Kolesterola, umeetan ere kezkatzeko modukoa

  • Gauza jakina da kolesterolak kalte egiten diola gure osasunari gehiegizko proportzioan dagoenean batez ere. Aski frogatua dago kolesterol maila handia edukitzea bihotzeko gaitzekin lotua dagoela. Hori, pertsona helduen artean, gauza normaltzat joko genuke. Baina, zer gertatzen da umeei erreparatuz gero?
Umeek ez dute erabakitzen, gehienetan, zer jaten duten, aukera hori gurasoen esku geratzen delako. Eta kolesterol maila jaten dugunak baldintzatzen duenez, agian orain ematen dioguna baino garrantzi gehixeago eman beharko genioke umeen eta gazteen elikadura zaindu eta odoleko kolesterol maila jakiteari. Bost urtetik hemezortzi urtera bitarteko haur eta gazteetan, 170 mg/dl-tik beherako mailak dira egokiak, kolesterolarentzako. Eta eskola umeen artean egindako ikerketa batzuk kolesterolemia zifra ikaragarriak erakutsi dituzte: 185 mg/dl mutikoen artean, eta 182,6 mg/dl, adin bereko nesken artean.
 
Nolatan iritsi gara zifra horietara? Zergatik gertatu da odoleko gantzen horrenbesteko hazkundea jende gaztearen artean? Aditu gehienentzat fast food motako janariek eta opil industrialek ekarri dute kolesterolaren gorakada beldurgarri hori. Izan ere, helduok, gure jateko ohiturak aldatu ditugun bezala, gaztetxoen jateko ohitura ere arras aldatu da azken hamar-hogei urteotan; gantz saturatudun jakiak nagusitu dira: otordu lasterrak, opil gozoak, txokolatea, esnekiak, haragi eta hestebete prestatuak, litxarreriak, eta abar.
 
Argi dago, beraz, elikadura aldatu egin dela azken urteotan, kalitatean bezala baita kantitatean ere, eta horrexegatik garrantzi handikoa da gazteei ohitura osasungarriak irakastea: zerealak gosaltzeko, adibidez –horrela zuntza ere ahoratuko dutelako–. Bazkalorduan, berdurak eta arraina kontsumitzea litzateke egokiena, baina hori lortzeko sukaldean irudimen apur bat behar da, normalean horrelakoak baino nahiago izaten dituztelako pastak eta haragiak. Bestalde, frutak –osorik edo zukuan–, ogitartekoak opil industrialen ordez, esneki gaingabetuak edo erdigaingabetuak eta oliba-olioa sukaldean, entsalada eta plater nagusiak maneiatzeko. Borroka luzea izango da, baina derrigorrezkoa, ezbairik gabe.

ASTEKARIA
2007ko martxoaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude