argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2013ko maiatzaren 03a

Kike Diaz de Radak Berrian: «Ez dut ezetzik esaten, ez. Eskaini dizkidaten lan guztiak interesatu zaizkit. Egia da batzuetan antzerkiak maldizio txiki bat duela: edo ez duzu batere lanik edo lan guztiak batera datozkizu. Antzerkian, gosez edo logurez hiltzen zara. Aukeratu egin behar da: nik nahiago dut logurez hiltzea. Lan mordoa egin eta nire osasuna arriskuan jarri behar badut ere, onartu egiten dut. Baina batzuetan ezinezkoa da erabat, aktoreok eragozpen bat dugulako: ezin gara aldi berean bi tokitan egon! Ez dakit beste lanbide batzuetan gertatzen den...».

 

Luzien Etxezaharretak Gara egunkarian: «Azken urte hauetan dugu euskal literatura sortzen ikusten, literatura askatu bat, etorkizunari irekia. Batez ere, garrantzitsua da idazle batentzat izan dezala liburutegi bat bere irakurgaientzat, bere hiztegiekin, bere klasikoekin... eta orain idazleek badute lanabes bat. Ni oso baikorra naiz geroari buruz. Kezka bat da, baina, komunikabideek eta irakaskuntzak gutxiegi erabiltzen dutela euskarazko literatura modernoa».

 
 

Abigail Lazkozek Deian: «Marrazkia pinturaren hezurra da, artistak bere ideien zirriborroak egiteko erabiltzen duen aurreneko tresna. Hortik aurrera, diziplina handiagoetarako bitarteko gisa erabili ordez, bere horretan garrantzia hartzen du (...) Edonork pareta batean ala hondarretan marka bat uzteko modurik xaloena delako marrazten dudala esan ohi dut beti; hizkuntza sinplifikatzen du».