Mikel Saiz
Ez da lehendabiziko aldia euskararen ondorengoenganatzean eta euskal kulturaren iraunaraztean herri honetako emakumeek egindako ahalegina aipatu eta goraipatu dena. Gogoan dut 2005ean Euskalerria Irratiak orain berrogei urte, frankismo garaian bete-betean, Iruñean euren seme-alabak euskaraz hazi eta hezi zituzten emakumeei Larreko Saria eman ziela. Emakume horietako hamahiru andre adindu bildu ahal izan zituzten omenaldi ekitaldirako eta andre horien duela berrogei urteko oroitzapenek hunkitu ninduten. Euskara erabat zokoraturik, cristianoz egitera konpultsiboki behartzen zituen Iruñeko gizarte haren mesprezu, higuin eta irainen aitzinean ama euskaldun tematsuek familia esparruan euskarari eutsi eta umeak zabaldu berria zen ikastolan eskolatzeko irmo jokatze horrek barrena ukitu zidan.
Emakume horien oroitzapen eta lekukotasunak etorri zitzaizkidan gogora Edurne Brouardek irakurritako manifestua entzundakoan. Metafora ederra iruditu zitzaidan erabili zuena: Euskal Herriko mendebaldean, Karrantzako Pozalagua izeneko kobazuloan, ohiko estalaktita eta estalagmiten artean, estalaktita berezi-berezi batzuk ageri dira: estalaktita eszentrikoak. Egitura horiek, beste lekuetan ez bezala eta beste inon baino gehiago, goitik behera erori beharrean, ezker-eskuin zabaldu eta sare moduko bilbe egitura ikusgarrietan hedatzen dira. Elkar jo gabe, nork bere nortasunari eutsiz, baina, sarea behar den moduan egituratzeko, ondokoaren laguntza eta itzalaren babesean. Estalaktita horiek bezala, ezker-eskuin zabaldu eta, euskaraz hitz eginez, herri bat osatu dugu euskaldunok.
Eta estalaktita eszentrikoen antzera, gehiengoaren moldeetatik at jokatu zuten euskal andreek orduan inguru nagusi-nagusiki erdaldun eta erdaltzalean harremanak euskaraz egiteko tokia bilatuz, goitik behera heldu zen erdararen logika, behar eta inertziari men egin beharrean, ahal zela eta ahal zen guztietan horri izkin eginez. Halakoa izan zen emakume horien eszentrikotasuna!
Egun ere, anitzetan Euskal Herrian euskaldun gisa bizi nahi izateak eszentriko bokazioa eskatzen du. Aldeak alde, egun ere euskal emakumeek segitzen dute izaten eszentriko samarrak, erdararen inertziari hain aise makurtzen ez zaizkionak. 2001ean Euskal Herrian egindako kale neurketak –2006an egindakoaren datuak oraindik ez ditugu ezagutzen– emakumeen erabilera handiagoa agertu zuen ia leku guztietan, eta datuak aztertu zituztenek euskararen erabileraren igoeran emakumeek izan zuten protagonismoa aipatu zuten.
Eszentrikoak behar ditugu euskal emakumezkoak, ezker-eskuin eta eskuin-ezker beraien harremanak euskaraz hedatzen dituztenak, oraindik, familian bezala hezkuntza sisteman ere, euskara belaunaldi berriei emateak nagusiki emakumeei loturik segitzen baitu.