argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Burua lepatu
  • Etorri dira ba gure alabatzako ingelesak bere zuhaitz genealogikoko sustraietakoen buru argiak eman zituen zuhaitz motzen basoei eusten laguntzera. Baso-erlikia hauen iraupenerako geure kontzientzien txardengo lanetara etorri dira. Hau lotsa…
     
    Nafarreraren eremuen Kalagorriko pagopean bi basomutil talde, buru bana. Genealogiaz sustraikoa Leitzako Migel eta adar puntakoa Londreseko Helen. Txondor plaza gaineko pago motz banari begira eta, buru izaki, agintzen. Basomutilak iaio dabiltza, sokatik zintzilik, adaburuko adar artean motozerraren dantzan. Ingelesek laneko uniformea daramate, ez dakit zein parkeren izena paparrean bordatua. Bertakoen burua txapelarekin eta mutilek, intsumiso, ipurdirainoko rasta-txurroak biseraren garondoan.
Jakoba Errekondo 2007ko martxoaren 01
Ingalaterrako eskolaren arabera inausketa mailakatu egin dute. Oraingo lehenean lepo gaineko haga luzeei heren bat kendu diete. Gero bost bat urtez behin beste puska bana jaitsiz, pixkanaka zuhaitzaren bueloa eta karga beheratu eta lepondoko adar handien inguruan zabaldu nahi dute. Ingalaterran klima lehorragoa dute antza eta pago hezezalea juxtu xamar bizi. Horixe da inausketa mailakatzearen arrazoia.
 
Leitzarraren mutilek ederki lepatu dute bai, lepatu, pagoa. Geure basozain genetan txertatua, ezaguna zaigu pago motzaren piura berria. Lehen zazpi-hamar urteko adarrak kentzen zitzaizkion, gaurkoan abandonatutako berrogeita hamarreko adartzarrak ordea. Lehen atzaparraren tamainako zauriak itxi behar zituen, orain kana erdikoak! Zauri handixko hauei begira, hemengo euriaz jakin nahi zuen Londreskoak; arrazoiz, Europa osoan gehientsuenetako euria egiten duen xokoan bizi baitira pagook, paradisuan! ezin bestela ebaki hauek ebakiondu.
 
Bi taldeek inausitako pagoak elkarri begira biziko dira eta urte batzuen buruan aurrerantzean lepatzeak nolakoak izango diren erabakiko da. Noiznahi, maite-maite, bisitatu eta ikusiko duzu: askok uste baino lehenago pago batzuen eta besteen etorkizuna agerikoa izango da.