argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Beltzaran jartzeko genea
  • Harvard-eko (AEB) Medikuntza Eskolako zientzialariek ulertu dute zergatik beltzarantzen den azala eguzkia hartzearen ondorioz; ikerketa berak azaltzen du zergatik hartzen duten pertsona batzuek beste batzuek baino errazago kolorea, edo zein den eguzki-izpiek sorrarazten duten ongizate sentsazioaren arrazoia.

    Gakoa p53 izeneko genean omen dago. Gene hori aspaldiko ezaguna da minbizia ikertzen dutenentzat. Kalte genetikoak jasaten dituzten zeluletan –tabakoak eragiten dituenak, esate baterako– gene hori aktibatu egiten da, eta bere zereginetako bat giza gorputza tumoreetatik babestea da.
Jabier Agirre 2007ko apirilaren 22a
Azalaren kasuan, ordea, ikertzaileek ikusi eta ikasi dutena da: eguzkiaren izpi ultramoreek ere aktibatu egiten dutela p53 genea, eta honek hainbat proteinaren produkzioa bizkortzen duela, esaterako, azaleko zelulatan. Hormonak geruza sakonetara migratzen du, horietan melanozito-estimulatzailearen (MSHaren) eta melanozitoen mintzaren arteko akoplamendua sortzean, melanozitoak melanina produzitzen hasten dira, azala beltzaranduz ultramoreen erasotik babesteko.

Eguzkiak p53 genea aktibatzen duenean larruazalean gorputzak modu naturalean jariatzen duen beta-endorfina substantziaren produkzioa ere bizkortu egiten da. Substantzia horrek azalduko luke zergatik sortzen duen eguzkiak pertsona batzuengan ongizate sentsazioa; argiaren eta berotasunaren eragin hutsa baino areago dena.

Azal guztiek ez dute berdin erreakzionatzen eguzkiaren aurrean: batzuk erraz beltzaranzten dira; beste batzuk apenas hartzen duten kolorerik. Aldea ez dago p53 genean, –honek pertsona osasuntsu guztietan funtzionatzen baitu–, melanozitoetan baizik. Ikerketan ikusi denez, ilegorriek, adibidez, MSH hormonaren hartzaileen eskasia dute euren melanozitoetan, horregatik ez dira gai melanina aski sortzeko eta horregatik ez zaie azala beltzaranduko, gainerakoei bezala.