Patxi Huarte, Zaldi Eroa: Umore indioaren buruzagia

«Ez, nik ez nuke ergatiboa kenduko»

  • Euskal indioek seriotasunez begiratu izan diote munduari beren erreserba txikitik. Azken aldi honetan ordea, buruzagi berri batek giroa aztoratu du. Luma burutik kendu eta paper gainean jartzea otu zaio, komikiak egiteko. Eta euskal indioek barre egiten ikasi dute komiki horiei esker. Erruduna –hala deitzea baldin badago behintzat– Zaldi Eroa izenez ezagutzen dute. Izen horren atzean ordea, Patxi Huarte ezkutatzen da, ironia, surrealismoa eta xalotasuna uztartuz bere berezkoa duen estiloa garatu duen komikigilea.
Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2007ko martxoaren 11
Patxi Huarte, 'Zaldi Eroa'
Josu Santesteban

Zure lehen marrazkiak Korrok aldizkarian kaleratu ziren. Zer giro zegoen Iruñean urte haietan? Zerk bultzatu zintuen marraztera?


Paraiso irratian nengoen, irrati libre bat, Iruñean egon zen lehendabizikoa, eta han aditu nuen marrazkilari bat behar zutela Korroken. Deitu eta hasi egin nintzen. Euskal kulturan zerbait egin nahi nuen, ze nik ikastolan ikasi nuen, baina atera bezain pronto euskara galdu nuen. Ez nuen hitz egiten, ez nengoen inolako giro euskaldunetan sartua… Halako kontzientzia bat piztu zitzaidan, eta Korroken hasi nintzen.

Geroztik hainbat hedabidetan aritu zara: Nafarkaria, Aizu!, TMEO... Orain Berria egunkarian zabiltza egunero. Hasieran afizio zena ofizio bihurtu zaizu?


Bai. Euskalerria Irratian nenbilenean AEKn lanpostu bat atera zen marrazkilari batentzat eta han hasi nintzen marrazkilari bezala kobratzen.

Ofizio bitxia da, zer moduz bizitzen da komikigile bat?


Bueno, biziraun egiten da. Ez duzu soldata arrunta inoiz egiten. Orain mileuristak maila baxuena direla esaten dutenean… Nik nahiko nuke mileurista izatea!

Zurea bezalako lan sortzaileetan ez du bertigorik ematen hurrengo egunean argitaratu behar den komikirako ideiarik gabe egoteak?


Ongi daramat orain arte. Hala ere, azken aldi honetan ez dut hain garbi. Behin gidoilari baten liburuan irakurri nuen ez zaiola beldurra izan behar, berez aterako dela zer edo zer zure lanean sinesten baduzu. Eta orain arte horrela egin dut. Azken aldian nahiko gidoi eskasak atera zaizkit ordea, krisian sartu naiz.

Euskal Herriko egunerokotasuna, politika alorrean behintzat, ez da nahi bezain baikorra. Nola lortzen da umorezko begiratua ematea?


Ez dakit. Oraingo egoeran txisteak egiten hasten bagara… Nik uste antzematen dela niretzat egoera ez dela graziosoa. Azken bi urte hauetan bagenekien gauzak bideratuta zeudela modu batean edo bestean eta horrek lasaitzen zaitu gauzak beste modu batean hartzeko, modu alaiagoan, eta kritikatzeko. Baina orain gauzak bere gordinean agertzen direnean, jendea atxilotzen dutenean, De Juana hilzorian dagoenean, jendeak hiltzen duenean… zailagoa da.

Politikaz ari gara. Politikariak pertsonaia bihurtu izan dituzu komikietan. Zein izan da komikiratzeko zailena eta zein errazena?


Sanz, esate baterako, oso zaila egiten zait eta ez dut ateratzen. Bere gauzetaz barre egin dut baina bera ez dut atera orain arte. Ni oso karikaturagile txarra naiz, asko kostatzen zait jendearen aurpegia islatzea. Aznar berriz oso erraz ateratzen zitzaidan. Hauteskundeak galdu zituenean umorista guztiek esan zuten “ze zaila egiten zaigun orain eguneroko komikia egitea”. Bera giñoletako pertsonaia da, oraindik ere. Fisiko horrekin eta esaten dituen gauzekin…

Tabuak ukitu eta puskatzen dituzu sarri zure komikietan. The Organizationeko kideak marraztean adibidez, ETAko kideak zure komikietako pertsonaia bihurtu dituzu. Norbaitek gaizki hartu dizu inoiz?


Bai. Behin, errepresioa oso bortitza zenean zera esan zidaten: “Etxeko taldea galtzen ari da eta zu hortaz barre egiten”. Gaztelaniaz esan zidaten. Normala da eta bueno, beste batzuk igual ez didate esan, baina aurpegiak jartzen dizkidate… Baina bueno, gutxi.

Jendeak ondo hartzen du.


Bai, preso ohiak ere egon dira, oso ondo ari naizela esan didatenak eta etakideak izandakoak dira noski.

1994ra egingo dugu salto. Urte hartan Rikardo Arregi Saria jaso zenuen. Geroztik zure jarraitzaileek berriro proposatu izan dute zuri Rikardo Arregi Saria ematea, baita ARGIA Saria ere eta… Euskaltzaindirako ere proposatu zaitu norbaitek! Ezin esan jarraitzaile faltan zabiltzanik.


Egia da bai, eta gauza pozgarria da. Ingeleraz esaten den bezala, feedback handia izan dut lehendabiziko momentutik. Ni beldurrez hasi nintzen eta Berriakoei esan nien ez nuela nire burua ikusten eguneroko lan horretan. Eta beraiek nahi nuen epea hartzeko esan zidaten, “egon zaitez hilabete batez edo bi hilabetez eta gero ikusi”. Eta hasi bezain laster beldurra galtzen joan nintzen, gero eta gauza pertsonalagoak egiten. Zenbat eta lan pertsonalagoak egin orduan eta harrera hobea nuen… Alde horretatik oso pozik nago.

Lan pertsonalak aipatu dituzu. Askotan zure burua sartzen duzu komikietan. Ez dizu beldurrik ematen jendeak zu eta komikiko pertsonaia nahasteak?


Ez dut inongo beldurrik. Orain, gertatzen da jendeak esaten duela ego handia dudala, eta bueno, horrek mintzen nau, baina ni nire esperientziatik abiatzen naiz besterik gabe, eta horrela aldarrikatzen dut eta aitortzen dut. Nire esperientziatik abiatzen naiz beti. Nik uste hori gauza ona dela. Niri horrelako autoreak gustatzen zaizkit, bere esperientziatik abiatzen direnak eta bere gauzetaz hitz egiten dutenak. Esate baterako nik nire katuari buruz hitz egiteak “txorrada” bat ematen du, baina gero gauza interesanteak ateratzen dira, zuk bizi dituzun egoerak direnez, zerbait autentikoa ateratzen da.

Pertsonaz eta pertsonaiaz, zu Patxi Huarte zara, baina Zaldi Eroa izenarekin sinatzen duzu. Noiz hartu zuen Patxi Huartek Zaldi Eroa izena?


Marrazten hasi nintzenean. Zaldi Eroaren aldeko pintadak egiten nituen, Crazy Horseren aldekoak. Hasieran gazteleraz izaten ziren: Caballo Loco vive. Gero euskaldundu nintzenean, kontzientzia euskalduna hartu nuenean esan nahi dut, Zaldi Eroa izena hartu nuen.

Izena buruzagi indioari hartu zenion. Iruñean euskalduna siouxa bezala sentitzen da?


Siouxa bezala ekologiaren ikuspuntutik sentitzen naiz. Ni bizikletaz ibiltzen naiz eta mundua bizikletatik edo autotik ezagutzea oso diferentea da. Esate baterako, egunero A-8an izaten diren arazoez entzuten dudanean siouxak bezala bizi ditut. Baina kulturalki palestinarrak bezala bizi dut Nafarroa. Batek esan zuen Iruñea Jerusalem bezala geratuko zela. Jerusalemen bizi diren palestinarren antzera sentitzen gara: ematen du gure hiriko administrazioa ez dela sekula euskalduna izango baina bueno, bertan iraungo dugu gure kultura hemen errotua dagoenez.

Egunkarietan ateratzen diren komikigileen artean zein dituzu gustukoen?


Nik bat daukat guztien gainetik: Steve Bell ingelesa, The Guardian egunkarikoa. Oso ona da. Egunero egiten ditu zintak, kristoren marrazkilaria da, oso surrealista… Nik ez dut ulertzen, ez dakit ingeleraz, baina imajinatzen dut nondik nora doan eta oso ona iruditzen zait. Eta bueno, Berrian gaudenok denak gara onak. Oroz ere asko gustatzen zait.

Bukatzeko aipu parea. Lehena Xabier Olarrarena, berak itzuli eta zuk ilustratutako Raymond Queneauren Estilo Ariketak liburuaren harira: “Esan beharra daukat oso ongi aurkitu duela liburuak tarteka duen tonu surrealista eta beste batzuetan duen kutsu naïf hori esku trebez emateko bidea”. Zure komikiek ere badute bai, surrealismotik bai naïfetik ezta?


Surrealismoa nire ustez oso lotua dago umorearekin. Umorea inork oso ongi ulertzen ez duen gauza da. Nik ere ez dut ulertzen. Inork ez du ulertzen. Zergatik txiste on batek grazia egiten duen eta zergatik den ona. Zergatik esaera hori den hain graziosoa. Sorpresa… zertan datza sorpresa… Surrealismoa niretzat oso kuriosoa da eta nik uste dut berebizikoa dela.
Eta naïf izatea niretzat ona da: gauzak modu inozo batean begiratzeak laguntzen du benetako errealitatea ezagutzen. Literaturan, pinturan… begirada garden eta inozo batekin begiratzen duzunean gauza politak ateratzen dira. Ez dira artelan osoak, ni ez naiz artista iraultzailea sentitzen, baina ateratzen dena ez dago gaizki. Badu zer edo zer.

Bigarren aipua Goñi tabernako zure kidearena da, Juan Kruz Lakastarena. “Euskalduntasunaren modernizatzaile” bezala definitu izan zaitu. Modernitatearen bandera hartu eta ergatiboaren abolizioa proposatzen jarraituko duzu?


Ez, ez… Kontua da ni euskaldun berria naizela eta ergatiboarekin zailtasunak ditudala oraindik. Baina bueno, baita baldintzazko aditzekin eta gauza guztiekin. Baina euskara kontuetan ez dut inongo ildo gramatikalik edo linguistikorik… jolastu egiten dut besterik gabe.

Beraz ergatiboaren abolizionistek beste lider bat bilatu beharko dute?


Badira horrelakoak? Baten batek aipatu zidan euskara errazteko-eta batzuk ari zirela… Ez, nik ez nuke ergatiboa kenduko.

Azkenak
2017-10-18 | ARGIA
Milaka kataluniar kalean Sanchez eta Cuixart preso politikoak aska ditzatela eskatzeko

Kataluniako bi milioi herritar baino gehiagok autodeterminazio erreferendumean bozkatu zuten urriaren 1ean, Espainiako Estatuko poliziaren eraso larriei aurre eginez. %90 inguruk baiezkoaren alde bozkatu zuen. Geroztik, mahai gainean da Katalunia estatu independente izateko aukera. Unean uneko gertakariak jarraitzen ari gara.


Senide eta lagunak ere, preso

Arabako presoek bizi dituzten salbuespen-egoerak eta eskubide urraketak mahai gainean jarriko ditu Askerock jaialdiak; Willis Drummond, Esne Beltza edota Riot Propaganda izango dira urriaren 21ean Gasteizko Mendizabalan. 


2017-10-17 | Uriola.eus
"Inoiz baino indartsuago gaude jai eremuan internazionalismoa zabaltzeko"

Uribarriko Ane Ortiz Ballesteros (Bilbo, 1989) Askapeñako konpartsakidea jardun da aurtengo Aste Nagusian txupinera lanetan txaketa eta txapela gorria jantzita. Jai bereziak izan dira zalantzarik gabe aurtengoak berarentzat. Besteak beste, jarduera eta gune berriak ezagutzeko aukera izan du. Ez du erraz ahaztuko bederatzi egunetan “jendeak emandako maitasuna”. 


'Patria' operazioa: erregimenak euskal gatazka behar du legitimatua sentitzeko

Fernando Arambururen Patria nobelak irabazi du, aurreikuspen guztiak betez, Espainiako Narratiba Saria. Euskal gatazkari buruzko “behin betiko nobela” izateko bokazioz sortutako produktu literarioak badu, honenbestez, aitortza definitiboa eta badirudi beste puska batean liburu-dendetako lehen lerroan izango dugula.


2017-10-17 | Xabier Letona
Errepresioa ala elkartasuna

 Jordi Sanchez eta Jordi Cruixarten espetxeratzeak beste jauzi bat ekarri du Espainiaren lasterketa errepresiboan, lehenbiziz espetxeratu baititu Kataluniako independentistak, kalean helburu horren aldeko manifestazioak egiteagatik.


2017-10-17 | Aiaraldea.eus
Alfredo Remirezi elkartasuna adierazi diote hainbat artistak

Alfredo Remirez amurrioarraren omenezko speak corner ekitaldia antolatu zuten Bilboko Bilbo Zahar auzoan urriaren 14an. Hainbat artista igo zen oholtzara: Kokein taldea, Lutxo Egia idazlea, Oihana Bartra bertsolaria... Beste batzuek bideoa bidali zuten: Los Chikos del Maizeko Negak, Estricalla eta Kop taldeek, besteak beste.


2017-10-17 | Topatu.eus
Okupazioaren eta autogestioaren aldeko manifestazioa Bilbon
MULTIMEDIA - erreportajea

Ehunka gazte bildu dira Bilbon urriaren 14an, GAS Gazte Asanbladen Sareak deituta, gune okupatu eta autogestionatuen alde.


2017-10-17 | Miren Osa Galdona
Maltako ustelkeria salatu duen kazetari bat hil dute, bonba-autoz

Daphne Caruana Galizia da kazetaria eta Maltako politikariek ustelkeria kasuekin duten lotura salatu izan du. Astelehenen arratsaldean, urriak 16, bonba bat jarri zioten autoaren azpian. Leherketa erabatekoa izan zen eta momentuan bertan hil zen kazetaria. Herrialdea Europako enpresa handi eta aberatsentzat paradisu fiskala bilakatu dela salatu zuen. “Maltako paperak” izeneko ikerketan.


Alde Zaharreko gaztetxearen okupazioa arbuiatu du Irueko Udalak

UPNk aurkeztu du Rozalejoko jauregiaren okupazioaren kontrako adierazpena, Herritarren Gaietarako Batzordean. Geroa Bairen babesa jaso du.


2017-10-17 | Jon Torner Zabala
"Emakumeak euskal komikian" hitzaldia Bilbon, Josune Muozen eskutik

Bilboko foru liburutegian ikusgai dagoen "Euskal komikia 1975-2017" erakusketaren baitan, "Emakumeak euskal komikian" hitzaldia emango du Josune Muñoz ikerlariak gaur, asteartea, 19:00etan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude