Jose Luis Rodriguez Zapateroren borondate maila neurtu nahi da ASBrekin, baina udal eta foru hauteskundeei begira ez dirudi honek halako patata beroari helduko dionik. Eta orain horretarako gaitasunik izan ezik, nola heldu autodeterminazioari eta lurralde eskaerei agintaldian geratzen zaion urtebeteko epean? Bake prozesua kale itsura bide doa zuzen-zuzenean.
Barajaseko atentatuaren ondoren, Zapatero eta Espainiako Gobernuaren jarrera ikusita, zirrikitu ugari zabalik direla irudikatu da, besteak beste, Iñaki De Juana Euskal Herriratuz edota Arnaldo Otegi ez espetxeratzeko fiskaltzatik egindako mugimenduarekin. Baina horiek mugitu arren, arazo politikoaren muinari lurraldetasuna eta erabaki eskubide klabean heltzen ez bazaio jai dago, ENAMen ikuspegiaren arabera. Eta hori hala bada, zein da berriz ager daitekeen eszenatokia? Barajasekoa.
Ezker abertzaleak, bestalde, ez du erabat garbi adierazi zer beharko litzatekeen borroka armatua alboratzeko. Anaitasuneko autonomia proposamena hor dago, baina ez da nahiko Batasunak zer eskatzen duen irudikatzeko. Zer da eskatzen dena, EAE eta Nafarroako erabaki eskubideak aintzat hartzea? Edo proposatzen den Hegoalderako autonomi estatutu hori hemendik urte batzuetara –seitik hamarrera– onartu ahal izateko konpromisoa? Bigarren hipotesi honetan Nafarroa eta PSN dira giltzarri eta ezker abertzalearen ahalegina litzateke sozialista nafarrak 1978ko posiziora eramatea.
Bi hipotesiak dira zailak eta konplexuak, baina bigarren hipotesiak indar handiagoa balu, ez da zaila irudikatzea blokeo egoera gainditzeko dauden zailtasunak. ETAk iragarria dauka su-etenak indarrean jarraitzen duela, baina atentatuak egiteko aukera ere zabalik duela. Azken asteetako mugimenduek kezka barreiatu dute han-hemenka.