argia.eus
INPRIMATU
Malen
  • Hainbat lagunek duten ospea, gure inguru honetan, ulertzen zaila egiten zaigu: ez izaera berezirik, ez ohiko jarduera ekarpen originalik, ez emaitza garrantzitsurik. Baina horietako bat jendez betetako areto edo leku batera, zabal eta harro agertzen denean, ezinbestekoa egiten zaizu beregan erreparatzea. Sarrera horrekin batera, berehalako ahopeko zurrumurru horiek –ezagutu dun?– “nabarmendu-beharreko” su horri hauspo emanez. Eta ez naiz ari “arrosa” kolorez tindatu dizkiguten aurpegiez soilik.
     
    Ez da hau Malenen jarrera. Biok oso gazte ginenetik ezagutzen dugu elkar, eta berak ezin izan du inoiz jasan inon nabarmentzerik, ezta kanpotik ñimiñoa zirudien arrazoirik ontzat hartu ere, edonora bildutakoon begirada berezirik sorrarazteko. Hau irakurtzen duzuenek ez duzue jakinen zein den Malen –Arrasateko jendeak salbu–, baina hemen askok ezagutu eta batzuek miresten dugu, horretarako hamaika mila arrazoirik baita, lerro hauek baino askoz gehiago idazteko ere, bere portaeraren inguruan: laurogei eta laurogeita hamarretako urte –ilun?– haietan, arazoren bat zuen emakumeak bazekien zeinengana jo laguntza eske. Hor zen gure Malen, beti prest, arriskurik izan zezakeenik pentsatu gabe ere. Eta hemen darrai oraindik, Goiena inguruko emakumeon bilguneak mantenduz, eutsiz, bultzatuz, besteak beste. Beti nekaezin.
Nekane San Miguel 2007ko apirilaren 08a
Nekane San Miguel
Dani Blanco
Bizitzari aurre egiteko ahalbideak urratzen zailtzen omen gara. Galdetu bestela munduan zehar pertsona izatera ailegatzen ez direla gogorazi, baina etxeko eta inguruko pisua bere gain hartu behar izan duten emakumeei: zutabe, babes, bultzatzaile... asma ezinezko min eta bortxa guztien gainetik aurrera egin behar horrek, noraino eta zer izateraino eraman duen. Eta hamaika miloi emakume moduan, ez zuen, ez, erraz izan gure Malenek: oso ume zela etorri zitzaion bi herioen bisita. Batek ama eraman zion, besteak bere ahalmen fisikoa murriztuz, ageriko gaixotasuna utzi zion. Askok ume hauskorra zelakoan, beldurti eta atzean mantentzen saiatu arren, aurrera, muturreraino egin zuen gure emakume honek, osasunez eta gorputzez ahul baina buruz eta gogoz trinko, Arrasateko emakume guztiontzat erreferentzia bilakatuz. Ez zen erraza izango, ez dut dudarik egiten, ez baitzitzaion doan irten, ezta gutxiagorik ere: lehen aipaturiko urte horietako egunetan, hamaika barre, gutxiespen eta burla jasan zituen gure herri honetako gizon ospetsu eta ahaltsu askoren aldetik –euren emazte eta kide harroputzek “algara bidegabe” horien bigarren ahotsa entonatzen zuten bitartean–. Hala ere, hor zen gure Malen, duintasunak bide aldapatsu eta neke handiz beterikoak dituela jakin, eta emakumeon eskubideen aldarrikapena iparreko izar harturik. Ez ziren ez, Arrasaten emakumeen aldeko hamaika ekimen, txoko eta mugimendu gaur burutuak izango, une gogor horietan bera hor izan ez balitz. Ez ditu pertsona bakarrak halakoak egiten eta eraikitzen, baina baten –edo batzuen– beharra dago, tinko, zuzen, egoskor –eta zergatik ez?, eta seguru, bat baino gehiago asperrarazi duela– egindako bidea estali gabe, berriak zabaldu ahal izateko.
 
Ez da erraz jakiten Dama Negartia –Llorona diote Hego eta Erdialdeko Amerikan– noiz datorren gutariko bakoitzari kantu-dulunka. Etorriko zaigula jakin arren, ez dugu, ez urrutira eta ez gertu ikusi nahi, baina gutariko edozeinengana hurbildu baino lehen, Arrasateko Malenen lagunek zenbateraino dugun maite eta beharrezko jakin dezan nahi dugu, eta martxoko 31ren eguerdian hala adierazi diogu Udalaitz mendi-magalean. Hala gelditu da gure buruetan eta bihotzetan: itxuraz txikia, osasunez hauskorra baina euri eta ekaitz guztiek printzatu ez dutenen aterbe da Malen, emakumeon askatasuna guztion duintasunaren abiapuntu izan duzun lagun sendoa.
 
Irabazleek idazten duten historian ere leku bat beharko zenuke.