Lehen aldia zen abstenta komertzializatzen zutela. Baina askoz lehenago Artemisia absinthiumen erabilera zabalduta zegoen. Papiro egiptiar batean aipatzen dira belarraren bertuteak, eta Hipocrates eta Galenok ere goraipatu zituzten osasunari dakarzkion onurak.
Pernodek merkaturatu eta urte gutxira absenta bohemiaren sinbolo bihurtu zen. XIX. mende amaierako Parisko abangoardia artistikoaren edari kuttuna zen; Degasek bere koadroetan pintatu zuen eta Toulouse-Lautrec-ek cognac-arekin nahastu zuen “Lurrikara” asmatzeko. Fée verte esaten zioten, maitagarri berdea, maitagarriek bezala sendatu eta, gainera, inspirazioa erakartzen zuelako. Eta soldaduei adorea ematen zien, infekzioak sendatzeaz gain; horregatik zabaldu zen hain azkar absentaren kontsumoa Frantziako armadan. Aljeriako gerran (1844-1847) eta Prusiaren aurkakoan (1870-1871) soldaduei absenta edatea gomendatzen zieten, eta gatazka amaituta, etxera itzuli eta likore berdea edaten jarraitu zuten.
I. Mundu Gerran, ordea, absenta debekatu egin zuten, soldaduak koldartzen omen zituen eta hari egotzi zizkioten Frantziako ejertzitoaren hainbat porrot. Absenta aberriaren aurkakoa zen. Lehen zaurituak sendatzen zituen edabe horrek, soldaduak pozoitzen zituen orain.
Egia da asentsio-belarrak, dosi handietan hartuta, haluzinazioak sortzen dituela eta garunean kalteak eragin ditzakeela. Eta egia da, halaber, fin de siècleko artista asko osasun egoera tamalgarrian hil zirela. Baina kontuan hartu behar da beste edari alkoholiko eta substantzia –haxixa, laudanoa, opioa...– batzuk ere kontsumitzen zituztela, eta sifilia eta beste gaixotasun batzuk ohikoak zirela euren artean. Absenta ez zuten debekatu osasunarentzako mehatxua zelako, batzuen negozioa arriskuan jartzen zuelako baizik. 1910ean Frantzian 36 milioi litro absenta edan zituzten. Ardogileek, konpetentziaren beldur, maitagarri berdea deabru bihurtu zuten.