argia.eus
INPRIMATU
Garazi Zabaleta
«Beti pentsatu izan dut benetako abestiak ez direla bilatu izanaren ondorio»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a
Sugan taldeko hiru kide

Gure sustraiak galtzeko arriskua dugu?


Jaiotzetik inkontzienteki bizi izan dugunaren irudi gara, oinaze eta zorioneko pintzeladez margotuak gaude. Tarteka, egindako bidearen gaineko oroimenetan murgiltzea komeni da. Zuhaitzak abestiak aipaturiko momentu jakin horretan zirrara sortu dizuten sentimenduak biltzen ditu.

Pop-rocka egiten duzue ñabardura askorekin, eta pianoek eta konposizioek kutsu malenkoniatsua dute. Arrasto berezirik uzten ez duen ohiko pop-rocketik alde egiten duzue…


Beti pentsatu izan dut benetako abestiak, zuhurrenak direnak, ez direla proiektatzen; hau da, oro har ez direla bilatu izanaren ondorio. Egunak beti desberdin argitzen du: zorioneko zarenean malkoak isurtzeko arrazoiak ez dira desagertzen eta tristuran ere hala jarraitzen dute. Beraz, malenkonia itsatsi bat nabari bada, irakurketa horren ondorio da.

“Bihar harro egon nahi dut iraganaz”, “Atzean uztea izana izango delakoan”, “Gupidarik ez duen denbora zaharra berritu nahi dut oroitzapenak sortuz”... Denbora beti tartean, a ze esaldiak...


Guztia dugun bizitzan bada guztiari zentzuren bat bilatzeko ahalegina. Gogoetak bideratu behar du norbera baliagarriak zaizkion erantzunetara. Sormenaren aberri gara eta ez hezur eta azal hutseko, denbora abstraktuan historia ez egin arren, gure oroitzapenak ditugu.

Preso dagoenaren borroka hutsala da?


Ez da borroka hutsalik, aldaketak iraultza baten itzaletan daude. Ezin gara jarri preso baten azalean; horrelako egoerak azaltzeko bizi egin behar da hori. Baina ziurrenik egunero burutik igarotzen diren milaka pentsamenduak ez dira sekula berdinak eta diskoko azken abestiak pentsamendu horietako bati egiten dio erreferentzia. Inpotentzia jasan ezin bat; bakardadean eta bizirik dirauten desioz hornituta agur bat ametsetako Euskal Herriari.