Dani Blanco
Errealitatea gordina da: 602 preso 79 espetxetan. 16 Euskal Herrian. 39 bakartuta. 145 gaixo, 12 larri. Gaixoei bezala, kondizionalean beharko luketen beste 148ri askatasuna ukatuta. Komunikazioak murriztuak. 175 traslado 2006an, bakarra Euskal Herrira, Iruñera. 21 istripu 45 senide zaurituz. AGren doktrinarekin biziarteko zigorpean 20 preso, onartutako onura penitentziarioak pena osoari baino pena bakoitzari aplikatuta, lerro judizial bortxatu bati bide emanez. 22 gazte espetxeratu eta barreiatu dituzte kolpe eta mehatxu artean espainiar geografia osoan zehar. 18/98 auziko eskaera fiskalak antzeko egoera errepika lezake. Espetxeak –eta baldintza hauetan– presoz bete nahi ote dituzte?
PP-PSOE bikoteak aurreko legealdian adostu neurriei segida eman eta bururaino praktikan jartzen ari dira, egitasmo zaharrei hauspo berria emanez. Ez dirudi erabaki isolatuak direnik, antza gehiago du irekita nahi den prozesu politikoaren baitan eta norabide politiko batean, espetxe politikaren kudeaketa zorrotzarena: estu lotzen gauzak, inoiz askatzen hasi beharko balukete soka luzeago izan eta abantaila politikoak eskuratzeko. Presoen erabilpen politikoa, inoiz baino argiago ageri zaigu.
Espetxe politika gatazka konpontzeko gako nagusiak desitxuratu eta prozesua desbideratzeko balia lezakete. Errepresioarekin bezala han eta hemen. Nola uler daiteke bestela amnistia eta autodeterminazioaren aldeko mobilizazio jendetsuan PNVk zipaioen bidez probokatu zuen sarraskia? Garzonek ez zuen agindu jendetzari borrazoka eta tiroka oldartzea.
Espetxe politika honek gatazka elikatzen du, eskubideak errespetatzeak aldiz kontrakoa. Eskema errepresibotik atera beharra dute, eskema demokratikoetara egokituz, prozesu politikoak euskal presoak behar dituelako eta Euskal Herriak ere bai, gehiago atzeratu gabe, libre.