Mikel Saiz
Beti geratuko zaie Nafarroa. Bernardo Atxagari elkarrizketa egin diot. Gauza asko esan dizkit. Baina gehien errepikatu duena izan da nekatuta dagoela. Euskalduna izatea nekagarri zaiola. Eta idazle euskalduna izatea, are nekagarriagoa. Nolanahi ere, jarraian Nafarroara etortzeak berpizten duela gaineratu du. Biziberritu egiten duela non eta Iruñean norbaitek euskaraz elkarrizketa egiteak. Inoiz baino nekatuago sentitu naiz kazetari euskalduna izateaz. Kazetari euskaldun nafarra izateaz. Sikiera berpizteko Nafarroara joaterik edukiko banu… Baina ezin dut: Nafarroan nago.
Munduko herritarrak. Ruper Ordorika handia entzun dut Barañaingo Auditoriumean, Euskalerria Irratiaren eskutik kantuan. Abestietako batean Atxagaren bidetik jo du: “Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den, hobe nuela hautatzea munduko hiritar izatea”. Munduko herritarrak... Askoz jota berrehun lagun hurbildu gara Auditoriumera, eta haietatik 199 euskaldunak gara. Munduko herritar sentitzen diren iruindar erdaldun askori Ruper nor den galdetuko bagenio, ile-apaintzaile friki samarra dela erantzunen liguke. Behin Zaragozatik etorritako lagun batekin edukitako solasaldiaz oroitu naiz. Hark: “Ez dakit zergatik tematzen zareten euskaldun izate horrekin. Ni munduko herritarra naiz”. Eta gure koadrilako mihigaizto samar batek: “Ni ere munduko herritarra naiz, munduko herritar euskalduna”.
Post scriptum. Anjel Lertxundi maisua haren blogean post scriptumak idazten hasi zenetik, neuri ere halakoren bat idazteko gogo ikaragarria piztu zitzaidan. Azkenik, heldu zait horretarako aukera egokia.
- Bat: Iruñeko Karrikiri elkarte euskaltzaleko lagunek haien hilabetekarirako testua idazteko eskatu zidaten, niretzako euskalduna izatea zer den azalduz. Gaizkiulertu informatiko baten ondorioz, testua ez zen osorik argitaratu. Lanak osorik ikus dezan argia, zer egokiagoa ARGIA baino.
- Bi: euskaldun izatea niretzako zer den azaltzen hasita, testutxo ezkor samarrak atera zitzaizkidan. Tonua aldatzekotan izan nintzen, bistan baita euskaldun izateak baduela niretzako gauza on asko. Baina azkenean bere horretan uztea erabaki nuen; izan ere, euskaldun izatea ezkortasunarekin, kexarekin, aldarrikapenarekin estuki loturik dago. Eta lotura laxatzen bada, kasu, euskararen etorkizuna kolokan izan daiteke-eta.
- Hiru: aipatu ditudan erreferentziak Atxaga, Lertxundi, Barandiaran eta Ordorika. Zaharkitua eta misoginoa ematen dut. Hona hemen beste jite bateko lau erreferentzia, irudi hori aldatzeko ahalegin desesperatu moduan: Karmele Jaio, Eider Rodriguez, Edurne Elizondo eta The Foralettes.