Zein prebentzio-neurri har dezake herritarrak? Aurrenekoa, eta garrantzitsuena, gripearen kontrako txertoa hutsik egin gabe hartzea, arrisku-taldeetakoak direnen artean batez ere. Eta bestetik, pneumoniaren susmoa ez albo batera uztea, sarritan gripearen diagnostikoak itsututa, arnas aparatuko sintomei (eztula, karkaxa berde ilunak, saihetseko mina, etab.) ez baitzaie behar duten arreta jartzen. Horregatik medikuarengana joan eta auskultatzeko eskatzea ez dago soberan. Hortik gorako kontuak osagilearen iritziaren eta azterketa medikoaren arabera erabakiko dira, noski.
Adituek diotenez, egunean hamar zigarro baino gehiago erretzen dituztenek edo egunero 80 gramo alkohol baino gehiago edaten dutenek (bi garagardo basokada handi, whiski edo koñak kopa baten baliokidea), gripearen kontrako txertoa hartu beharko lukete urtero. Pertsona horiez gain umeek, hirugarren adinekoek eta gaixotasun kroniko edo kardiobaskularren bat dutenek osatzen dute arrisku-taldea. Osasunaren Mundu Erakundearen ustez, datozen urteetan pneumonia-kasuek gora egingo dute, biztanleria zahartu eta transplanteak jasan dituztenak ere gero eta gehiago izango direlako.