argia.eus
INPRIMATU
Katixa Agirre
«Literaturan promiskuitatearen aldekoa naiz erabat»
Pilar Iparragirre 2007ko martxoaren 25
Katixa Agirre

Zer aurkituko du zure liburuaren irakurleak?


Ipuin gehienak gutxi-asko hemengo jendeari buruzkoak dira, gaur egun edo lehenaldi hurbilean kokatuak; baina bada bat, Festa gonbidatuak, aski diferentea. Diferentea arrazoi zirkunstantzialengatik. Patricia Highsmith-en maitale baten memoria-liburua irakurtzen ari nintzela otu zitzaidan. Liburu horretan autoreak Highsmithekin bizi izandako bi urte deskribatzen ditu, Pensilvaniako herrixka urrun batera bizitzera joan zirenekoak. Beraz, ipuina ere Pensilvanian kokatuta dago, 60ko hamarkadaren hasieran, baina ez naiz gehiegi gelditzen garai eta leku hori deskribatzen, pertsonaiak eta haien arteko harremanak dira funtsa. Kasu honetan, beste ipuinetan bezala, harreman asimetriko samar bat, konplikatua, interesgarria.

Ipuinez gain, beste literatur generoetan ahalegindu al zara?


Literaturari dagokionez promiskuitatearen aldekoa naiz erabat: guztia probatu nahiko nuke, nobelagintza, saiakera, antzerkigintza... Kontua da, momentu honetan, burura etortzen zaizkidan ideientzako ipuina dela forma naturalena. Hala iruditzen zait, eta ez ditut gauzak gehiegi bortxatu nahi.

Ironia askotxo dago zure narrazioetan. Arrazoia?


Umoreari izugarrizko garrantzia ematen diot, bizitzako arlo guztietan. Umorerik gabeko pertsonekin ez naiz ondo konpontzen. Eta ironiarik gabe zer egingo genuke? Ironiak erlatibizatzeko aukera ematen digu, geure buruaz eta inguratzen gaituenaz apur bat barre egiteko. Eta eskerrak, bestela nola jasan inguratzen gaituen petralkeria guztia?