Alderdi abertzaleak elkarrekin behingoz?

  • Euskal Herria Bai koalizioa (EH Bai) iazko udan abian jarri zen Ipar Euskal Herrian, ekimenaren bultzatzaileak AB, Batasuna, EA eta EAJ-PNB izaki. Alderdi hauen helburua Frantziako Asanblea Nazionalerako bozetan EH Bai koalizioa aurkeztea zen. Iragan abenduan ETAk Barajasen egindako atentatua dela eta, asmoa blokeatua –edo bertan behera geratu– da. Alderdi hauetako lau buru bildu ditugu mahai-inguruan: Aitor Arandia (EAJ-PNB), Mattin Etxepare (EA), Mertxe Colina (AB) eta Xabi Larralde (Batasuna). Lau buru, hainbat aburu.
Aitor Arandia, Xabi Larralde, Mattin Etxepare eta Mertxe Colina
Maddi Soroa

2006ko ekainean, ABk egindako proposamenaren harian abiatu zen EH Bai ekimena. Udan egindako bilkuretan metodologia finkatu zenuten. Baldintzetako bat diskrezioz aritzea izan omen zen, elkarrekiko errespetuan. Ados al zaudete ikuspegi honekin?


Xabi Larralde. ABk proposatu zuen, baina Batasunak EH Bai-ren ideiaren antzeko proposamena egin zuen 2002an. 2004an berriz, Espainiako Kongresurako hauteskundeen karietara Bergarako proposamena egin genuen Hego Euskal Herrian. Telesforo Monzonen filosofiaren harian egindako proposamena izan zen: abertzaleok Madrilgo eta Parisko parlamentuetan egotea Euskal Herriko ordezkari gisa aritzeko.
Mattin Etxepare. Hain gibelera joan gabe, guk proposamena egin beharra ikusi dugu berriki bozetara elkarrekin aurkezteko. EA, halaber, Régions et Peuples Solidaires taldearekin (Eskualdeak eta Herri Solidarioak) ari da lanean Estatuan [EAJk ere parte hartzen du eta AB begirale gisa ari da]. Hemen abertzaleen arteko koalizioari lehentasuna eman nahi diogu, alabaina.
Mertxe Colina. Mikelek azaldu bezala, EH Bai proposamena ABk alderdi abertzaleei egindako eskaintza da. Xabik erraten duena egia da, baina proposamen zehatz hau ekaineko Biltzar Nagusiaren ondoren egin zuen ABk.
Aitor Arandia. Mertxerekin ados nago, bakoitzak bere ñabardurak egin arren. Guk gure aldetik maiatzeko Biltzar Nagusian Asanblea Nazionalerako bozak eztabaidatu genituen, baita onartu ere koalizioa egitea. Bozak oso zailak dira alderdi abertzaleentzat eta koalizioa ezinbestekoa Iparraldean gure burua agertu ahal izateko. Na-Bai koalizioaren ildoan egin nahi dugu aitzina hemen ere.

Lizarra-Garaziko Akordioaren garaitik ez ziren alderdi abertzaleak bildu ekimen bateratuan. Zer adierazten du honek? Iparraldeko egoeraren beharra –abertzaleak minoria izaki– edo hemengo alderdiak biltzeko dohaina?


X. Larralde. Bi estatu ezberdinetan gaude: batetik, Frantziako Estatuak ukatzen gaitu bortizki, eta bestetik, hemengo abertzaleok ez dugu Hegoaldean hainbat tokitan duten indarra. Minoria gara. Orokorrean, orain arte ez gara gai izan bi estatuei buru egiteko eta abertzaleok batzeko, Bergarako filosofiaren harian aritzeko gauza, alegia. Alta, Frantziako Estatua mugitzea lortu ez dugun arren, hemengo abertzaleok lan handia egin dugu eta hauteskunde horietatik landa irekiko den fase politikoan abertzaleok bat agertzeko aukera dago.
M. Etxepare. Iparraldea udal handi bat da, minoria gara eta ezin dugu ordezkaritza erdietsi. Baina, Uztaritzen konparazione, abertzaleek bat egin zuten eta ongi ari dira lanean Herriko Etxean. Uztaritzen eta beste zenbait udaletan bezala, Ipar Euskal Herri osorako EH Bai beharrezkoa dugu.
M. Colina. Politika egiteko kultura ezberdina da Hegoaldean eta Iparraldean. EH Bai beharrezkoa da eta posible ere bai. Hegoaldeko egoera oso krispatua da eta horrek hango elkarlana zailtzen du, eta ondorioz, hemengoa ere bai. Iparraldean, ezberdintasunak izan arren, hainbat arlotan elkarlana garatzen ari gara: Batera plataforma lekuko. Azken hilabeteotan EH Bai-ko bilkuretan kontsentsuaren kultura garatu dela iruditzen zait.
A. Arandia. Iparraldeko jendeak ilusioz ikusi du EH Bai koalizioaren sorrera, eta batez ere abertzaleek. Jende asko dago dinamika honetan engaiatzeko prest. Herritarrek alta, ez dute zentzuzkoa ikusten alderdi bakoitza bere aldetik joatea, bereiz ikusten bagaituzte atzera egiten dute sostengua emateko unean.

Horiek horrela ziren ETAk Barajasko atentatua egin zuen arte. EAJk Batasunari atentatua gaitzesteko eskatu zion. Koalizioaren asmoa blokeatuta dago. Hasieran printzipio batzuk finkatu ziren alta. Ez ziren sendoak edo?


X. Larralde. Koalizioaren oinarrian filosofia bat zegoen eta dago. Baina, nago koalizioa ez ote den blokeatuta ekimen hauek gauzatzeko funtsezko diren puntuak ez ditugulako ondo barneratuak. Duda egiten dut. Hiru puntu azpimarratuko ditut: 1. Elkarlana garatzeko kontsentsua landu behar da. Kontsentsuan batzen gaituzten puntuak bilatuz lantzen dira eta ez, norberak bere ikuspuntuak ezarriz. 2. Ekimenak irekia izan behar du, ezin da baztertzailea izan, NaBairen kasuan bezala. NaBaik aitzina egin du Batasunari “ez” erranez. NaBai ez da adibidea guretzat. 3. Gutxieneko heldutasuna behar da. Hau da, koiunturaren gainetik, unean uneko ekimena aurrera eramateko gai izan behar dugu. Adibidez, Batera plataforma ETAren su-etenik ez zenean gauzatu zen eta ez da gelditu Barajasen atentatua izan zelako. Nola da posible, koiunturaren gainetik, abertzaleek beren eremuz haragoko ekimenetan beste alderdi batzuekin aritzea, eta geure artean ez? Galdera honek EH Bai-ren blokeoaren arrazoia aztertzen lagundu behar digu.

ETAren atentatu bat izanez gero EAJren asmoa koalizioa gelditzea omen zen eta Barajaskoa gertatu zen.


A. Arandia. Guretzat baldintza nagusia hori zen. Gu EH Bai lantzen hasi ginen bake eta normalizazio prozesua indartzen joan zelako, ETAren su-etena tarteko. Argi eta garbi erran genuen hori. Gu ez gara EH Bai koaliziotik atera, ETAk Batasuna kanporatu du. Xabik Batera jarri du adibidetzat, baina Batera ez da alderdien arteko plataforma, mugimendu soziala baizik, ez da alderdien izenean ari. EH Bai ordea, bai.
M. Etxepare. Ni ez naiz Batera-ren gaian sartuko. ETA ez da Batasuna. Batasuna hemen legala da. Egunero ari gara lanean karrikan edo zenbait kontseilutan. Gaiak ez dira nahasi behar. EH Bai gogo afera da. Hegoaldeko ondorioek ez lukete hemen eragin behar, dinamika honek aurrera egin behar luke. Beharra dugunez gero, diferentziak gainditu beharko genituzke eta elkarrekin aitzina egin.
M. Colina. Elkarrekin hasi ginen eta baldintza batzuk ezarri ziren, desberdinak ginelako hain zuzen ere. Normalizazio politikoaren bidean egin dugu lan, bakea urrunago da noski, baina bidea honela ulertu behar da: abertzaleez haragoko alderdi guztien arteko mahaia osatzea helburu bada, lehenik batu gaitezen abertzaleok. ETAren su-etena behar genuen eta eman zen. Gero estatuen errepresioa dela, Alderdien legea dela, presoen aldarrikapenak direla... ETA Barajasen berragertu zen eta baldintzak aldatu dira. Eta lanean aritzeko baldintzak kontuan hartu behar dira. EAJri ezin zaio aurpegiratu ez duela bete bere hitza. Gertatuak koalizioa krisian sartu du.

EAk eta Batasunak pentsatzen dute aurrera egitea hala ere.


X. Larralde. Baina ez bakarrik. EAJk ezetz erran arren, beste hiruok segitzeko jarrera agertu dugu. Segi dezagun lanean eta EAJk egoki ikusten duenean bat egin dezala ekimenarekin.
Bestalde, blokeoaren arrazoietako bat –Mikelek aipatu duen– diskrezioa izan da. Diskrezio gehiegirekin egin dugu lan. Batasunak hastapenetik erran zuen ekimen honek alderdien zuzendaritzetatik harago zihoala, herrietara iritsi behar dela, funtsean herrietako militanteek aitzina eramanen baitute bozen kanpaina. Gure printzipioa baseko kideei alderdien berri ematea zen, eta ez dugu egin bereziki EAJk ez zuelako nahi. Guk ekimena molde horretan kudeatu nahi genuen elkarlanaren nahiari bide eta zentzu emateko, herritarren sentsibilitateak biltzeko. Gaurko koiunturan, alderdien erantzukizunez egin daiteke bide hori. Alderdien zuzendaritzen arteko eztabaida herrietara eramatea da gakoa, herrietan ekimen anitz gauzatzeko.

ABk ezohiko Biltzar Nagusia burutu eta EAJ eta Batasunarekin kritikoa agertu da. Koalizioa osatzeko denbora badela dio ABk. Batasunak ETArekiko hartu beharko lukeen jarrera ageri da erdian berriz ere. Zer da zehazki?


M. Colina. ABk ez dio eskatu Batasunari ETA gaitzesteko, hala ere. ABk ere ez du borroka armatua kondenatu. Guk borroka armatuaren estrategia ez dela emankorra diogu. Gure Biltzar Nagusian, ez Batasunari ez EAJri baldintzarik ez jartzea erabaki dugu. Saiatzeko deia egin dugu, guretzat EH Bai lauak baikara. Diskrezioari buruz: lau alderdiek hitzartu bezala funtzionatu dugu. Noski, beti ez dugu bat egin ekimenaren abiadura ulertzeko moldean, batzuek polikiago eta bestetzuek azkarrago nahi izan dute lan egin, baina bilkuretatik adostasun batekin atera gara. Bakoitzak ñabardurak egin ditu, baina behin ere ez gara bileretatik desadostasunean atera. Lanak kontsentsuz egin dira. Baina, irudiz, Xabi ez da bilkuretatik elkarlanaren sentimendu berarekin atera. Horra diferentzia!
A. Arandia. Diskrezioa dela eta: hau bezalako ekimena ezin da aitzina eraman, lehenbizi alderdiek ekimena mugatua eta ongi lotua dela erabaki gabe. Guk galderak eta zalantzak genituen, ez genuen ziurtasun osoa, eta ados gaude gizarteari aldez aurretik berriak emateko. Batasunak –bake prozesuaren bidean– Hegoaldean EAJ eta Batasunaren artean egindako bileretan diskrezioa eskatu du (Xabik badaki hori) eta hemen beste modu batera egin behar al dugu lan? Zergatik? Beste zehazpen bat: politikaz ari gara eta politika alderdiek erabakitzen dute.
M. Etxepare. EAJrik gabeko koalizioa egitea? Ez. Laurok joan behar dugu. Guk ez dugu Batasunarekin bakarrik joan nahi.
M. Colina. Xabik aipatu ditu gizartearen eta herriaren lana. Ez gaitezen gezurretan ari, politika alderdiek erabakitzen dute eta ez herritarrek. Jakina, guk herritarren lanak eta erabakiak hartzen ditugu kontuan. Alderdien politika ez da kalean erabakitzen eta hori denok oso ongi dakigu.

Nondik ikusten duzu batzeko aukera?


X. Larralde. Mertxek erran duen bezala ABk ez du ETAren borroka armatua kondenatzen. Izan ere, hori bada EH Bai aurrera edo atzera egiteko arrazoia, ez dago aurrera egiterik. Borondate politikoa da gakoa. EAJk zenbat urtez gobernatu du Gasteizen alderdi sozialistarekin PSOEk GAL kondenatu gabe? Barajasko atentatuarengatik dena bertan behera gelditu behar da Iparraldean? Filipe Bidart-en hitzek –espetxetik ateratzean– kalapita ugari sortu dute; borroka armatua sorrarazi zuten baldintzek berek irauten dutela erran du Filipek. EH Baik aitzina egitea euskaldunok bizi dugun ukapen egoeraren aurrean aitzina egiteko pausoa litzateke, gatazkaren konponbidearen bidean ez al gara eragile izan behar?
M. Etxepare. Euskal Herria hiru eremu administratibotan zatituta dago eta alderdi bakoitzak (Hegoaldean) bere botere tokiak kudeatzen ditu. Iparraldean ez gaude kudeaketa lanetan: guk euskara eta lurra atxikitzeko aski lan dugu. Gasteizen gertatzen dena beste afera bat da. Guk ez dugu hango tirabiren arabera aritu behar, gure egoera aldarazi nahi badugu ausardiaz jokatu behar dugu hemen.
M. Colina. Ados nago ausardiaz jokatu behar dela. Koiunturaz harago joan behar dugula dio Xabik, baina ausardiaz denok jokatu behar dugu. Ezin gara aritu ezer gertatu ez balitz bezala, koalizioak aurrera egin zuen, baina zoritxarrez zirkunstantziak orain ez dira gure alde: presoak kartzelan daude, ados, baina ETAk ere ez du esan zuena errespetatu. Orain bakoitzak besteari aterabide bat eskaini behar dio.

Batasunari eta EAJri esaten diezu hori bereziki.


M. Colina. Lau alderdiei esaten diet, zerbait kontsentsuatu ahal dela uste baitut. Hasi ginenean eta Barajaskoa gertatu arte, hainbat pauso eman ziren, denak ez ziren eman su-etena izan zelako, dena ez zen “lotua”. Ez dugu orain dela sei hilabeteko giroa, baina bakoitzak, gehiegi exijitu gabe, eroso sentitzeko modua eskaini behar dio besteari, ez da frustrazio txiki gabeko koaliziorik, minimoen eta maximoen arteko akordioa behar dugu.
A. Arandia. Gu alderdi nazionala gara eta koherente izan behar dugu Hegoaldean eta Iparraldean gauzak egitean. Estatu ezberdinetan gaude, ez dugu botere bera bi aldetan, ez dugu politika bera egiten ahal. Jakina, politikoki –PNV eta PNB– elkarrekin aritu behar dugu, eta ikusmolde bera landu. Hori batetik. Bestetik, Hegoaldean, gaurko egoeran Batasunarekin oso zaila da elkarrekin zerbait egitea, orduan ez dezagun esan han ez eta hemen bai. Han eta hemen zaila dugu. Bestalde, alderdi sozialista erruduna dela GALen aferan? Egia da. Baina, bizitzan eta politikan gauzak aitzinatzen dira eta egun inork ez du zalantzan jartzen alderdi sozialista alderdi demokratikoa denik. Guretzat bortizkeriak ez du lekurik demokrazian eta Batasunari bortizkeriatik lekuratzea eskatzen diogu.

Laupabost hilabete falta dira bozetarako, bizpahiru kanpaina hasteko. Martxoaren amaieran bilera eginen bide duzue lau alderdiek. Zein proposamen eramanen du alderdi bakoitzak bilerara?


M. Etxepare. EA ere alderdi nazionala da eta betiere kontuan hartuko dugu EAko zuzendaritzaren iritzia. Denbora aitzina doa, gu RPSekin joanen gara, Frantziako alderdi horiekin eginen dugu kanpaina. Hemen alta, EH Bai koalizioa osatzeko lana eginen dugu.
X. Larralde. EH Baik aitzina egin behar du, kandidatura bakarra behar dugu bake eta normalizazio prozesuak aitzina egin edo ez. Bakoitza geure aldetik joatea izugarrizko atzerapena izanen litzateke. Hori ekiditeko asmoarekin joanen gara bilkurara. Aitorrek politika alderdiek egiten dutela dio, bada, ez, alderdiak bitartekoak dira, baina herriak egin behar du. Ipar Euskal Herrian abertzaleek, testuingurua edozein delarik ere, kandidatura abertzale bakarra osatu nahi dute Parisko legebiltzarrerako.
A. Arandia. Guretzat bilkuraren lehen xedea alderdi abertzaleen arteko harremana lantzea da, lotzen gaituen haria ez moztea. Arazoak ditugu koalizioa egiteko, baina epe laburrera. Beste hauteskundeak etorriko dira eta egoera hobetzea espero dugu, beraz, haria atxiki behar dugu. Baliteke hilabete baten barruan egoera aldatzea.

Orain ez al da posible?


A. Arandia. Ez. Gure jarrera ez da aldatuko, Batasunak ETAri lekuratzeko ez badio esaten behintzat.

Barajaskoa gertatu ondoren Batasunak ETAri egin zion deia ez da nahikoa?


A. Arandia. Ez da aski. Batasunak eta ETAk muga bat ezarri behar dute beraien artean argi eta garbi, eta hori Batasunaren esku dago. Batasunak ez badu hori erabakitzen zaila du politikan aritzea.
X. Larralde. Non dugu etsaia edo arerioa? Gure artean edo bi estatuetan? Aitorrek aipatu du koherentzia hitza, ez naiz termino guztietan sartuko, ETA eta Batasunaren artekoaz dioenean, baina EAJk bi neurgailu erabiltzen ditu biolentziaren auzian. Bide demokratikoa aipatzen du, baina EAJk ez dio PSOEri eskatu Alderdien Legea bertan behera uzteko, edo ez du arazorik izan aurrekontuak elkarrekin onartzeko. Hainbat preso politiko hil zorian daude, non dago bide demokratikoaren espiritua?
A. Arandia. Xabik aipatu duen Alderdien Legearen aurka egon gara beti, ez da egia PSOErekin eta PPrekin bat egin dugula.


Zurea da azken txanda Mertxe.


M. Colina. Bi kontu nahi nuke aipatu: batetik, Batasunak politika picnic bat balitz bezala funtzionatzen duela. Hau da, picnica hondartzan izanen dela iragartzen du eta berdin du nolakoa den eguraldia edo zer denbora dugun antolatzeko. Picnica egin behar da, berdin hondartza desagertua bada ere. Jarrera hori ez da batere duina, abertzaleen mezua nahasten du.
 
Bestetik, azken bilkuran martxoaren bukaeran berriz biltzea aurreikusi genuen, baita hau erran ere: koalizioa ez da gauzatzen ahal, egoera aldatu delako. Baina elkarrizketari eutsiko diogu eta bi hilabete barne egoera aztertuko dugu. Baliteke egoera aldatzea. ABk martxoaren 24an bilkura eginen du eta eskaintza zehatza eginen dugu: txalotzekoa litzateke koalizioa elkarrekin osatzea.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude