Nekazaritzarako egin zuen proposamenetako bat lurra lantzeko lanabesena izan zen. Bere arabera, burdinazko tresnak erabilita, higadura dela-eta burdin hori pixkanaka-pixkanaka lurrean geldituko da. Burdinak landutako lurretan eragin txarra duela zioen, sakabanatutako burdina-izpiak herdoil-multzoak bilakatuko dira eta lurra azidotasun aldera makurtu. Arazo hauek saihesteko kobrez egindako lanabesen erabilera berreskuratzearen alde egin zuen. Aspaldikoa da kobrez egindako lanabesak baliatzeko ohitura; Txina, Egipto eta makina bat tokitan bada aitzur eta pala hauen berri. Gure Viktorrek ordea, burdinak ez bezala kobreak tentsio magnetikoetan eraginik ez duela zioen. Geroztik lurra eskuz lantzeko behar den edozein lanabes kobrez egina ere aurkituko dugu, ez da erraza baina topatuko duzu. Aitzur beraz bi kolpe emanez, lanabes batzuei beste elementu kimiko batzuk gehitu zizkien: urrea, zilarra, magnesioa… lanaren poderioz izpika-izpika lurrarekin nahasiz honen kalitatea hobetzeko eta gutxi bada ere landareek beharrezko dituzten elementu hauen emana ziurtatzeko. Kobrea lanean jarri eta dantzatzeko kirtena behar eta bere ustez kirten onenak eskura gozoenak, ezkizkoak alegia.