Teknika berri samarra den arren, hamarretik bederatzitan arrakastatsua izan ohi da, eta horri esker gaixotasun periodontalak (piorrea) erasanda, edo ohitura higieniko eskasen nahiz traumatismoen erruz hortzak berreskuratu ahal izaten ditu pazienteak. Inplanteei esker, pazienteak berriro ere murtxikatu ahal izango du, eta estetikaren nahiz bizi-kalitatearen aldetik begiratuta aurrerapauso handia egingo du.
Inplanteen teknika asko hobetu da azken urteotan. Ahoko eta Aurpegi Masailezurretako Kirurgiako Espainiako Elkartearen presidentea den Jose Ignacio Salmerón doktorearen hitzetan, "berrogei urteko garapenaren ondotik, titaniozko inplanteen munduan nabarmen hobetu dira jartzeko teknika, inplanteen azalerak –orain landuagoak eta zimurragoak dira, hobeto finkatzeko–, eta orbantzeko denbora laburtu egin da". Hortzetako inplanteak mota askotakoak izan daitezke; honatx erabilienak: hortzaren ordezko artifizialak –gero hortzordeak jartzeko oinarri sendoa ematen dutenak–, hezur barnekoak (endostialak) masailezurrean txertatzen direnak, edota subperiostialak, dagoen hezurrean zuzenean txertatzen direnak.