Comunión-en itzal luzea

  • Kondaira ez da osoki errepikatzen. Eta hau kontutan ez hartzeak dogmatismora eta hamaika zurrunkeriatara eraman gaitzake. Baina, hein batez errepikatu egiten delako, Kondaira argi emaile gerta daiteke geroari buruz.
     
    EAJ-PNVren historia luzean badugu zer ikasirik, artikulu honetan azaltzen saiatuko naizenez. 1952 urtean, Bilbon ikasle nengoelarik, oso maiz joaten nintzen Diputazioaren Liburutegira, izen bereko kalean. Frankismo betean geunden. Horrela ezagutu nuen nik, adibidez, Hermilio Olorizen Defensa y Fundamento de los Fueros liburua (Iruñea, 1880). Neronek ireki behar izan nituen neure labanaz jadanik horiztatzen hasiak ziren orrialde haiek. 1952 urte hartan irakurlerik batere ez baitzitzaion hurbildu, antza. Eta bide beretik irakurri nuen 1936ko gerra aurrean PNVk argitaratzen zuen Euzkadi egunkaria. Orduko xehetasun batzuk ez zaizkit batere ahaztu. Eta buruz kontatu beharko ditut.
     
    1913az geroztik Engrazio Arantzadi Kizkitzak zuzentzen zuen Euzkadi. Eta 1931n PNVak espainiar Errepublika nola hartu zuen jakin nahi nuen. Aski da Konstituzio hura irakurtzea, aurrera pauso galanta izan zela jabetzeko (1931-XII-9). Hasteko, Espainiaren definizioa bera zen adierazgarria: “Una república de trabajadores de todas clases, que se organiza en régimen de libertad y de justicia”. Ez baitzen batere Sotaren gustukoa!
Txillardegi
Ruben Plaza
Gizasemearen eta emakumearen eskubide berdintasuna aldarrikatu zuen bestetik. Eta askatasun klasikoak oro bermatu: pertsonarena, postaren bortxaezintasuna, pentsaeraren zein adierazpenarena, elkartzeko eta sindikatzeko askatasuna, atxiloketetan habeas corpus delakoa baliatu ahal izatea. Eta abar luze bat.
 
Kultura puntuzko asko hautatu ziren diputatu eta Gorteetara azaldu: Unamuno, Marañón, Ortega y Gasset, Pérez de Ayala. Eta honek nolabait aire berriak erantsi zizkion espainiar politikari. Eskualdeen autonomia aurrera eramatera deliberaturik –Konstituzioa onartu baino are lehenago ere, oztopoak agertu arren–, berehala ekin zitzaien Kataluniaren eta Euskal Herriaren prozesuei. Betiko beldurrak eraginik, eskualdeen arteko elkarketak debekatu ziren eta “federalismo” hitza ezabatu zen.
 
Aldaketa gaitza zen. Hots, zein izan zen Kizkitzaren aldizkariaren jarrera? Oso ongi oroitzen naiz: “Jainkoa hitza izkribuan agertzen ez zelako”, PNVk ezin onar zezakeela Konstituzio hura. “Gibraltar vaticanista” eta antzeko laidoak orduan mamitu ziren. 1931 urtean horixe zen kezka nagusia. Eta jarrera karka horren sustatzaileak bi jaun hauek izan ziren: finantzaren aldetik, Ramón de la Sota industria gizon famatua, eta Kizkitza integrista amorratua ideologiarenetik.
 
Hitz batez, Comunión Nacionalista-koek agintzen zuten Alderdian 1931n, baina arazoa urrutitik zetorren. 1917an Luis Arana-Goiri PNVtik botaz geroztik, bi bloke zeuden Alderdian. Abertzale erradikala zen bata, Aberri izenaz gero ezagutua, espainiar politikan parte-hartzearen kontrakoa. Funtsean Luis Arana Goiri eta Eli Gallastegiren inguruan mamitua. Eta errejionalista “moderatua” bestea, Sota eta Kizkitza buru, espainiar politikan sartzearen aldekoa, autonomista, Espainiaren barruan “eroso” sentitzearen aldekoa.
 
Bien arteko desberdintasunak nabarmenak ziren. Kizkitzak, adibidez, behin eta berriz gaitzetsi zituen irlandar separatistak; Gallastegik, artean, txalotzen zituelarik.
 
Independentziarik gabe Euskal Herriak ez zuela irtenbiderik izango aldarrikatzen zuen Aberrik. Comuniónek, aldiz, independentzia desiragarria zela, hori bai; baina ez nahitaezkoa gure herria aurrera ateratzeko.
 
Hots, gaur arte iraun duen zatiketa zahar horrek, indar berria hartu du azkeneko asteotan, Ezker Abertzale ofizialak berak, ustekabean, “autonomia” hitza berreskuratu nahi izan duenean. Asaldu gaitza sortu da abertzaleon artean. Sotismo zaharraren mezua guganaino iritsi da; eta ez PNVren barruan bakarrik.
 
PNVren etsai nagusia 1978az geroztik ETA baldin bada, eta ez inperialismo Franco-espainola, atzera pausoa gaitza dela ezkutatzerik ez dago. Eta lerro hauetan abertzale asko eta askoren inarrosketa azaltzen ari naizela iruditzen zait. Niri dagokidanez behintzat, Comunión Nacionalistari ez.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude