argia.eus
INPRIMATU
Ez nauzue zalea
Joxemari Ostolaza 2007ko martxoaren 04a
Joxemari Ostolaza
Prentsaurrekoek, beti ere urdaila mindu didate, duodenuaren ultzerek berenak eginez. Eta gogoko izan ez ditudanez, ahal izan dudanean ekidin egin ditut. Azkena, urrun samarretik jarraitu dudana Magalas herrian izan da. Kazetariak azeri tropa bailiran inguratu ziren bertara zelatari. Eta beren presa agertu bitartean festa egitera joandakoaren gibeletik ibili genituen erronkari. Binaka antolatuak, batek mikrofonoa besteak kamera gure inguruan zebiltzan ez dakit zeren bila, guk ez genuen zerbaiten xerka. Galdera hemen purrusta han. Iritsi zen Filipe lagunez inguratuta eta hala ere ez zitzaizkigun kalmatu. Oiloa jan nahi zuten baina Filipek oilotik batere ez eta jangaitza suertatu zitzaien. Erran nahi zuena bota eta bertan utzi zituen goseti. Nahi zituzten titularrak lortu ezinean, haserre joan ziren marmarka. Orduan hasi zen festa, maitatua den bati prestatutakoa. Ederra oso, arras gizakorra mitin publizitario ergeletatik urrun, lotsa nagusi. Ahanzten ez den horietakoa. Baina kazetarien erasoak ez dira amaituko honekin, ziur nago ez dutela bakean utziko eta zelatan izanen ditu Beziersen desterratuta dagoen bitartean. Eskandalua dute ogibide eta boterea lanabes. Berena lortzeko galdutako aukera ez dute ikasteko baliatuko, horretarako librea behar baita.