Desertua Ondarroako itsasertzean

  • Euskal Herriko zenbait herritan alarma piztu da. Dendariak oso arduratuta azaldu dira, saltoki handiak edo hipermerkatuak egiteko dauden proiektuak ezagututa. Eusko Jaurlaritzak egindako Saltoki Handien Legearen Berrikuspenak hautsak harrotu ditu gainera. Noraino luza daiteke hipermerkatu baten itzala? Hori jakiteko hipermerkatua eraikiko duten herri batera jo dugu, Ondarroara (Bizkaia), eta bertan garbi esan digute: “Merkataritzarik gabe, bizitzarik gabeko herria izango da”. Desertua itsasertzean, alegia.
     
    Ondarroara autoz iristeko bi bide hartu daitezke: bata Markinatik barrena, bestea Itziarren errepidea hartu eta itsasertzeko aparra dastatuz Deba eta Mutriku gurutzatzen dituena. Guk azkeneko hau hartu dugu. Eguraldi zakarra dago, nola dator euri erasoa, hala ateratzen da eguzki printza. Hainbat kilometro amaigabeetan bolanteari eragiten jardun eta gero azaldu zaigu Ondarroa, kresalak miazkatua.
Emakume bat erosketekin Ondarroako kalea batean
Urko Apaolaza
Itsas bazterrean ezkutatzen den herri honetan merkataritza bizirik dago oraindik, edozein astegun buru-zuriren edozein ordutan, eta edozein kaletan dagoen giroa ikustea besterik ez da behar horretaz jabetzeko. Baina merkatariak arduratuta dabiltza azkenaldian. Herritik kilometro eskasera dagoen Errenteria auzoan establezimendu bat zabaltzeko lurrak erosi zituen Eroski hipermerkatu-kateak eta inguru horretan kokatzeko Jaurlaritzaren baimena ere badu. Enpresa honetako arduradunek adierazi dutenez saltoki “txikia eta eskualdekoa” izango da bertakoa. Proiektua aurkeztu bai, baina horren inguruan hartuko diren erabakien zain daude orain, Eroskitik jakinarazi dutenez. Merkatariek uste dute Eroski berriarekin herriko merkataritzak gainbehera egingo duela eta beren lanpostuak eta herriko bizitza bera arriskuan daudela.

Eroski Barik Hobeto

“Eroskik batere ondorio onik ez dakar, 200 lagun utziko ditu langabezian. Esaten digute birziklatu behar garela, espezializatu, baina orduan erosteko ahalmen gutxiago dutenek ezin izango dute herrian geratu...” dio Iñaki Garciak, giltzen kopiak egin eta bezeroei kasu egiten dien bitartean. Erribera kalean du burdindegia eta han jardun dugu berarekin. Herriko dendari, elkarte eta sindikatuek Eroski Barik Hobeto plataforma sortu dute hipermerkatuaren proiektuari aurre egiteko. Mobilizazio eta ekimen ugari egin dituzte orain artean: firma bilketak, kontzentrazioak, paroa... “Guri zuzenean eragingo digu elektrizitateko artikulu txikien bidez –dio Garciak orain arte jasotako dokumentazio guztia erakusten digun bitartean–, baina ez guri bakarrik, Eroskik zuzenean eragingo du herrian, desertizazioan”.
 
Izan ere, merkatariek diote herriari bizitza ematen diotela eta baita segurtasuna ere. Eroski berriak inguruko herrietan ere izango du eraginik, horregatik plataformari babesa eman diote herri horietako merkatariek. Mutrikuko merkatarien elkarteko Sabina Lekubek zera esan digu: “Lehen pausoa Ondarroakoek eman dute, beraiek daude kezkatuen, baina guk babesa eman diegu eta egindako mobilizazioetan parte hartu dugu”. Bere ustez merkataritza garrantzitsua da herriak biziberritzeko eta azaldu digu Mutrikuko merkatariek urtean zehar jaialdi, ikuskizun eta ikastaro ugari antolatzen dituztela helburu horrekin. Ez daudela geldi, alegia.

Merkatuko kontuak

Zubi Zaharraren inguruan kaioak hegan dabiltza, haren ondoan dagoen Berdura Plazan sartu gara aterkia itxi eta arnas pixka bat hartzeko. Betiko merkatua aurkitu dugu bertan, arrandegiak, harategiak eta berdura postuak, aiton-amonak hizketan, enkargutan... Baina ez dabil jende asko: eguraldiagatik izango da. Elvira arrandegira gerturatu gara, bertako jabea arrain artera izotza botatzen ari da eta galdetu diogunean aurpegia aldatu zaio: “Oso gaizki dago gauza!” esan digu muturra okertuta. Merkatu horretako salmentak beheraka doazela azaldu digu: “Martitzenan beste merkatua izaten da hemen baserritarrekin eta hor asko nabaritzen da beherakada, jeneroa ekarri besterik ez dute egiten...”. Jeneroa bistan jarri eta etxera berriz eraman, ezer saldu gabe. Beherakada horren zergatia galdetu diogu: “Dia jarri zutenean –herrira iritsi baino lehenago dagoen supermerkatua–, orain dela bost urte, asko nabaritu zen, Eroskirekin ez dut pentsatu ere egin nahi...”, esan digu arrain saltzaileak.
 
Ondarroako kale nagusietatik, alamedatik edo portutik paseotxo bat ematea nahikoa da bertako unibertsoaz jabetzeko: erakusleiho eta denda atarietan hipermerkekatu berriaren kontrako kartelak irakur daitezke, beste lokal batzuetan “salgai” hitza nagusitzen da ordea; kalean obrak eta zarata, aparkatzeko arazoak, jubilatutako arrantzaleen eguneroko berriketaldia, Gaztetxi dotorea Artibai ibaiaren bestaldean... Denetik dago. Baina denen ustea da Ondarroari industrialde bat falta zaiola. Hain zuzen, Errenteria auzoko lurrak industrialde hori egiteko erabili nahi dituzte: “Nabarmena da Ondarroan gune industrialik ez dagoela, enpresak herritik kanpora joan behar izan dute. Baina Errenterian, zona industriala zihoan lurren zati bat birkalifikatu eta Eroski jarri behar dute orain”, dio Iñaki Garciak. Ez dago gustura ez Udaletxearekin, ezta Zatozte Ondarroako merkatarien elkartearekin.  Azken honek Eroskiren kontra ezer gutxi egin duela dio dendariak. Zatozte elkarteko teknikariak, Eva Aranbarrik, aitortu du komertzioak arduratuta daudela, batez ere janari dendak, drogeriak eta horrelakoak. Arrantza birmoldaketa portuarentzat kolpe latza izan zela azaldu digu Aranbarrik –lehen 100 itsasontzi baino gehiago zeuden eta orain 40 inguru geratzen dira lanean–. Hala ere, bere ustetan hipermerkatua egiteko lizentzia emanda dago eta alperrik da indarrak horren kontra xahutzea. Beste bide bat proposatzen du teknikariak: “Herriko komertzioa indartu behar da, adibidez, Udaletxeari aparkaleku gehiago eskatu dizkiogu, hori arazo larria da –-guk geuk frogatu ahal izan dugu hori, herri hartara egindako bisitan– eta funtsezkoa merkatarientzat; merkatariek abantaila berdinak izan behar dituzte”.

Oinezkoen iritzia “zero gunean”

Dendariek zer pentsatzen duten badakigu. Baina zer pentsatzen du oinezkoak? Mutrikuko Sabina Lekuberen hitzak etorri zaizkigu gogora galdera horrekin batera: “Jendeak dendarien aurrean agian ez du esango hipermerkatura joango denik, baina bakar batzuek argi eta garbi esan didate baietz, joango
direla”.
 
Errenteria auzora jo dugu “joango diren” horietako baten bila. Auzoa ez dago urruti eta bide zabal batek zuzenean eraman gaitu hara, autoz, noski. Zelaigune zabal batean obra-hondakin meta handi bat ikusi dugu. “Barkatu? Eroski berria non egin behar dute?” galdetu diogu oinez datorren emakumezko bati. “Hortxe doa” erantzun digu metara seinalatuz. Bera Kamiñazpi auzokoa da –Errenteri ondoan dagoen auzo txikia– eta garbi esan digu: “Niri oso ondo etorriko zait. Dendariak kezkatuta daude eta horientzat txarra da, baina nik Markinan egiten dut lan eta egunero pasatzen naiz hemen ondotik autoan. Ni, behintzat, joango naiz”. Esaldi hori buruan dugula itzuli gara etorritako bide beretik. Calatrava zubi zuria eta Saturraran hondartza iluna atzean utzi ditugu, kaioen begiradapean. Berriz bueltatzen garenean, agian hipermerkatu baten itzalak ilunduko du ingurua.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakumeak eta errepresioa frankismoan
Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


2023-03-28 | Antxeta Irratia
Aberria egin zuten milaka emakume abertzaleren memoria berreskuratzeko lanetan dihardute Irunen

1922tik II. Mundu Gerra artean Emakume Abertzaleen Batzak bildutako 23.000 emakumeren historia laburbiltzen duen erakusketa antolatu dute Irunen.


Urduñako espetxean hil ziren presoen senideen bila ari da Jaurlaritza Extremaduran, identifikazio genetikoa egiteko

Eusko Jaurlaritzaren memoria arloko ordezkaritza bat Urduñako espetxean hildako presoen senideen bila ari da Extremaduran, herriko hilerritik ateratako gorpuzkien identifikazio genetikoa egiteko. Larunbatean aurkeztuko ditu orain arte egindako lanak Castueran (Badajoz).


2022-10-06 | Antxeta Irratia
Emakume errepublikarrek kartzela frankistetan bizitako umiliazioak Irungo Oiasson ikusgai

Emakumeen egoera 1936ko estatu kolpearen ondoko urteetan isilean iragan bada ere, "emakume izanagatik" kartzeletan pairatu zutena argitara eman nahi du Papillons, esangabeko hitza erakusketak Irunen.


2021-08-04 | Euskal Irratiak
Memoria historikoaren bulegoa aurkeztu dute Irunen

Oraindik, ez dago zabalik, baina irailaren 13tik aurrera, erabili ahal izango da.


Eguneraketa berriak daude