Burua lepatu

  • Lepatutako ezkirik (Tilia sp.) ez dut ezagutu mendian. Mordoa, ordea, espaloi eta enparantzatako hormigoizko leotzetan. Alboa (Platanus x hispanica), ostartxa (Acer pseudoplatanus) eta hirurak dira motozerradun hiltzaile itsuen itu nagusi. Geure ikuspegitik landare eta landaretza guztiek dituzten hiru egitekoetatik bi nagusienak, soziala eta ekologikoa, ahaztu eta arloteenari, estetikari, soilik helduta lan egin ohi du kaleetako nagusi eraile saldo honek.
Itu estetiko hori lortzeko lepatzea edo mugarrotzea, gizakiak zuhaitzari dion beldur beldurgarriak eta lan horren atzean ezkutatzen den negozioak zuritzen dute. Beldur horri aurre egiteko segurtasuna aipatuko dizute, baina benetan lepatutako zuhaitza gero eta arrisku handiagoa da azpian dabilenarentzako. Lepatzea urtero edo dena delako urte kopuru jakin batez behin zuhaitzaren adar guztiak toki jakin batean moztea da. Toki horretan zauri ikaragarriak sortzen dira eta, inausketero, etengabe berritu. Ondorioz zauri horretatik sartzen diren urak eta nokieroko aurkari guztiek enbor osoaren eta sustraien buruaren nahita ezko hustea ekarriko dute. Gero hutsune horretatik zartatu, pitzatu eta zuhaitza puskaka jaustea dator.
 
Adibide miresgarriak ditugu mendietan, zuhaitz-lizar utzi beharrean egur-ikatzetarako, su-egurretarako, bazkarako, ontzigintzarako, etxegintzarako… mugarrotu edo lepatzen ziren baso galantak. Egurrak eta zurak milaka urtetan gure gizartearen ekonomiaren kulturaren arlo gehienetan zuten garrantzi itzelaren adierazle mutu dira. Estetika buruhauste nagusietatik urrun zen garaitako sekulako paisaia zirraragarriak; gizartearen premiei erantzuteko asmatutako ustiaketa ekologiko iraunkor jasangarri eder askoa. Ustiaketa hura burutzen zuen burua behar da egun ere, gaurko beharretara egokitua. Lepatu gabeko burua.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude