Piltdowneko gizaki gezurtia

  • Ingalaterra, 1973. Mike Olfield musikari britainiarrak Piltdown Man izeneko zatia konposatu zuen Tubular Bells II lanaren barruan. Piezak distortsioa zuen oinarri; hamarkada batzuk lehenago Piltdowneko gizakiak horixe sortu zuen giza-eboluzioaren historian, distortsioa.
     
    1912an, Sussexeko Piltdown herrian, harrobi bateko langileak hezur arrastoak aurkitu zituen: garezur zati bat, matrailezurra eta hortz solte bat. Arrastoak Charles Dawson arkeologo amateurrari eman zizkioten eta honek, berehala, Londresko Geologia Elkartean aurkeztu zituen Smith Woodward British Museum-eko paleontologo ezagunaren babesarekin. Eoanthropus dawsonii izena ipini zioten espezie berriari. Berehala hasi zen hezurren jatorriari buruzko eztabaida, hainbat hamarkada luzatuko zena. Prentsak arrastoak giza-eboluzioaren katea osatzeko falta zen elementua zirela zabaldu zuen. Komunitate zientifikoak ez zuen ikerketa sakonegirik behar izan teoria hura onartzeko; halakoxe arbaso baten bila zebiltzan, garun handiko eta primate itxurako izaki baten bila. Gaur jakina da eboluzioak ez zuela bide hori jarraitu.
Eta orduan ere, gero eta zalantza gehiago sortzen hasi zen arrastoen adina eta jatorriaren inguruan. Azkenean, 1953an A. T. Marston odontologoak bere azterketaren emaitzak eman zituen aditzera: matrailezurra eta hortzak orangutan batenak ziren, hortz soltea tximino batena eta garezurra Homo Sapiens batena, hots, gutako batena. Baina 50 urtetik gora joan dira gezurra agerian utzi zutenetik eta ia mende oso bat “aurkikuntza” ezaguna gertatu zela, eta oraindik ez dakigu nork eta zergatik burutu zuen iruzurra. Dawson da susmagarri nagusia, baina 1916an septizemiak jota hil zen eta ez zuen inoiz akusazioei erantzuteko aukerarik izan. Gainera, Piltdowneko herritarrak ez dabiltza errudunaren bila; gezurrezkoa izanda ere, gizaki hark euren herria ezagun egin zuen eta egun bisita daitekeen monumentua berdin-berdin merezi zuela pentsatu zuten.

ASTEKARIA
2007ko martxoaren 25a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude