«Punk-rocka musika freskoa eta erraza da, eta horren barruan badago zirkuitu eta giro berezi bat»
Aurretik bestelako taldeetan ibiliak zarete. Zer dauka punk-rockak beste estiloek ez dutena?
Nahiz eta beste musika talde eta estilotan aritu, beti izan dugu rocka, soula, bluesa eta psikodelia oinarri. Los Clavos, La Perrera, La Secta eta halakoen zuzenekoekin asko disfrutatu dugu. Musika freskoa da, erraza. Eta horren barruan badago zirkuitu berezi bat, kamaraderia...
“Neskek negar egiten dute joango naizela uste dutenean”. Negarrez uzten dituzue gaztetxeetako neskak? Punk-rocka oraindik mutilen esparrua da?
Negar egitea sanoa da, baina saiatzen gara barre egiten eta hitz absurduak egiten, probokatzeko. Txupa beltz eta patilladunak dira gure ikusleak.
Crime taldearen estiloa eta ostia txarra alboratu, eta gitarrak eta kantuak landuagoak daude...
Jose Lastrarekin errepikatu dugu; teknikaria, ekoizlea eta lagun ona da. Berak badaki zer egin eta zer lor dezakegun. Emaitza landuagoa lortu dugu.
Kike Turmixi eskaini diozue diskoa. Asko zor diozue?
Aspalditik ezagutzen genuen, Pleasure Fuckers miresten genuelako, eta gure maketa mugitu zuen Madrilen. Ume handi bat zen, beste gauza askotan kabroi bat, baina talde bat gustuko bazuen asko promozionatzen zuen. Radio 3-n gure musika jarri eta jende asko aurkeztu zigun. Kikek sen berezia zuen taldeak deskubritzeko.
“Egin garrasi, neu izango naiz zure eztarriko ezti”. Ganberroak, rockeroak, parranderoak eta poetak zarete?
Poetak baino lehen, hamar mila gauza... inspirazio une bat izango zen. Jende jatorra garenaren ospea daukagu, batez ere pixka bat artaburuak garelako.
Hitzetan neskak, neskak, meteoritoa eta neskak... Rock-and-rollaren hastapenetako gaiak?
Hitzei ez diegu jaramon handirik egiten. Lan egunak aldrebesak izaten dira, dibertitzeko entseatzen dugu eta ez gaude gai sozialetan sakontzeko gogo handiarekin. Letra errazak dira, neskak, autoak, garagardoak...