Victoria Eugenia

  • Gipuzkoako populazioa izugarri zahartzen ari dela irakurri berri dut. Orain ulertzen dut zergatik Victoria Eugenia eraikitzen, duela ehun urte inguru, hogeitalau hilabete pasa zituzten eta berritzen sei urte luze joan diren. Victoria Eugeniako oholtzak ez zuen arrotz bertsolaritza. Omenaldi mordoska egin genuen zaharrean. Berria estreinatzea ere egokitu zitzaigun, baina ez pasadizorik gabe. Haizete eguna zen Donostian; antzokiaren atzealdeko kristal bat txikitu zuen erauntsiak; abesbatzaren ahotsa bezain ozen entzuten zen barruan haizearena... Irten nintzen bertso bat botatzera. Jarri zidaten niretzakoxe argi-foko bat sabaitik beherakoa, ia-ia zerutiarra, kopeta lehen baino zuriago eta burua lehen bezain gorri bistarazten zizkidana. Hasi nintzen, hasi. Eta bertsoa bukatzear neukala, sabaitik eroritako harri-koxkor batek kopetan jo ninduen, kanka! eta bigarren punpa oinetan egin zidan. Jendeak barre egin zuen. Barre egin nion nik ere nire buruari. Estreinaldia ez ote zuten oso presaka egin bururatu zitzaidan. Maiatzetik hurbilegi gaude gauza onerako. Eta ez naiz astoengatik ari. Tira, astoengatik ere ari nintzen, bai.
Andoni Egaña
Dani Blanco
Zuritik beltzera


Askotan hobetsi izan dut gure aurpegi artisaua, artistarena potoloegi geratzen baita gure larrurako. Baina guk ere izango dugu zerbait artistatik. Buruak krak egiten digu zenbaitetan. Ez dakit hain nabarmen sekula sentitu izan nuen. Eibarren dena etorri egiten zitzaidan bazkalondoan. Igorren, iluntzean, ekartzen saiatuta ere lanak izan nituen. Zortzietan amaitu genuen Eibarren eta bederatziak eta hamarrerako oholtzan ginen Igorren. Hirurogeita hamar minutuan egin genezake zuritik beltzera. Eta edanak ez du zerikusirik; mozkorraldiak segur aski, bai. Gauza bakarra da sortze unerako etsitzea baino kaltegarriagoa: askiestea. “Ez etsi eta ez askietsi” izan behar luke, edozertan dela ere, plazaz plaza dabilenaren goiburu.

Ardo ona


Denboraren poderioz hobera egiten duena omen da. Ez dakit hala den sormen kontuetan. Teorian, adinak laguntza behar luke sormenerako traba baino gehiago. Eskarmentuak lagundu egin behar luke; memoriak oinarri sendoagoak lituzke irudimena nahi bezala moldatzeko; egindako bideak bideska berriak aurkitzera bultzatu behar luke sortzailea... Ingurura begiratuta ordea, idazleengan adibidez, ez dut horrelakorik sumatzen. Mario Vargas Llosak aspaldian idatzi zituen bere lanik handienak. Gauza beretsua Gabriel García Márquezek. Gure arlora etorrita, ez dakit bertsolaria adinarekin hobetu egiten den. Nekez segur aski. Joxe Agirreren kasua hor daukagu ordea. Larogei urte ez ditu urruti. Pare bat eskas. Errepublika egunekoa da, Jon Sarasua bezala, Eibarren. Eta badirudi urteek ez diotela meilarik egiten. “Zer moduz Oranda?” galdetzen didaten bakoitzean, azken aldian behintzat, erantzun bera ematen dut: “Oranda? Oholtzara igotzen gaizki. Goian fenomeno”.

Kontraesanak


Asko entzuten dugu bertsolariok, beti geu aritzen garela ematen du baina. Kontraesan handiekin egiten dugu topo. Herri honetan ez da harritzekoa bestalde. Hitzaldi pare bat eman nuen Arrasateko Udal Euskaltegian. Entzuleen artean ziren euskara ikasten hasi berri zirenak ere. Bertakoak, kubatarren bat, kataluniarrak, errumaniar itxurako bat. Bertokoak, alegia, Arrasaten. Irakasleen iritzia zen, ordu pare batean sufritu arren, on egingo ziela berbaldi luze samarrak, belarriak ohitzeko baino ez bazen ere. Txintxo egon ziren oso eta parte ere hartu zuten, bakoitzak bere ahalmenaren neurrian. Handik egun gutxira ikastola batean egin genuen bertso-afaria. Giroa ezin hobea zen. Ikasle eta ikasle-ohi mordoska genituen afari-kide. Denek zekiten euskaraz, ez baitziren alferrik urteetan ikastolan ibiliak. Guri denek euskaraz egiten ziguten. Belarria luzatzea aski zen ordea, euren artean ze joera zuten sumatzeko.

Bertsoa urruti


Familiarteko bazkari batetik heldu berria zarela esatearekin beti galdera beretsua egingo dizu jendeak: “Eta familian botatzen al duzu bertsorik?”. Ezezkoarekin azaleratzen zaie harridura. Ez dakit zergatik. Buruak ere behar izaten du atsedena; bihotzak ez du zertan jendaurreko kilimarik sentitu beti; isilik ere ongi egoten da.

Erantzungailu automatikoa


Gipuzkoako Bertso Eskolen eguna burutu zuten Oñatin eta partaide izateko zortea izan genuen. Ehunka ume eta gazte bildu ziren, urtean zehar bertso-eskolatan parte hartzen dutenak. Ez zen batere publiko samurra bazkalondoko saiorako. Amaia Agirre eta biok eginahalak egin genituen eta ez dakit osorik irten ginen. Magoarena izan zen esanguratsua. Txan mago ona da. Eta euskalduna. Aurrez aurre zeuzkanak ordea barrabas-belarrak ziren. Erantzuten ohituak. Isilik ez geratzen trebatuak. Begiak zoli eta mihia zalu. “Zapirik ez daukat orain!” esan magoak eta ume berbontziren batek “Bai! Bai! Ezkerreko eskuan gorde duzu!” erantzungo zion ozen. Hamar-hamabi urteko haurra baino gauza fidagaitzagorik ez da. Bertso-eskolan dabilena bada gainera, ia bere amarentzat hobea jartzen da inorentzat baino. Eskolatik kritikotasunean hezi behar ditugula ari garelarik, Oñatin zeukaten pedagogoek adibide bat egokia.

Batzar Nagusia


Bertsozale Elkartearena. Martxoaren azken egunez, Igorren. Batzarra burutu aurretik ari naiz lerro hauek idazten. Ez dakit aurten zer gertatuko den. Hogei urte atzera egin dit oroiminak. Ez genekien ia ezer auto-antolakuntzaz. Baina maite genuena, bertsolaritza, geuk nahi genuen gobernatu. Hots, geuk nahi genion jaten eman. Eman genion eta hazi egin zen. Orain atrofia eta hipertrofiaren arteko gorputz-orekaren ariketa zail horri helduta ari gara lanean. Badut konfidantza gerorako ere zerbait asmatuko dugunarena. Gainera aurten, behar bezala agurtu behar dugu Koldo, sindikalgintzan zaildutako “gure patroi handia”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude