Elizako jendea euskal giroan jaun eta jabe zebilen garaian bizitzea egokitu zitzaion Aldudeko medikua izandako Jean Etxepare idazleari (Argentinako Mar Chiquita 1877-Kanbo 1935). Liburu bi argitaratu zituen: Buruxkak (1910) eta Beribilez (1931). Aurrenekoa, ausartegia suertatu bide zen garaiko Euskal Herri santu-jalean, eta etxeko mandioan gorde behar izan zituen liburuaren aleak, bahitu ez ziezazkioten. Nolakoa izango zen eskandalua, mediku idazlearen andregaiak berarekin hautsi egin zuenerako. Eta Beribilezek eboluzionismoaren “benenoa” darama lerro artean, Laffite eta Villasante elizgizon bezalakoentzat. Baina, hain zuzen ere, horrek egin zuen haren lana erakargarri Kepa Altonagarentzat.