«Logikoa iruditzen zait produktoreek zuzendarien gainean kontrola izatea»

  • Bere istorioa ez da txikitatik zine zuzendari izan nahi zuen pertsona horietako batena. Denborarekin ordea, konturatu zen zinearen adierazteko modua gustuko zuela eta Eutsi! du lehen filma. Ez du gehiegi pentsatzen Eutsi! filmarekin zer gertatu dakiokeen, baina argi du bere bizitza ez dela zinea egitera mugatzen. Bere ametsik politena biharko eguna ongi aprobetxatzea baita, zinearekin edota beste edozerekin.
     
    Behin eta berriz, urduri dagoela esaten du. Hori entzuteak lasaitu egingo balu bezala. Lotsatia da eta galdera guztien aurrean ongi pentsatzen du zer erantzun. Elkarrizketaren amaieran ez zaio urduritasuna nabari edo ongi disimulatzen du bestela. Ordubetez berriketan jardun ondoren, grabagailua itzali eta ahoan irribarrea duela agurtu dugu. Etxera bidean gauza bakarra dut buruan: eutsi
Alberto J. Gorritiberea
Maddi Soroa

Filma estreinatu duzue. Zer sentitu duzu Eutsi! pantaila handian ikusita?


Lasaitasuna. Gozatu egin dut eta egia esan gustura geratu naiz.

Filma egitea zer moduzko esperientzia izan da?


Aberasgarria, nahiz eta gogorra ere izan den. Egia da une kritikoak ere pasa ditugula, nahiz eta ni gauza onekin bakarrik geratzen naizen. Zinemara eramaten diren proiektu oro, oso zailak izaten dira, euskaraz zein gaztelaniaz. Kasu honetan, aurrekontua nahiko baxua zen, eta taldearen inplikazioa ezinbestekoa izan da. Muga asko izan ditugu, eta gure helburua muga horien erruz ezer ez okertzea izan da. Egunero azterketa bat gainditu behar izan dugu. Ez da erraza, baina guk lortu dugu!

Noiztik zenuen buruan film honen ideia?


Esan behar da film hau enkarguzko lana dela. 2005eko azaroa inguruan Baleukok Unai Iturriagari eta niri gaiaren inguruan gidoia idazteko eskatu zigun eta guk 4-5 hilabetetan idatzi genuen. Ez genuen elkar ezagutzen, baina hori ez zen oztopo izan eta berehala sortu zen feelinga gure artean.

Sei aste eta erdi iraun zuen grabaketak.


Kontuan hartu behar da pelikula bat grabatzeko egun bat oso garestia dela eta horrek asko baldintzatzen duela iraupena. Gainera, film honetan asko mugitu behar ginen, berrogei leku inguru genituen, eta ekipoa hara eta hona mugitzea ez da batere erraza. Berrogeita hamar pertsonak osatzen genuen ekipoa, figuranteak aparte. Beraz, denbora neurtu beharreko zerbait zen.
 

Zein izan da Eutsi! egiterakoan momenturik onena? Eta txarrena?


Momentu txarrak eta onak asko izan dira, baina ni ez naiz txarrenetaz gogoratzen, egoera guztietatik ikasi egiten baita. Une hoberenari dagokionez, uste dut oraindik momenturik hoberena heltzear dagoela.

Zuk buruan zenuen guztia ikusiko al dugu ikusleok?


Esan liteke baietz, nahiz eta gidoia ikusleak ikusi arte bizirik egoten den eta aldaketak egunero egin behar diren. Gidoia hiru aldiz idazten da; lehenengoz paperean, gero grabaketan eta azkenik, muntaian. Adibidez, hamar planotan pentsatuta genuen sekuentzia denbora falta dela-eta bi planotan egin beharrean izan ginen. Horrelako hainbat egoera pasatu ziren, eta bakoitzean egoerara moldatzen ikasi genuen.

Aktoreetan erreparatuz gero, ia gehienak aski ezagunak dira: Anjel Alkain, Asier Hormaza, Oihana Maritorena, Kandido Uranga, Nagore Aranburu...


Unai Iturriaga eta ni gidoia idazten ari ginenean aktore horiek genituen buruan, eurentzat idatzi genuen gidoia. Nik nahiago dut horrela idatzi, aktoreak nor izango diren jakinda, castingak egitea ez baitut gustuko. Oso gogorra egiten zait castingak egitea, aukeraketak...


Eutsi!k ukitu soziala du. Ez da barrea baino eragiten ez duen filma.


Eutsi! road movie bat dela esan daiteke eta ez komedia. Umore puntua badu, baina drama sozialarekin lotuago dago. Filmak errealitate kutsua du eta bi pertsonaien artean errealitate horren bi alde ikus daitezke: batak alde dramatikoa erakusten digun bitartean, besteak umorez erantzuten du.

Euskal Herrian greba kasu batzuk ezagutzen ditugu: Caballito, Naval... Nahikoa gai delikatua da, ezta?


Caballitoren egoerari buruz informatu nintzen apur bat, eta hortik ere zerbait hartu nuen. Hala ere, ez genuen gehiegi pentsatu ea gaia delikatuegia zen ala ez. Konturatu gara bizi dugun gizartearen jarrera kanpora begira “dena ongi doa” erakustea dela, barruan milaka arazo egon arren. Eutsi!k hori irudikatzen du eta horregatik uste dut jende asko identifikatuko dela pertsonaiekin.

Zer da zuretzat film duina egitea?


Niretzat duintasuna gauza askok osatzen dute, alde batetik istorioa bera duina izatea, bestetik kontatzen duzuna interesgarria izatea eta azkenik, sorturiko mami horrekin gustura sentitzea. Filma aurrera ateratzeko guztion ausardia eta inplikazioa ezinbestekoa izan da.

Produktoreek dirua jartzen dutela kontuan hartuta, zuzendariok askatasun osoa al duzue zeuon lanean?


Askatasuna neurri batean daukagu, eta horrek alde onak eta txarrak izan ditzake. Logikoa iruditzen zait zuzendariaren gainean nolabaiteko kontrola egotea produktorearen aldetik eta zuzendariak muga batzuk izatea, zinea mugetan egiten baita. Ikuslearengan ere pentsatu behar da apur bat, alderdi komertzialari erreparatuz, eta kasu horietan, produktoreek asko laguntzen dute. Ondo deritzot produktoreek muga horiek jartzeari. Izan ere, ziur nago nik adibidez askatasun gehiegi izango banu estres puntu hori galdu egingo nukeela eta gauzak asko aldatuko liratekeela. Esan daiteke muga horiekin lan egitea maite dudala neurri batean.

Euskarazko filma egiterakoan dirua lortzea al da zailena?


Bai, baina gaztelaniaz egiterakoan ere gauza bera gertatzen da. Eutsi! euskara hutsez egina dago, baina gaztelaniazko azpitituluak ditu. Euskal Herrian bizi dugun errealitateak hori egitera behartzen gaitu. Gainera, Euskal Herritik kanpo Madril eta Bartzelonan ere ikusiko da filma. Guk guztia itzulita ikusten dugun arren, Europako herrialde ia gehienetan filmak bertsio originalean ikusten dituzte. Horregatik, guretzat oso pozgarria izan da filma euskaraz mantentzea eta azpitituluekin itzultzea.
 

Euskal Herrian zine zuzendari gisa bizi al daiteke?


Galdera honi orain arte ezezkoa erantzungo nioke, baina azken urte honetan zine zuzendari lana egitetik bizi izan naiz.

Azken urteotan bat-batean euskarazko filmak hasi dira estreinatzen. Zer gertatzen da?


Nik galdera alderantziz aurkeztuko nuke: zer gertatu da hainbeste urtetan euskarazko pelikularik ez estreinatzeko? Dirudienez, administrazioa konturatu da kalean euskara entzuten bada, zinea euskaraz ere egin daitekeela. Euskarazko zinemagintza normalizazio egoera batean dagoela esan daiteke, azken batean, urteko euskarazko filmaren topikoa alde batera utzita, Kutsidazu bidea, Ixabel estreinatu eta sei hilabetera egin da Eutsi!. Badakigu aurreko bi pelikulak –Aupa Etxebeste! barne– komediazkoak zirela eta gurea ez, badakigu baita besteak egun seinalatuetan estreinatu zirela eta gurea egun arrunt batean egingo dela. Ez dugu aurreko guztiarekin apurtu nahi izan, dena naturaltasunez gertatu baita. Horrek guztiak euskal zinemagintza normalizazio egoeran barneratzen ari dela erakusten digu.

Noizbait pentsatu al zenuen guztia hain azkar egingo zenuenik?


Kar, kar, kar. Nik lehenago egingo nuela uste nuen.


Zein da zure ametsa?


Biharko eguna ondo aprobetxatzea, horixe da nire ametsa.


Beste proiekturik baduzu esku artean?


Batzuk badaude, baina oraindik film honekin gauza batzuk egin behar ditugu. Ate hau itxi behar dugu eta gero irekiko dugu hurrengoa.


http://www.argia.eus helbidean, Eutsi! filmari buruzko bideoa.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude