Izan ere, argazki bat ikusi ondoren, sarritan galdetzen diogu gure buruari zer ote dagoen ikusitakoaren alboan, edo barruan. Egungo argazkitegietan ez dago hori jakiterik; argazkiak banan-banan ikusi behar, gura duguna topatuko badugu.
Photo Tourism softwarearekin argazkitegi bateko argazkiak erabiltzen dira ibilbide birtualak egiteko. Eta efektu bisuala bideojoko batean egotearen antzekoa da. Adibidez, Treviko iturri inguruan ‘nabigatzen’ arituz gero han erdian dagoen Neptunora ailegatu eta, hori baldin bada interesatzen zaiguna, sistemak bereizmen handiko argazkia erakutsiko digu.
Programa berri honek erabilpen anitz izan ditzake. Adibidez, jatetxe batek bere ingurua erakusteko jarritako irudietan kanpoan duen menua pantailaren erdialdean kokatzean, handitu eta plater eskaintza irakurri ahal izango genuke.
Arkeologo edo biologoek interes handia azaldu dute programa berria ezagutzeko, beraien zereginetan lagundu diezaiekelakoan.
Masajea hobe, ahoz ahokoa baino
Pertsona batek arnasa hartzen ez duenean ahoz ahokoa eta masajea egitea aholkatzen da. Ikerlari japoniar batzuen arabera ordea, ahoz ahokoa soberan legoke. Ondorio hori ateratzeko ia 4.000 kasu aztertu dituzte eta emaitzak oso garbiak izan dira; gainera, ahoz ahokoak arriskuak izan ditzake egiten duenarentzat, gaixotasunak kutsa baititzake metodo horrek.