Behin demografiari buruzko aurre-solasa burututa, has gaitezen behingoz txangoan. Eta nola ez, hiriko lekurik ezagunenetik hasiko gara, Bizkaiko Zubitik. Gizateriaren Ondare izendatutako Euskal Herriko eraikin bakarra izanik, bekatua litzateke gure bisitaldiaren zati bat, bederen, ez eskaintzea. Hala ere, gauza asko idatzi da honez gero Bizkaiko Zubiaz, eta ez dugu hemen denbora eta leku gehiegi galduko bibliografia hori gizentzen. Gure arreta, aurrerantzean, parez pare dugun hiriari eskainiko diogu.
Jo dezagun, bada, Zubiz 7heldu garela Portugaletera. Aurrera eginez, Maria Diaz de Haro kalera iritsiko gara berehala, eta handik pixka bat ezkerretara joanez, Casilda Iturrizarrera. Hau erraz ezagutuko duzue: goranzko aldapa da, eta ez malda txikikoa. Hau idazteko unean lanak egiten dabiltza bertan, besteak beste eskailera mekanikoak jartzeko, oinezkoen lagungarri. Batek baino gehiagok eskertuko du.
Eskaileraz edo gure ahalegin hutsez, norberak aukeratu dezala hori, Casilda Iturrizarretik igoz laster helduko gara Santa Klara komentura, kalearen eskumako aldean. XVII. mendean eraiki zen, eta XIX.ean berriztatu, gaur duen itxura ederra emanez. Duela hogei urte Udaletxeak eskuratu zuen, eta Kultur Egoitza bihurtu. Han dago, besteak beste, turismo bulegoa, nahiz eta luze gabe beste egoitza batera eramango duten.
Kalearen ezkerreko aldean, berriz, Alde Zaharra dugu. Hura mugatzen zuen harresi zaharra ere ikusiko genuke, XVIII. mendean, hiria handitu beharrez, eraitsi ez balute. Harresia zegoen lekuan dago orain Casilda Iturrizar kalea. Hamaika izenen kalea, esan diezaiogun. Antzina, Kale Barria edo Barrera kalea esaten zitzaion. Geroago hartu zuen gaur egungo izen ofiziala, baina bertakoek nahiago dute "egurraren kalea" esatea. Izenak izen, Santa Klara komentua utzi eta Alde Zaharrean murgilduko gara Atarazanas kaletik. Hala helduko gara Rantxeria plaza txikira.
Erdi Aroko Portugalete
Alde Zaharraren goiko aldean gaude orain. Erdi Aroko beste hiri askotan bezala, hiru kale nagusik osatzen zuten Portugalete. Kasu honetan goitik behera doaz kaleak, sorreratik hiriaren hauspoa izan den Ibaizabalen bila. Gauden lekutik begiratuta, eta ezkerretik eskumara, Koskojales, Victor Chavarri (edo Barrenkale) eta Santa Maria kalea dira hiri zaharraren bizkarrezurrak, hainbat kantoi estuk zeharkatuta.
Eguneko edozein ordutan paseatzeko leku polita da Portugaleteko Alde Zaharra. Asteburu gauetan berriz, gazte eta ez hain gazte askoren bilgune bihurtzen da. Bertako giroak, inguruko beste hiri batzutan ez bezala, nola edo hala egin dio aurre Bilboren eta merkataritza-gune handien lehiari. Taberna asko egotea, bestalde, ez da kontu berria. XX. mende hasieran ere hala omen zen. Garai hartan, txakolina pitxer txikian (jarrillas, gaztelaniaz) zerbitzatzeko ohitura zegoen; hortik jarrillero goitizena portugaletetarrentzat.
Eraikin ikusgarriak
Erdi Aroko hirian badira eraikin aipagarriak. Erdiko kaleko 22. zenbakikoak, esaterako, atari eta armarri barrokoak gorde ditu. Kale berean, baina 17.ean, atariak erdi-puntuko arkua dauka sarrera gainean. Errenazimenduko jauregi handi baten azken hondarra da.
Berriz Alde Zaharreko goiko aldera itzulita, ezkerretara joko dugu, Elizaren kantoitik, Andra Mari basilikara. Portugaleteko eraikin ikusgarrienetako bat da, eta XV. mende amaieran hasi ziren eraikitzen, aurrez eliza apalago bat zegoen lekuan. Gaur egun, basilikak museo bat dauka bere baitan. Bertan, mezatan erabiltzeko zilarrezko objektuak daude ikusgai; gehienak indiano eta marinelek ekarritako opariak dira, Peru eta Mexikoko zilarginek XVII. mendean egindakoak. Basilikako lorategian, berriz, Lope Garcia de Salazar, Bizkaiko lehenengo historiagilearen eskultura dago. Garcia de Salazar Muskizen jaiotakoa zen, baina Portugaleterekiko harreman estua izan zuen bere bizitza osoan zehar. Bere iloba batek, Otxoa de Salazarrek, dorre bat eraikitzeko agindua eman zuen XV. mende amaieran. Gaur egun Salazar dorrea izena dauka, eta basilikatik oso gertu topatuko duzue.
Berriz itsasadarrerantz
Santa Mariatik jaitsiz, Salcedo kalera helduko gara. Antzinagoko denboretan, bertan zeuden ontziolak, baina ez jakin zehazki non. Hala ere, lehengo usaina dario oraindik kaleari, bere arkupe txiki eta guzti. Bertatik bertara, itsasadarrarentz joanda, Solar plaza dago. Han ikusiko dituzue Victor Chavarriren omenezko eskultura eta musika-kioskoa. Astearte, ostegun edo larunbat goizez joanez gero, gainera, nekazal azoka ikusiko duzue. Garai bateko indarrari eusten ez badio ere, oraindik inguruko baserritar eta erosle askoren topagunea da.
Gauden lekuan, nahi izanez gero, Ibaizabalen beste aldera joateko ontzitxoa har genezake. Bestela, Bizkaiko Zubirantz segi dezakegu, Txurruka kaian barrena, gure ibilaldia hasitako toki berean amaitzera. Hirugarren aukera ere badago: Zubi ondotik pasa eta segi aurrera, Santurtziko mugaraino ia. Han mareometroa dago, mareak neurtzeko –izenak ez dio gezurrik– 1883an jarritako gailua. Portugalete, betidanik, marearen arabera bizi izan da eta.