argia.eus
INPRIMATU
Deseroso
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 03a
Joxemari Ostolaza
Sentiarazten naute Euskal Herritik urrun nabilelarik. Eta akitzen naiz ebidentziak esplikatzera behartzen nautenean. Bazoaz bizibidetik zehar eta beharrek eramaten zaituzte ezagutzen ez dituzunak tratatzera, tratuen bila. Eta mugikorrak salatzen zaitu, euskalduna zara eta zurean ekiten diozu hotsegileari, zu bezala mundu txiki bateko multzo urriko biztanleari. Tekla gorria sakatu eta mugikorra patrikaratzearekin batera ohartzen zara isiltasuna probokatu duzula inguruan, agian ordura bitartean haien hizkuntzan mintzatuta lortu ez duzun arreta euskara entzute hutsak piztu diela. Eta beste zerbaitetara honaino ekarri bazaituzte ere, tabajara baten aitzinean baleude bezala begiratzen zaituztela ohartzen zara. Desenkusaka hastea otutzen zaizu, baina irri zozoaz itzulikatu nahi duzu egoera aurrekora ekarri guran. Eta hasten da galdeketa, gorrotatzen duzun hori. Guztiek dute galderaren bat egiteko, aurpegi arduratsuz pausatuko dizutena. Zoritxarrekoa sentiarazten zaituzte, etxean herren zangobako kanpoan. Izan ere, zorionekoak baimenik eskatu beharrik gabeko hizkuntza mintzatzen dutenak. “Arrazoirik ez dugu gutxi garelako” datorkizu burura baina zure ezinez bizibidetik joaten saiatzen zara. Hizkuntza onartuan ekiten diozu zureari. “Que os den”.