Beti geratuko zaigu Paris. Paris eta bere auzuneak. Eiffel dorretik ikusten ez direnak eta Eliseoak polizia kopuruaren arabera sailkatzen dituenak. Grafitiz betetako hormak, seriean eraikitako blokeak, metrorik gabeko kilometroak, kartzela gainezkatuak, fabrika hutsak. Beti geratuko dira istiluak auzune burges eta proletarioak bereizteko, oihalak eta trapuak ez nahasteko. Libérté, égalité, fraternité, baina frantsesak eta frantsesak daude, mon frère. Ez konparatu Neully-ko ministroaren semea eta Bobigny-ko hirugarren belaunaldiko ritala. Jatorri jatorrak dakar labela, labelak kalitatea. Hortik aurrera, ritalak rital eta txakurrak oinutsik.
AEK-k ere oinutsik egingo du korrika. Ez zaio itzali ministroaren semea eta ritala euskalduntzeko irrika. Neullytik Bobignyra joaten ez direnak eraman nahi lituzke Karrantzatik Iruñera. Gure euskaldun zahar-euskaldun berri bereizketak ez dio askorik laguntzen, ordea. Heldu beharko diogu horri ere.
Ezagutzen duzue espainol zahar edo frantses berririk?
Tira, beti geratuko zaigu Paris.