«Zer da baserritarra, aberatsentzat energia ekoizlea?»

  • Elikadura Subiranotasuna zer jan eta jana nork eta nola ekoitzi erabakitzeko herritarrok daukagun eskubidea da. Globalizazio neoliberalak elikadura merkantzia bihurtu du. Egoera horri aurre egiteko, otsailean Maliko Selingué herrian Elikadura Subiranotasunaren aldeko Mundu Foroa egin zen. Bertan bildu ziren kontinente guztietako nekazari eta arrantzaleak, martxa mundialeko emakumeak eta Amigos de la Tierra eta Via Campesina taldeak. Elikadura Subiranotasunaren inguruko helburuak eta politikak lantzeko agenda martxan jarri dute. Forotik etorri berritan elkarrizketatu dugu Paul Nicholson, EHNEko kidea eta Via Campesinako koordinatzailea.

Paul Nicholson
Igor Garmendia

Munduko herrialde boteretsuenak, Europa eta AEBetan biltzen dira munduko ekonomiaren inguruan erabakiak hartzeko. Baina Elikadura Subiranotasunaren inguruko erabakiak, Selinguéko lastozko txaboletan hartu dira. Foroak iraundako bi asteetan, Selinguén ez da Coca Cola bakar bat ere ikusi. Bertan bildutako eragile sozialak, Maliko herrixka horretako jendeak urtean zehar jaten duen janari berarekin elikatu dira. Elikadura Subiranotasunaren tesiarekin bat egiteko, goizean hildako animaliak eta bertan ereindako jakiak baino ez dira jan. Paul Nicholsonek azaldu dizkigu Foroko tesiak.

Zer da Elikadura Subiranotasuna kontzeptua?

Elikaduraren Subiranotasuna eskubide unibertsala da. Pertsona bakoitzak ekoizten duena eta kontsumitzen duena erabakitzeko eta aukeratzeko duen eskubidea da. Horretarako, tokian tokiko nekazaritza eta abeltzantza politikak babestea ezinbestekoa da. Bestalde, baliabide naturalen gestioa da, hau da, pribatizazioen aurka, eredu jasangarri soziala defendatzen dugu. Elikadura Subiranotasuna Euskal Herriarentzat oso garrantzitsua da, gaur egun saltoki handiak baserritarrei espazioa kentzen ari baitzaie, eta pixkanaka gure elikaduraren kontrolaz jabetzen ari dira. Euskal Herriko baserritarra ezin da prezio merkeekin lehian aritu. Bertako produktu eta ereduaren defentsan oinarritzen da Elikaduraren Subiranotasuna.

Nondik dator Elikaduraren Subiranotasunari buruzko foroa egiteko ideia?

Elikaduraren Subiranotasuna neoliberalismoaren aurkako mugimenduetatik sortutako alternatiba bat da. Honek, baliabide naturalekin eta elikadurarekin loturiko ideiak lantzen ditu. Orain dela hiru urte, gobernu batzuk Elikadura Subiranotasunaren kontzeptua erabiltzen hasi ziren, esaterako Chirac, Frantziako presidentea. Herrien nortasuna galtzeko arriskua zegoela konturatzean hasi gara honen inguruan arduratzen. Beste mugimenduekin hainbat erreflexio egin ondoren, estrategia bateratua lortu dugu.

Zein izan dira foroaren ardatzak?

Hiru arloko estrategiak antolatu ditugu. Lehenik eta behin, merkataritzaren inguruan aritu gara; beste alde batetik, errekurtso naturalen inguruan, hauen pribatizazioaren aurka. Eta azkenik, saltoki handien aurka aritu gara.


Maliko Gobernuak kontuan hartu du Elikaduraren Subiranotasuna konstituzioan.

Halaxe izan da eta momentu honetan beste gobernu batzuk ere gauza bera egiten ari dira: Nepal, Bolivia, Ekuador... Kontzeptua integratzen eta aztertzen hasiak dira. Via Campesina herrialde horietara doa eta Elikadura Subiranotasunaren kontzeptua zertan datzan azalduko die bertako agintariei. Momentu honetan pauso handiak emateko gai gara, gure artean kontsentsu oso handia baitago. Argi dago mundu mailako merkatuak ez duela jaten ematen. Honek biztanleriaren %10aren elikadura soilik asetzen du. Politika horiek produktuen esportazioa bultzatzen dute, eta ondorioz herri mailako merkatuak murrizten dira.
 
Aldaketa Klimatikoaren eztabaidak ere badu honekin zerikusirik. Europar Batasunak adierazi duenez, energiaren %20a energia berriztagarriek osatu beharko lukete, eta zati handi bat Nekazal Erregaiak deitutakoak izatea nahi da. Hurrengo pausoa oso arriskutsua da, Europa eta mundu osoko lur onenak energia lortzeko erabiltzen hastea.
 
Hori iruzurra da, nekazal lurrak eredu industrialetara mugatzea dakar. Baserritarrek beraien lurren kontrola galduko lukete hori aurrera eramanez gero. Gai horrek transgenikoekin ere lotura handia du. Zer da baserritarra: elikaduraren ekoizlea ala munduko aberatsentzat energia sortzeko ekoizlea? Horrek baliabideak enpresa multinazionalen esku jartzea dakar.


Nondik dator Foroari Nyeleni izena jartzea?

Nyeleni, Maliko emakume baserritar baten izena da. Nahiz eta bera orain dela 250 urte bizi izan, gaur egun erreferentziala da, Sahara azpiko herrialdeetan irudi oso ezaguna. Malin garia landu zuen lehen pertsona izan zen eta horren bidez bere inguruari jaten ematea lortu zuen. Horrez gain, emakumearen rolari garrantzia eman nahi izan zaio.


Zein da Elikadura Subiranotasunaren arloan emakumearen funtzioa?

Subiranotasunean, emakumearen betekizuna ezinbestekoa da. Baserritar gehienak emakumeak dira, %75a, herrialde horietatik alde egiten duten etorkin gehienak gizonezkoak baitira. Bestalde, elikaduraren funtzioa gehienbat emakumeena izan da, Euskal Herrian ere bai. Gizonak traktoreaz arduratu dira eta emakumeak ereiteaz. Emakumeen garrantziak antolaketan ere aldaketa ekarri du. Via Campesinan, emakume eta gizonen arteko berdintasuna postu guztietan bultzatzen dugu, bai estatutuetan, baita errealitatean ere.


ASTEKARIA
2007ko martxoaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude