Ebakuntza kirurgikoa egiten den bitartean, kamera emakumearen bularra enfokatuz jartzen da, eta bere argi izpiez tumorea bularraren zein zatitan dagoen jakin daiteke zehatz mehatz. Pazientearen ondoan kokatua dagoen monitore batera bidaltzen du kamerak seinalea –ikus irudia–, eta monitore horretan, tumorearen zelulez gain gongoil linfatikoak ere ikus daitezke, eskema moduan marraztuta. Horri eskerrak, kirurgialariek ehun gaiztoa doitasun eta zehaztasun osoz erauzi dezakete, ehun osasuntsua ahalik eta gehien errespetatuz. Erauzketa amaitzean, tumorearen aztarnarik ez dela geratzen egiaztatzen dute medikuek. Egiaztatze hori kirurgia inbaditzailea baino denbora laburragoan egiten da, lesioa ebakuntza bakarrean erauziz eta berme bila egin ohi diren ‘ohiko’ bigarren ebakuntzak sahiestuz.
Orain arte hogei emakumeri egin diete ebakuntza teknika berria erabiliz, eta kasu guztietan emaitza onak eman ditu. Horregatik, kirurgialariak prest daude beste tumore batzuetan ere –larruazaleko, endometrioko edo umetoki-lepoko minbizietan, esaterako– saiatzeko.