argia.eus
INPRIMATU
Koldo Biguri
«Herri xehea osatzen dutenen mosaiko oso bat erabiltzen du»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Koldo Biguri
Raul Bogajo

Zer aurkituko du irakurleak euskaratu duzun Pratoliniren nobelan?


Bistaratzen zaizkigun gertakariak XX. mendeko bigarren hamarkadaren hasieran daude girotuta, Italian faxisten eta antifaxisten arteko liskarrik gogorrenak egon ziren urteetan, Mussoliniren diktadura baino lehentxeago batez ere, baina ondoko urtean ere bai. Giro politiko horrek eragin nabaria izango du Via del Corno kaleko biztanle guztien bizitzan. Baina tesi politiko bat azaltzetik aparte, herri xehearen kezkak eta ametsak, amodioak eta gorrotoak kontatzen ditu Pratolinik, herri xehea osatzen duten pertsona apalen mosaiko oso bat erabiliz.

Zein da Maitale koitaduen kronikak liburuan Vasco Pratolinik erakutsitako dohainik handiena?


Trebezia nabaria dauka gizarte osoarenak diren arazo sozial eta politikoak pertsonaien barne-begiradaren bitartez eszenaratzeko, Via de Cornoko jendearen nahigabe eta pozak lirikotasun errealista batez kontatuz. Nobela 1946an idatzi zuen, Italian komunismoa nagusituko zela uste zuen garaian; hartara, neorrealismoaren barruan koka daitekeen kronika honetan, ikusiko dugu nola herri klasea ari den apurka-apurka bere buruaren kontzientzia hartzen, klase kontzientzia izatera iritsi gabe ordea.

Idazle gehienak burgesiarena bezala, Pratolinik jende apalaren jarrera morala islatu zuen. Arrazoia?

Idazlearen esperientzia eta oroimena daude agertzen duen unibertso horren jatorrian. Bera ere herri xehe horretako partaide zen, eta horrexegatik izan zuen joera herri hori bere kontagintzaren protagonista nagusitzat hartzeko.