Dantza garaikideak ahots bakarra eduki nahi du erakundeen aurrean

  • EAEko dantzariak batu egin dira, eta ADDE Euskadiko Dantza Profesionalaren Elkartea eraiki dute orain arte banakako ahaleginak besterik ez zeuden orubean. Erne, ez gara-eta dantzari guztiez ari, dantza garaikide deritzon horren inguruan dabiltzanez baizik, nahiz eta beraiek etiketa hori, eta gainerako etiketa guztiak saihestu, ahalik eta kide gehien erakartzeko. Eta beharko dute, behar, ahalik eta gehienen indarra, dantzaren egoera elkarteko bozeramaleetako batek azaldu digun bezain kezkagarria bada.
     
    Adderen (Euskadiko Dantza Profesionalaren Elkartea) zuzendaritza-batzordea, zazpi edo zortzi lagun, iazko udazkenetik dabil lanean, Idoia Zabaleta gasteiztar koreografo, dantzari eta elkarteko kideak adierazi digunez. Orain, beren burua ezagutzera eman ondotik, indarrak batzen saiatuko dira, 100 bazkide inguru izateko itxaropenez. Sarreran esan bezala, momentuz EAEkoak dira guztiak, baina Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa agertu dute.
Bi dantzari
“Une honetan, esan daiteke gauden guztiok dantza garaikide alorrekoak garela, eta hasiera batean zalantza izan genuen ‘garaikide’ hitza jarri ala ez, baina gaur egun kontzeptuak zabaldu egin dira, eta horregatik erabaki genuen ez jartzea”, argitu du Zabaletak. “Garaikide” esatea ateak ixtea delakoan, nahiago izan dute “dantza” izena huts-hutsean erabiltzea, deiturarik gabe.
Ez dira gutiziagatik elkartu, behar-beharrezkoa dutelako baizik, Zabaletaren ustez, “aspaldidanik, egia esan”. Batez ere, erakunde publikoekiko solaskide sendoagoa behar dutelako, sendoagoa, eta bakarra. “Orain arte nor bere kabuz joan da beka eta diru-laguntza eske, eta horrela zaila da erakundeekiko harremanari eustea. Haientzat ere pisu handiagoa dauka elkarte batek, askoren ahotsa baita. Dantzan, lan motak eta estiloak oso desberdinak badira ere, kezkak, asmoak… oso antzekoak dira beti. Horien inguruan lan egingo du elkarteak”.
 
Kezkak eta asmoak, hortaz. Lehenbizikoen faltarik ez dute, behinik behin. Egoera, une honetan, kezkagarria baita Zabaletaren iritziz: “Herri honetan eta gauden egoera politikoan, badirudi energia guztia gai bat edo bitan ezartzen dela; kulturarenganako interesa, aldiz, oso txikia da. Egoera politikoak, indarkeriak… min handia egiten diote kultur garapenari, eta are handiagoa kultura garaikidearen hedapenari”.

Kulturari jaramonik ez?

Politikak ez ezik, kontsumo-joerek ere kalte egiten diote kulturari, ADDEko kidearen esanetan. Telebistak eta DVDak ezarritako diktadura aurrean makurtzen gara, arte eszenikoei bizkarra erakutsiz. Eta arte eszenikoetan ahulena, gainera, dantza omen da, “geu gara anaia txikia, kultura txarto badago, okerrago dantza”. Dena den, Zabaletak dio Euskal Herrian kulturarenganako dagoen arreta eskasa dela kezka nagusia, eta ez aisialdian gailendu diren kontsumo motak.
 
Orain dela gutxi kaleratu diren datuen arabera, Espainiar Estatuan EAE da kulturari diru gutxien eskaintzen dion erkidegoetako bat, ez kopuru absolutuak kontuan hartuta, barne-produktu gordinaren (BPGd) portzentajea neurtuta baizik. Nafarroa, aldiz, zerrendako lehenengoetakoa da. Esan dezagun, hala ere, EAEko portzentajea (%0,15) ia estatu osokoa (%0,16) bezain handia –edo txikia– dela. Nafarroakoa, berriz, %0,30 da.

Antzokietako programatzaileak oztopo

Arazoak, ordea, ez dira diru kontuetan geratzen. Bestelako galga batzuk ere baditu dantzak Euskal Herrian, Idoia Zabaletak honela salatzen duenez: “Hemen, koreografooi ez digute geure lana erakusten uzten ia. Antzokietako programatzaileek ez dute interesik guk egiten dugunaz. Programatzaileak bihurtu dira antzokietako jabe, ikusleen jabe”.
 
Dantza garaikideari beti egotzi izan zaio ikusle gutxiren arreta erakartzea, eta hori ez du Zabaletak ukatzen. “Arte eszeniko guztietan dagoen arazoa da, arazo larria; jendeak nahiago du zinemara joan merkeagoa delako, eta zinema bera ere gainbehera etorri da DVD eta enparauak direla eta”. Hala ere, gasteiztarrak berriz nabarmendu nahi luke usteak erdi ustelak direla kasu honetan ere. “Orain, esate baterako, La Fundición elkarlanean dabil Artium museoarekin, bertan emanaldi batzuk egiteko. Erakusten dutena ez da ulertzeko zailenetakoa, lan normalak dira, baina beharbada Euskal Herrian erakutsi ohi direnak baino `bereziagoak´. Eta hala ere, oso harrera ona egin diote ikusleek. Era guztietakoek, gainera”.
 
Arazoa ez da, Zabaletaren aburuz, “ikusleak prest ez daudenik edo ikusleei ez zaienik gustatzen”. Arazo nagusia, esan dugu dagoeneko, programatzaileen jarrera da. “Programatzaileek egiten dute nahi duten ikuslegoa. Beraiek sortzen dituzte, ikusleen nahiak ez badira, bai behintzat ohiturak. Eta ez dute gutaz ezer jakin nahi. Baina Euskal Herrian jendea prest dago euskal koreografoon lana ulertzeko”. 
Dantza garaikidea, ekoizpenean buru

Arte eszenikoetan ahulena dantza bada, haren barruan dantza garaikideari dagokio azkena izatea. “Dantza klasikoak kontserbatorioak dauzka behintzat; garaikidean ez dago halakorik”. Eurak omen dira hala ere, sorkuntzan buru. “Euskal Herrian dantza klasikoak ez du lanik ekoizten, edo ez guk beste. Gu ari gara sendoen zeregin horretan, eta baita dantza tradizionaleko talde batzuk ere. Dena dela, dantza tradizonalaren egoera oso desberdina da, historian zehar desberdin garatu delako. Ez naiz gehiegi sartuko hor, ez baitut ondo ezagutzen. Baina bestela, dantza garaikideak ekoizten du lan gehien”.
 
Sektorearen inguruan dituzten kezkak Eusko Jaurlaritzari helarazi dizkiote honezkero, “edo horretan gabiltza”. Zabaletak uste du, nolanahi ere, Jaurlaritzak ondo baino hobeto ezagutzen dituela hemen azaldutako arazoak, “eta uste dut gurekin ados daudela, oso gauza agerikoak baitira, izan”. Hala eta guztiz, oro har kulturarenganako arreta eskasa dagoela azpimarratu du berriro ADDEko bozeramaleak, administrazioak hainbat urrats eman dituela aitortu arren. “Orain badago Kultura Plan berria, badago Xabide egiten dabilen dantzari buruzko txostena… Badirudi zerbait dagoela. Jaurlaritzan ere hasi dira batzuk mugitzen, ematen du bizpahiruk ardura dutela gaiaz, baina kultur politikak orokorra izan behar du, eta ez gutxi batzuren kontua. Modu horretan epe laburrerako planak baino ez dira lortzen, eta dantzak orain behar duena luzerako apustuak dira”.

ASTEKARIA
2007ko martxoaren 25a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude