Bigarren itzulian: Sarkozy eta Royal? Sarkozy eta Bayrou? Le Pen aiduru

  • Apirileko 22an burutuko dira Frantziako presidentea hautatzeko hauteskundeak. Hamabi hautagai ari dira Eliseo jauregira iristeko lehian. Ez dirudi inork bozen gehiengo osoa lortuko duenik, beraz, bi pasako dira maiatzaren 6ko bigarren itzulira. Nicolas Sarkozy (UMP), Ségolène Royal (PS), François Bayrou (UDF) eta Jean-Marie Le Pen (FN) dira hautagai nagusiak. Normalean Sarkozy izanen da bigarren itzulian, arerioa nor izanen duen argitzeke dago.

    Frantziako hego muturrean –Hendaian– bizi da hitz hauen erredaktorea. Hilabeteak dira Estatu honetako presidentea hautatzeko kanpainaren zurrunbiloa sentitzen duela. Kanpaina, era ofizialean, apirilaren 10ean hasi da. Erreportari honek, aldiz, kanpainaren aldaba-hots nagusiena apirilaren 3an sentitu zuen, Jacques Chirac presidentea Baionara etorri zelarik. Estatuburuak, ordurako, Nicolas Sarkozy hautagaiaren sostengu publikoa adierazi zuen. Armadari egindako bisitaldian eta gorazarrean adierazi edota aipatu ez zuena Euskal Herria da. Alabaina, Errepublikako presidentea Euskal Herrian zegoen. Herriak presidentea ezagutzen du, baina presidenteak ez du herria ezagutzen nonbait. Balio bezate sarrerako hitz hauek Frantziako hauteskunde presidentzialak “gurean” kokatzeko, baita gure demokraziaren seaska omen denaren funtsa ulertzeko ere.
Sarkozy, Royal, Le Pen, Bayrou
12 hautagai, guztira 40 ziren arren

Hamabi dira presidentziarako lehian ari diren hautagaiak, alta bada, beste 28 inguruk ere kandidatura aurkeztu zuten. Hauek ez zituzten ordea, legeak lehiatzeko eskatzen dituen tokian-tokiko 500 hautetsien sinadurak lortu. Herritarroi gero eta ezezagunagoak zaizkigu mendebaldeko demokraziaren ezaugarriak. Demokraziaren gabeziak agerian uztera iritsi gabe, hona datu batzuk sistemaren izaera ezagutzeko:

2002ko hauteskundeetan Jacques Chirac presidenteak 5.666.440 bozka erdietsi zituen. Eta, esaterako, ezkerreko hautagaiek –Arlette Laguiller (LO: 1.630.244. Noël Mamère (Berdeak): 1.495.901. Olivier Besancenot (LCR): 1.210.694 eta Robert Hue (PCF): 960.757– 5. 297. 596 boz jaso zituzten. Balio biezaizkigute datuok halaber, hauteskunde hauek ulertzeko.

12etatik 4k dute benetako xantza

Hamabi hautagaietatik (ikusi infograma) lauk dute bigarren itzulira pasatzeko benetako xantza edo aukera: Nicolas Sarkozy (UMP), Ségolène Royal (PS), François Bayrou (UDF) eta Jean-Marie Le Pen (FN). Frantziako hauteskunde presidentzialek gero eta antza gehiago hartu diote AEBetakoei. Konparazione, Frantzia iparraldean 800 herrietan boto sistema elektronikoa ezarri da funtzionamenduan. Sisteman aipatutako lehen hiru hautagaiak baino ez dira ageri. Barne Ministerioak –Nicolas Sarkozy izan da barne ministroa orain gutxi arte– ezarritako sisteman ez da ageri Le Pen hautagaia. Oso adierazgarria da. 2002ko hauteskundeetan Le Penek 4.805.307 (bozen %16,86) lortu zituen lehen itzulian eta Chiracekin lehiatu zen presidente izateko bigarrenean. Le Pen Europako demokrazia “umezurtz” uzteko zorian izan zen. Sarkozyk ez du 2002an gertatua errepikatzea nahi, gainera eskuin muturreko bozak behar ditu.

4etatik 3 nagusi, eta 2 pasako dira

Le Pen sistema demokratikoaren mehatxu izaki, presidente izateko aukera handiena bide duten Sarkozy, Royal eta Bayrou hautagaiengan erreparatu dugu segidan.

Nicolas Sarkozy

Nicolas Sarkozy Jacques Chirac presidentearen abaroan onduz joan da, RPR alderdian. Hasieran Chiracen laguna, eta azkenean arerioa bihurtuz. RPRko presidentea izan da Sarkozy, baita Donibane Lohizuneko auzapez ohi Michèle Alliot-Marie ere. Egungo Armada ministro Alliot-Marieren gusturako, azken urteotan Sarkozy sobera lerratu da eskuin muturrera; Alliot-Marie eta Chirac oso hurbilekoak izaki. Sarkozyk honela dio bestalde: “Ségolène Royalek ez du nire hautesleengan eraginik”. Ez du uste Royalek bozak kenduko dizkionik. Sarkozyren kultua indarra da. Bere lema frantziarren segurtasuna bermatzea da, eta Le Pen arerio zuzenari bozak irabazteko jarrera tinkoa. Sarkozy UMPko –zentro-eskuineko mugimendua– presidentea da eta Estatuko presidentea izateko faboritoa. UMPko alderdikideen hitzetan, boterearekiko bulimia izugarria dauka, ordea. UDFko presidentea François Bayrou du bigarren arerio zuzena. 1993an, UDF eta RPR alderdiek bat egin zuten ezkerrari aitzi egiteko. Iraganean aliatuak izandakoak arerioak dira oraingoan. Sarkozyk Royal nahiago du bigarren itzulira pasatzea.

Ségolène Royal

Ségolène Royalek PSko gizonezko edo baronen sostengua dauka. PSko presidente François Hollande du senar eta bere lau semeen aita. PSren hautagaia da bozen %60,60 erdietsi ondoren. Laurent Fabius (%18,50) lehen ministro eta Dominique Strauss-Kahn ekonomia ministro ohiak (%20,8) gainditu zituen alderdiaren primarietan, bi-biak pisu handiko politikariak. Royalek emakume askoren begirunea dauka, baita gizonezkoena ere. Erakargarria da. Indarra eta hauskortasuna islatzen ditu. Esaterako, bikote gay-en ezkontza gai biziki polemikoa da Frantzian. Royal bikote homosexualen ezkontza juridikoki, sozialki eta kulturalki arautuko dituen proiektua lantzen ari da. Batzuen ustez, ordea, pertsona sinpleegia da politikaria izateko. Beste zenbaitek berriz, pertsona bitxia eta hurbiltzat dute. Alderdiko ildoak batu ditu eta hautagaitzarako arerio izan dituenak sostengua ematen ari zaizkio kanpainan. Alderdiaren barne sareak ehuntzen trebea da, antza.

François Bayrou

François Bayrou UDFko presidentea da. Bearnesa. Pirinio Atlantiarreko presidente eta Frantziako Hezkuntza ministro izana 1993tik 1997ra bitartean. Ipar Euskal Herrian ezaguna da oso, Seaska ikastoletan aritutakoen artean bereziki, eta euskaltzaleen eta abertzaleen artean oro har. UDF, UMP alderditik aldentzea izan da bere lorpena. PSko Dominique Strauss-Kahnen aldarrikapen politikoekin bat egin du zenbaitetan. Hezkuntza Nazionala erreformatu izanaren “ospea” oroitarazi du han-hemenka. Presidente erreformatzailetzat du bere burua. Sarkozyren politikarekiko zeharo kontrajarria dela dio, ez ordea Royalekiko. Royal baino aurrerazaleagoa dela adierazi du kanpainan eta honen boz asko bilduko ote dituen errezeloa indartzen ari da. Sarkozy eta Royal ez bezala, 2002ko hauteskundeetan ere lehiatu zen presidentziarako. Hedabideek azpimarratu dutenez, Bayrou bere proiektua arerioek baino argiago azaltzen ari da.

Hedabideak, inkestak, programak

Boza emateko hamar egun falta direnean, bozkatzaileen %40k ez du orainokoan boza nori eman erabaki. Kanpaina hasi aurretiko inkesten arabera Sarkozyk bozen %30 bereganatuko luke. Royalek %27, Bayrouk %18, Le Penek %12. Michel Rocard ministro ohiaren ustez, hedabideek kanpaina diktatzen dute. Hedabideek errege-erreginak eraikitzen edo eraisten dituzte. Royal erregina bada, Sarkozy erregea. Nolanahi den ere, lau hautagai nausien ustez, inkestek errealitatea ezkutatzen dute. Sarkozyren gustuz azkarregi ematen dituzte datuak, ez da fio. Royalek eta Bayrouk bozkatzaileen asmoak nahasten dituztela diote eta funtsean Le Penen datuak ezkutatzen dituztela. Le Penek inkestak beti tronpatu direla dio. Inkestak inkesta, Frantzian ere pentsamendu bakarra nagusitu bide da.

Le Pen hautagaia alde batera, hiru errege-erreginen programek ez dute diferentzia nabarmenik: Estatuaren erreforma gauzatzea; VI. Errepublika ekar lezakeena. Kanpoko zorra gutxitzea. Langabezien formazioa sustatzea eta zerbiztu zibikoa indartzea, besteak beste. Diskurtsoetan ez dago alde handirik. Esaterako, hiruetatik inork ez du asteko 35 orduko lanaldia bertan behera uztea proposatu, baina bakar batek ez du ere aldeko kanpaina egiten. Ñabardurek ezberdintzen dituzte hautagaiak, hitzek alegia. Ipar Euskal Herriaren eta euskararen ezagutzari dagokionez hitz zehatzik ez dute erabiltzen, ordea.

Pentsamendu bakarra, “gurean” ez

Jacques Chiraceren pentsamenduan herri bakarra frantziarra da. Kanpaina hasi den egunean Jose Bove hautagai altermundialistak Euskal Herriaren ezagutza aldarrikatu du Ainize-Monjelosen, ELBk bultzatutako Laborantza Ganbararen aitzinean. Alderdi abertzaleek ez dute hautagai zehatz bat sostengatu publikoki. Batasunak abstentzioa aldarrikatu du. “Gurean” pentsatzeko eta aritzeko moldea ez da bakarra.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude