argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Gizonak antzu mugikorraren eraginez?
  • Telefono mugikorrak erabiltzeak semen ekoizpena kaltetuz antzutasuna eragin dezake gizonezkoetan, AEBetako Ugalketa Ikerketarako Zentroak egindako ikerketaren arabera.
     
    Telefono zelularrek igorritako uhinek espermatozoide kopurua, mugikortasuna eta kalitatea ere gutxitu ditzakete, ia erdiraino murrizteraino. Horren ondorioz, zenbait gizonezko antzu ere gera daitezke.
Jabier Agirre 2007ko martxoaren 11
Zientzialariek 364 gizonezkoren esperma aztertu zuten, antzutasun-arazoak ikertzeko martxan jarritako ikasketa-proiektu zabal batean. Adituek ikusi ahal izan zutenez, telefono mugikorra gehien erabiltzen zuten gizonezkoek –egunean lau ordu baino gehiago– zuten esperma kalitaterik eta kantitaterik eskasena; 50 milioi espermatozoide milimetro kubiko bakoitzeko. Telefono mugikorra erabiltzen ez zutenek, berriz, semen kopuru handiagoa –86 milioi espermatozoide/mm3 bakoitzeko– eta, hori baino garrantzitsuagoa dena, osasungarriagoa zuten.
 
Ia 1.000 milioi pertsona dira, mundu osoan, mugikorra erabiltzen dutenak. Garapen bidean dauden herrialdetan, gainera, erabiltzaile kopurua hazten ari da urtetik urtera –% 20-30 bitartean–. Igoera horrek ez luke inor arduratuko, baldin eta mugikorren erabilerak kalterik ez dakarrela frogatuta balego. Baina, AEBetan egindako ikerketa horrek dioena egia izatera, telefono mugikorra erabiltzen dutenek hobe lukete ondorio posibleetan pentsatzea.
 
Ikerketa horrek salatzen dituen ondorioak frogatuko balira, telefono mugikorren erabilera askoz ere gehiago kontrolatu beharko litzateke, adin tarte batzuetan bereziki. Izan ere, txosten zientifiko horretan zehazten denez, mugikorra asko erabiltzen duten gizonezko batzuek hogei milioi espermatozoide baino gutxiago zeuzkaten milimetro kubiko bakoitzeko. Eta kopuru hori Osasunaren Munduko Erakundeak antzutasun itzulezina bezala definitzen duena baino txikiagoa da.
 
Kontuz, beraz, telefono mugikorrekin!