Dani Blanco
Gainerakoan, ahaztu baino lehen esan behar diot Angeli hemen euskaldun zahar asko garela euskaldun berri mozorrotuak. Eta orain bai hizkuntzaz ari naiz, zeren beste gainerakoan zahar antzinakoak baikara, berritzeari izua diogunak.
* * *
Batak, Angelek, bere hamar urteko euskaltasuna aitortu digu; Itxarok, berriz, ia barkamena eskatzen digu Pitxuri hitz lotsagabea pasatzeko orduan “ez zuberotarrez prefosta, iparraldeko euskara, barbaro arraroa, zailegia eta kasik ulertezina bilakatua zaizuelakoan jadanik”. Bitxia da nire bi ttakunkideen jarrera. Ez al dira konturatzen ustezko akatsa abantaila dutela? Eta zer esan behar dut nik orain? Barkamena eskatu behar ote dut euskaldun berri zahar eta gipuzkoarra naizelako? “Earki gatxek”, esango luke gure osaba elebakar –hura bai– euskaldun zaharrak. Gogoan dut aspaldi (Angel oso erdaldun eta umea zen garaian), eta nire joera gorri samarra ikusita, gure osaba baserritar horrek berak nola esaten zidan “gauza handia egin nahi duzue zuek alajainetan, itaie-ta-mallue ekarri: hortik lehendik ere bazeukaagu nahikoa”. Beldur naiz zuberera eta euskaldun berrien kontu honetan ere ez ote garen ari igitaia eta mailua lehendik ere nahikoa ezagutzen duenari ekartzen.
Argumentu berriak zor dizkiogula iruditzen zait euskaldungoari, euskaldun berri –ez bakarrik hizkuntzaz berri– egin dadin.
* * *
Iritzia eman beharrak mozkortu egiten du. Guztiaren eta guztien gainetik jartzeko arrisku hordigarria du garaiz neurririk hartzen ez duenak. Urtebete pasatu da ttakun-herrengintzan hasi nintzela. Mozkor sentitzen naiz. Txispatu puntua pasatuta. Zailtasun berezia dauka berarekin beste ttakunkideei erantzuna eman beharrak hiru asteko epean, haiek erantzuna eman dezaten bideak zabalduz gainera.
Zer esan ttakunkideei buruz. Esker ona zor diet. Lagun nituen lehendik eta lagun ditut oraindik ere. Ez da gutxi. Ez dakit nahikoa den. Adiskide zorrotza datorkie ttakungintzara. Josi Basterretxea. Zorrotza gizona, zintzoa haatik –Machadoren zentzu onean–. Berari pasatzen dizkiot makilak. Herren polita egingo du inondik ere.
Mozkor sentitzen naiz beraz. Lagun batek erakutsi zidan, gehiegi edan denean, hoberena espanturik gabe alde egitea dela, agur hitzak luzatzen ibili gabe, mozkorraren orratzak inork suma ez ditzan. Adio doi bat, buelta erdi eta aurreneko kale-kantoia pasatu arte, behintzat, xuxen joaten saiatu…