KMK

Arte berria ikusgai jartzearen artea

  • Artista gazteek euren lanak erakusteko lanak izaten dituzte. Galerietako ateak jo eta baietza jasotzea ez da erraza izaten ordea. Donostian gune berri bat sortu dute, pertsona hauei lehenengo aukera hori emateko.
     
    “Pase sin llamar”. Horixe irakurri dugu MKM arte guneko atean. Ireki dugu atea eta galeria batean sartu garela iruditu zaigu, baina ez, elkarrizketa hasi baino lehen hori argi utzi nahi izan digute. “Hau ez da galeria, hau arte gunea da”.
     
    Galeria hitzari beldur handia diote artista hasiberriek eta ez dute halakorik eragin nahi. Hain justu, kontrakoa bilatzen dute. Edozeinek paratu dezake bere erakusketa hemen.
     
    MKM 80 metro koadro dira. Espazio horretan sartzen den arte guztia, bi astez erakusgai jarri dezakegu. Gune irekia da, ez dute inolako baldintzarik jartzen.

2007ko apirilaren 08an
Mikel Berezibar KM aretoan
Karlos Corbella
Artistak diren galeristak

Hiru pertsona daude proiektu honen atzean: Mikel Berezibar margolaria, Monica Zarate argazkilari eta abokatua eta Carolina Erdozia, Guggenheim museoko komunikazio arduraduna.
Hiruek ongi ezagutzen dute zer den galeria batera joan eta ezetza jasotzea, baldintza gehiegi bete behar izatea... esperientzia hori bizi eta gero pentsatu zuten proiektu hau sortzea. Merkatuan hutsune bat ikusi zuten eta hori betetzera datoz. Galeristen eta artista hasiberrien arteko zubia izan nahi dute.
Euren ustez, garai batean galeristek egiten zuten lan hori. Talentu berriak bilatzen zituzten eta estudioak bisitatzen zituzten. Egun ordea, zirkulu hori askoz ere itxiagoa dela iruditzen zaie.

Erakusleiho merkea eta egokia

Galeristekin kontaktuak lortzea beraz oso zaila izaten da hasieran. Horregatik, tabernetan eta bereziki prestaturik ez dauden lekuetan ipini behar izaten dituzte askok euren bildumak. “Horri aurre egin nahi diogu”, dio Mikel Berezibar arduradunetako batek, “lana estimatu dadin leku egokia behar du eta. Espazio hau ongi atondua dago eta merkea da, galeriek eskaintzen dituzten prezioekin alderatzen badugu”.
 
Lokalaren alokairua eta gastuak bakarrik kobratzen dituzte. 360 euro guztira. Erakusketak taldeka egitea ere onartzen dute eta hartara, merkeago da partaide bakoitzarentzat bere lana aurkeztea.
Orain bi hilabete ireki zituzten Groseko Errenteria kalean duten lokaleko ateak. Ordutik, astelehenetik ostiralera egunero izan dituzte bisitak. Arratsaldero, goizetan itxita izaten baita.
 
Estreinako ekimena arte azoka txiki bat izan zen. Gabon aurretik egin zuten eta dezente saldu zen. Hainbat artistaren lanak lehenengoz saldu ziren azoka horretan eta erosleak ere oso pozik etxeratu ziren eramandakoa kalitate handikoa zela esanaz.

Ostiralak MKMn

Artea gauza oso serioa dela uste duten arren, serioentzako zerbait bakarrik denik ez dute kontsideratzen. Lagun artean gozatzeko ere badela irizten dute, eta asmo horri erantzun nahirik, ostiraletan halako meriendatxo bat prestatzen dute, giro lasaiagoan erakusketa hauei buruz egileak eta bisitariek hitz egin dezaten.
 
Diziplina guztiei egingo diete leku. Gainera, berandu baino lehen konferentziak prestatzen ere hasi nahi dute. Hori bai, MKMra datozen artista horiei guztiei, ez diete promesa faltsurik egin nahi. “Ohikoa izaten da salmentak izango dituela segurtatzea, baina gero ez da espero dena betetzen. Horregatik, guk gauzak argi uzten dizkiegu. Gero saltzen badute, bada askoz ere hobe” dio Berezibarrek.

Opportunity Gallery

Mikel Berezibarrek espero du egunen batean itxaron zerrenda gehiago ezin luzatuagatik, beste lokal handiago batera joan behar izatea. Bere hitzetan benetan oso seinale ona izango delako. Eta hasi direnetik seinale onak besterik ez omen dituzte izan. Hasieratik, eta hasi aurretik ere. MKMren esperientzia pilotua orain bi urte egin zuten. 2004an izan zen, Manifesta 5 Donostian egin zenean.
 
Opportunity Gallery deitu zioten eta Manifestan parte hartzeko aukeratu ez zituzten artistei eman zieten aukera. Lagun batzuen lokala atondu zuten orduan eta oso txukun moldatu zirela oroitzen dute. Ideia oso txalotua izan zen.

Artearen merkaturako zubia

Azkenik lortu dute euren asmoa martxan jartzea. Bertan bere lana aurkezteko aukera izan zuen lehena Nicolás Alba Madrileko eskultorea izan zen. Cruzando puentes zuen izenburu bere bildumak eta 11 piezaz osatua zegoen. Guztiak zubiak ziren. Egileak modu horretara MKMren filosofia ere islatzen zela adierazi zuen.
 
MKMko arduradunek uste dute Euskal Herrian harrobi sendoa badela, baina aukera gutxi ematen zaizkiola. Adibide gisa jarri digute, beste leku askotan baino beka gehiago eskaintzen direla arte bildumak osatzeko, baina gero ez dela lan horiek erakusteko modurik.
 
Harrobi hori indartzea da euren aspirazioa eta bertaratzeko deia luzatzen diote helburu hori lortzeko bere apurra jarri nahi duen orori. Sikiera ostiral batean pintxoa eta ardotxoa hartzera gonbidatuta zaude. Ez galdu aukera!

Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude