A ereduko malabaristak

  • Ikastetxe galanta da Casa Nostra-Gure Etxea San Adrianen (Nafarroa). Egoitza ez ezik, hainbat metro koadroko parkea du. Herriaren bihotz eta birika omen. Leku zoragarria garai bateko ikastetxea biziberritzeko. Orain hamalau langile eta 70 ikasle dira. Borroka horretan da Jose Mari Rekarte euskaltzalea.
     
    “San Adriana etorri behar duk! Hango berri kontatu behar diok irakurleari! Laguntza ere behar diagu. Hartuko al diguk laguntza bonuren bat? 120 euro urtean”. Jose Mari Rekartek ez du atertzen. Entusiasmoa ere ez du auzoan. Ezinak ere aldean, sarri askotan. Euskara du lanaren ardatz. “Euskararik gabe kito gara euskaldunak!”. Gogo horixe buruan hartu eta dabil munduan. Arabar Errioxako ikastolak sortzen hamaika lan egin zuen garai batean, eta San Adrianen da gaur egun, bestelako proiektu bat duelarik eskuartean: Casa Nostra-Gure Etxea du izena. 2000. urtean hasi zen abentura…
Nostra-Gure Etxea ikastetxeko ikasleak
A ereduko eskolan euskara, gaztelania eta ingelesa proportzio berean irakasten dituzte.Zaldi Ero
Garai bateko ikastetxea abiapuntu

San Adrianen bertan hitzordua egin eta ikastetxean elkartu gara. Zain dugu Jose Mari Rekarte, zuzendaritza bulegoan. Jarri gara eta hizketan hasi da, kontari. “Bi lagun ginen, Nafarroa aldera etorri ginenak. Zerbaiten bila ari ginen, jakina. Kezka genuen. Euskararena. Ez genekien zer eta nola, baina euskararen alde zer edo zer egin nahi genuen Nafarroan. San Adriana etorri eta ikastetxe hau ikusi genuen, eta zenbait emakumezko, beren umeak hona zekartzatela. Hamar bat ume, hamabost gehienez. Gauza handirik ez. Txirrina jo eta andereño bat azaldu zitzaigun: Manuela Esparza. Erlijiosoa. Parroki Langileen Institutu Sekularrekoa. Ez dira mojak, sekularrak baizik. Banyolesko (Girona) Magdalena Aulina izan zen institutuaren fundatzailea. Guk ez genuen itzulingururik ibili. Zuzen adierazi genion asmoa: ikastetxea indarberritzea”.
 
Garai batean, 50eko hamarkadan, hamalau urte bitarteko neska-mutilak izan ziren ikastetxean. Eskola publikoak bezerorik gutxi zuen sasoiko kontuak. Orduan ikastetxe hauxe zen herriko eskolarik handiena: bokazio asko zituzten, jende asko, eta indarra, “guk atzera abiarazi nahi genuela esan genion, baina poliki-poliki, gauzak ondo eginez. Haiek, pentsatuko zutela. Telefonoak bata besteari eman eta hitz egitekotan geratu ginen. 2000ko martxoan izango zen hori. Eta hitz egin genuen. Eta aztertu genituen aukerak. Adibidez, herriak aukera handiak zituela ikusi genuen. Industrialde indartsua du, eta diru asko. ‘Kostako zaigu, baina ikastetxe on bat egingo dugu, kalitatezkoa’, esan genion geure buruari”. Calahorrara ere joan ziren, San Adriandik zazpi kilometrora baitago. Errioxakoa, hogei mila laguneko herria da, ikastetxe pribatuak ere badituena. San Adriango zenbait jendek seme-alabak Calahorrara bidaltzen zituela ikusirik, horrek are aukera handiagoak ematen zizkion Rekarteren proiektuari. “Eragozpen bat genuen: euskara eskaintzen genuen, eta hori askok ez zuen begi onez ikusten”.

Euskara, erdi ezkutuan

Rekarteren aldetiko arrangurarik handiena, berriz, horixe izan: hizkuntza! Gure hizkuntzaren alde Nafarroan jardun nahia zuen hark helburu. “Institutu sekularrekoei ere horixe esan genien, alegia, euskara eta gaztelania nahi genituela ikastetxean. Haiek, berriz, horrela ez genuela hemen ezer lortuko. Guk, herriko eskola publikoan bezala jardungo genuela, non euskara hautazkoa den. Gozo-gozo jardungo genuela”. Martxoan hitz egin, eta irailean martxan zen ikastetxea. 0 eta 3 urte bitarteko haurrak hartu zituzten, geroko asmoak gogoan: 6 urte bitartekoak ere bertan hartzea. Hizkuntza planteamenduak zekarkien koska modu sui generis batean leundu zuten. “Euskara eta gaztelania ez ezik, ingelesa ere erakutsiko genuela zabaldu genuen. Alegia, ikastetxe eleaniztuna izango zela, gurasoek euskara txartzat har ez zezaten. Eta, esan dudanez, euskara hautazkoa izango zela, eskola publikoan bezala”. Horrela saldu zieten ikastetxe berriaren asmoa herriko gurasoei. Ikastetxea abian da harrezkero.
 
Gaur egun, Gure Etxea A ereduko ikastetxea da Nafarroako Hezkuntza departamenduaren arabera. Horixe bera lortzea ez da gauerdiko eztula. “Ikastetxera datozen guraso guztiek agiri bat sinatu behar digute Hezkuntza departamenduaren aginduz, beren haurrei euskaraz ikasteko baimena ematen dietela esanez. Ingelesa ikasteko, aldiz, ez da horrelako betebeharrik. Are gehiago, A ereduan, ingelesaren irakaskuntzak euskararenak baino ordu gehiago ditu”. Eredua gainditzeko bestelako itzulinguru bat asmatu behar izan zuten Gure Etxean bertako zuzendaritzak eta guraso elkarteak. “Ikastetxea zuzentzen duen Arreso elkarteak eta guraso elkarteak dugun akordio pribatuaren arabera, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz irakasten dugu, heren banako proportzioan. Gure helburua da haurrak 12 urte betetzen dituenerako, hiru hizkuntzak jakitea. EAEn ikusi dugunez, euskara eta ingelesa indartu behar dira, ez gaztelania, baina… poliki-poliki”.

Abiatzea

Poliki-poliki hasi eta 2002an, sei urte bitarteko haurrak zituzten Gure Etxean. Haur Hezkuntzako ikastetxea zen. Eraberritze eta egokitze lanak egin eta legeztatzeari ekin zioten. Bai legeztatu ere. Ondoren, itun bila hasi ziren, pausoak ematen. “Dirua behar genuen, jakina, eta kontzertazioa eskatu genuen. Baina ukatu egin ziguten. Nafarroako Gobernuak, ukatu egin digu beti.
Aurre-matrikulazio kanpaina ere abiatu dute eta, okerrik ezean, errealitate izango da Lehen Hezkuntza Gure Etxean datorren irailean bertan.
 
Eskolan bost urteko hamasei ume dituzte eta bertan iraun dezaten ari dira saiatzen. Gurasoak konbentzitzen saiatzen alegia. Gelak eraberritzeko eta egokitzeko proiektua ere egina dute, 360.000 euroko aurrekontuduna, eta laguntza bila ari dira Hezkuntza departamenduan ere. Kontzertazioa behar dute, batetik, eta haurrentzako eskola-libreta, bestetik. “Dirua lortu ezik ez dugu iraungo. Diru zuloa egiten ari gara hilero. Kontzertazioa lortuz gero, aurrera egingo genuke batere eragozpenik gabe. Legeztatuta gaude, eta kontzertazioa dugu orain helburu”. Nafarroako Gobernua kontra, herriko alderdi politikoak alde ez. “Aurreko legegintzaldian UPN egon zen alkatetzan. Bada, gure kontra. Orain PSN dago, eta berdin: gure kontra. Esaten digute gure ikastetxea, eta bere baitako lorategi handia, herriaren bihotzean dagoela. Birika dela, eta herriarentzat irekita egon behar duela, ez dela ikastetxea egiteko lekua. Herriko telebistan ere jardun zuten gai horretaz, eta egurra eman ziguten. Herrian laguntzarik ez, bestela saiatu behar dugu. Handik eta hemendik, gurasoen kuotak, eta bonuak. Erosi al duzu batere?”.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude