroto-amodio harremana izan zuen familiarekin. Gaizki zegoenean laguntza eskatzen zien eta ondoren etxetik alde egin eta denbora luzez ez zuten bere berri izaten. “Guk beti lagundu genion eta ez genekien ongi egiten ari ote ginen, agian hobe zen sufritzen uztea, egoeraz jabetzeko, baina hori esatea erraza da… Horrelako egoera baten aurrean, edo paso egiten duzu, edo guztiz inplikatzen zara eta hain gertuko norbait ezinean eta bere burua alferrik galtzen ikusteak izugarri gogortzen zaitu”.

Maite zentro ugaritan egon zen, baina alferrik. “Bere burua trenbidera bota arren bizirik atera zen, elbarri, eta bisitatzera joan ginenean esan zidan: ‘Nik ez dakit drogarik gabe bizitzen’. Hain gazte eta bizitzeko gogorik ere ez zuen”. Arreba fisikoki sendoa zela eta seropositiboa izanda ere, bere burua laga zuelako ahulduta hil zela uste du Jonek, pneumoniak jota, baina nahi izan balu oraindik bizirik legokeela.
 
Ongi zegoenean, ordea, oso neska alaia zen, beti parranda eta saltsa guztietan. Nabarmentzea ere asko gustatzen zitzaion eta herrian oso ezaguna zen. Garai hartan, hiru belarritako, sudurrean piercing-a eta ilea hiru koloretan eramatea ez zen oharkabe pasatzen, “eta punkyak drogadiktoak ziren gizartearentzat”. 15.000 biztanleko herrian denek elkar ezagutzen zuten eta arrebaren inguruko zurrumurru asko entzuten zituzten senitartekoek: “Hemen eta han dabil, eta gu agian non zegoen ere jakin gabe”. Baina arazoa ez zuten inoiz ezkutatu eta Maite hil zenean ere, HIESAgatik izan zela jarri zuten eskelan, gizarteak jakin zezan gaixotasun hau bazegoela eta jendea hiltzen zuela. Haatik, gizartearen presioa jasatea beti ez da erraza: Mariaren amari bizilagunek doluminak eman zizkioten Maria haurdun geratu zelako eta Luisen lagunek baztertu egin zuten heroinomanoa zela jakin zutenean. Arrasaten denek ezagutzen dute eta lan bila joan denean ate asko itxi dizkiote. “Jendeak oso gaizki begiratzen zaitu edo ez dizute begiratu ere egiten”, dio, eta horregatik, Arrasatera itzuli beharrean Donostian bizitza berri bat hasteko asmoa du. Hala ere, elkarrizketatu guztien kezka nagusia egungo gazteak dira, etorkizunean historia errepikatu ez dadin eta zaldi zuriak berekin ekarri zuen marjinazio eta heriotzaren arrastotik libra daitezen.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Drogak
Drogen aurkako atxiloketak eta gero zer?

Ertzaintzaren fokua drogen kontsumora, ekoizpenera eta salmentara bideratu da 2023an eta zenbait operazio ikusgarri egikaritu dituzte Aiaraldean.


Espainiako Osasun Sailak terrazetan erretzea debekatzeko plana berreskuratu du

Mónica García ministroak ziurtatu du araudi zehatzak egongo direla lurrungailuen erabilera kontrolatzeko, eta zehatz-mehatz aztertuko direla hainbat egoera, “kerik gabeko espazioak zabaltzeko”.


Kerik gabeko eremuen aldeko neurriak ezarriko dituzte Ipar Euskal Herrian

Ezingo da erre hondartza, parke, baso, espazio publiko eta eskola inguruetan. 2024tik aurrera, tabako paketearen prezioa progresiboki igoko da 11 eurotik 13 eurora.


Haurrei zuzendutako zigarro elektronikoek alerta gorria piztu dute

Jostailu edo panpina itxurako eta goxoki zaporeko bapeatzaile edo zigarro elektronikoak ugaritu dira. Ohartarazi dute tabako industriak gaztetxoenak dituela jomuga, eta neurriak hartzen hasiak dira hainbat herrialdetan. Erabilera bakarreko bapeatzaileak debekatzeko asmoa agertu... [+]


Kanabisaren kontsumo “kontrolatua” legeztatu dute Alemanian

Asteazkenean onartu dute neurria ministro kontseiluan, eta prozesu parlamentarioa 2023an amaitzea espero dute. “Merkatu beltza gelditzeko” saiakera dela azaldu dute legea sustatu dutenek. Kalamua 25 gramoraino legez kanpokoa ez izatea eta pertsona bakoitzak... [+]


Eguneraketa berriak daude