argia.eus
INPRIMATU
Jump!
  • Euskaldunak oro, Angel, berriak gara, berriak izatea erabakitzen dugun unetik. (Euskaldun) zahartzeak ezer onik ez dakarrela entzun dut ardura Zuberoako eta barnealdeko haran hertsietarik nenbilen garaietan. Egia erran, ez dut gaur idazteko gogo handirik eta txantxa poetiko soinuarekiko Ttakun [h] errenka bat ekarriko dut orrialdeotara, Inaziok laster abiatuko eta bukatuko den KORRIKA 15ean bezala, Josiri lekukoaren makila pasatzen diola. Mozkor nahi nuke nik ere, mozkor udaberriz, mozkor musikaz, mozkor bake lehiaz, mozkor gure hizkuntzako ele eztiz, ez burua apalik eta murruak arrasatuz etxeratzeko, baina harro bezain jabal. Euskaldun berria horrela irudikatzen baitut, alabaina.
     
    Oporretan nago azkenean eta bakantzetan naizen lehen egun guztietan, Madonnaren Confessions On A Dance Floor behatzen dut, buklean. Gustatzen zait Madonnaren ibilbide artistikoa, Mirwaisekin kolaboratzen duenez geroztik gauak alegeratzen dizkigula, nota bakoitza izar iheslari bihurraraziz. Datozen asteetan Mexiko DFen aurkituko naiz, arto irinez kozinatu taloak eta matahameak milikatzen, tekila hurrupatzen eta Tijuana In Blue talde nafarrak belarrian ohiko txertatu zizkigun melodia mejikanak gozatzen. Agian Madonnaren ahaide bat edo beste hautemanen dut aireportuetan eta orduan, ondorioz, munduan arrotz ezagun sentituko naiz. Maite dut arrotz izatea, ene herriaren muinean berean.
Itxaro Borda 2007ko martxoaren 01
Itxaro Borda
Gaizka Iroz
Octavio Paz-en Bakartasunaren Labirintoaren ildoetarik ibiliko naiz, euskaldunak eta lurraren gaineko gainerako primitiae populuak zerk egiten gaituen hain zahar neurekiko aztertzen. Gure erreakzioen biolentziak gaitu ote amiltzen ala elkarren artean jada harremanik ez edukitzeak, hots xinaurri berdeek amets dagiten herrialdeetako aborigenoek, indar itsuaz mutuaraziriko maia eta azteken arra-haurrek eta dibortziatzear den siriar poeta emakume adiskideak eta guk, derrigor biziaraztekoa den lotura isil eta sekretu bat badugula ez ohartzeak? Nork josi diezaguke urratu diguten oihala, ez baldin bada arrakasta planetarioa duen Madonna gureak? Jump dio Louise Veronika Ciccione andereak, jump errepikatzen du Britney Spears gaizoaren ezpainetan, benetako lesbianak bailiran, musu glamourosa pausatuz!
 
Gurea, han edo hemen, Forbidden Love bat baita.
 
Primaderako goiz hau zilar-gris altxatzen da. Eder da, neguaren bihotzetik bizirik jalgitzen garelako sentsazioa. Gristasun iluminatuak Berlineko Oberbaumbruckera naroa eta larrazkenean laino bustitan sutzen den Irati kaskora. Urruntasunik ez da antzematen orduan, urratsa urratsaren kidegoa baino. Urruti eta gerora pentsatzea ilusio optiko bat dela, oraina bete-betean harrapatzea amesten dut. Baina gu, populu zaharrak, geroan irudikatzen gara, iragana eternitate haztuz eta oraina sakrifikatuz. Zer huts egin dugun galdezka gabiltza, noiz desbideratu garen, zergatik modernitatearen sareetarik baztertu gaituzten, nola onartu dugun hain erraz behe-mailako jendailetan sailkatuak izatea, hizkuntzak eta larruak beltzegiak genituela haien aitzaki zitala barneratuz?
 
Keep on pushing me xuxurlatzen digu Madonnak. Mendeetako depresio kulturalaren atzaparretarik askatu beharko genuke, ez bakarrik etsai eta maketoenetarik. Ez da etnopsikologo egokirik horretarako. Eta gure baitan dauzkagun piztiak eta andere zuriak baketzeko modua Madonnaren abesti umil eta efikaz bat entzutea dela uste dut, dantza, dantza dezagun Aizkorriraino, gaua argi-izpi lehertzeraino, artizarra zeruan agertzeraino eta Let it will be.