Alberto Elosegi
Toponimian bezala, izen-abizenetan erdal oihartzuna ugari: Palacio eta González, Raul eta Sergio. Hauek ere eszentrikoak dira, euskal hiztunen kopurua ehuneko zortzi den herrian, euskaraz ikasi dute “poliki poliki, bizitza gozatzeko”. Duela hogeiren bat urterarte Durangaldetik-eta azoketara etortzen zirenak “los vascos” ziren karrantzarrentzat. Orain inork ez omen du esaten “ése es vasco”.
Donibane Garazin, hamalau artista Emazteen artea erakusketan. Zaharrena, Marie-Hélène Gastigard, Kanbokoa, 36ko Gerrako iheslarien laguna, haietako bat hartu zuen senartzat, Jesus Etxebarria eskultorea, Baranbioko arabarra, gudari ohia. Gazteena Zoe Bray, Europan aldenik alde etxeko pasiloan bezala ibiltzen den margolaria, Izuran pausalekua jarri berri, Donostiako Artelekura etorri nahi luke egonaldi bat egitera. Tartean Angela Moreno nafarra, Uhartekoa, eta Rosa Valverde donostiarra, Azkainen bizi. Frantsispana lardatuz hitz egin dut gainerakoekin: Christine Etchevers, Kanbokoa hau ere; Florence Etchart, Altzürükün bizi den bordelesa, Maurice Béjarten taldeko dantzaria izana margotzen hasi aurretik; Jacqueline Lebrun, baionarra sortzez, bizitza Parisen egin eta orain Lekunberrin kokatua, Donapaleuko gau-eskolako ikaslea...
Josette Dacostak aurkeztu dizkit banan bana, Etxea behin eta berriz margotzen duen artista etxekoandere paperean, erakusketa antolatzen ere ibili baita. Perfumez perfume, glamour tantak darizkie bizitzaren erditik aurrera doazen emakume artista hauei. Zenbaitzuk han-hemenka ibili eta gero hautatu dute Euskal Herria bizitzeko. Askok daukate familiaren historian Iparraldeak bizi izan duen emigrazioaren arrastoa. Ia denek dute aitatxi edo amatxiren bat euskaldun garbia omen zena. Tamalez, diote, eten zen katea.
Arguedaseko kafean berehala antzeman digu Marian La Pinturerak: “vosotros sois vascos, ¿de San Sebastián o de
Gas-te-iz?”, silaba bakoitza ondo ahoskatu nahian. Ez zuen asmatu; nafarrak dira Artamugarriak taldeko artistak, erdiak-edo euskal hiztunak, bere kasa ikasi duen Patxi Aldunate barne. Bakearen eta demokrazia parte hartzailearen alde dihardute, eta ekainean egin asmo duten ekintza prestatzera joanak ziren Bardeatara. Mendebalak ekarritako euripean, goardia zibilekin topo. Eskerrak natura babesteko taldekoak ziren goardia zibilak, txikizioan ibili ohi diren moteroen ordez, artista bakezaleen taldea geldiarazi eta identifikatu behar. Haiek ere, Marianek bezala, “son vascos” pentsatu zuten nonbait, ikurriñaren lekuan Afrikako tribu galdu bateko bandera baldin bazeramaten ere furgonetan artistek.
Karrantzatik Garazira, Bardeatik barna, vasco, basque eta euskaldun, euskal herritar izateko hainbat modu, mila ñabardura. Paisaiaren forma, egitura, kolore eta usainak adina.