argia.eus
INPRIMATU
Helduak ikasle
Aspaldiko ametsak betez, erretiroan ikasle
  • Erlojurik gabeko denboraldia da erretiroa. Ikasketei ekiteko parada ezin hobea, lan mundutik erretiratu diren batzuentzat. Bizitzea ikastea bada, ez da inoiz berandu. Denbora librea ikasten igaro nahi duenarentzat hona hemen bi aukera: herrietako esperientzia eskolak eta unibertsitateko Esperientzia Gelak.
     
    Badira bost urte Gipuzkoan Goierri Urola Garaiko Esperientzia Eskola abian jarri zutela. Berau izan dugu herri ugaritan ireki dituzten mota honetako ikastetxeen eredu. 50 urtetik gorako lagunei zuzenduta dago eta parte hartzeko ez da titulurik behar. Aski dira jakin-mina, ikasteko gogoa eta norberaren esperientziak gela-kideekin partekatzeko nahia izatea. Goierri eta Urola Garaiko adineko pertsonei gizartean positiboki eragin ahal izateko baliabideak eskaintzen zaizkie eta baita kultura eta ezagutza maila hobetzeko parada ere. Guztira 110 ikasle pasatu dira Esperientzia Eskolatik, eta aurten, 2006-2007 ikasturtean, 16 pertsona ari dira ikasten bertan.
Saioa Labaka 2007ko martxoaren 04a
Helduak ikasle
Esperientzia Eskolako ikasturteak urritik ekainera bitarteko iraupena du eta eskolak Ordiziako Mallutz industrialdean izaten dira astearte, asteazken eta ostegun goizetan. Esperientzia Eskola honetako ikasleek ez dute azterketarik gainditu beharrik; izan ere, gizartea hobeto ulertzen lagunduko dieten ezagutza eta giltzarriak eskaintzea da helburu nagusia.
 
Ikasturtean hiru gai multzo nagusi lantzen dituzte: oinarrizko multzoa, multzo espezifikoa eta ikasturte bukaerako proiektua. Hainbat ekintza osagarri ere egiten dituzte: hitzaldiak, mintegiak, ibilaldiak, bisita kulturalak... Oinarrizko multzoan adineko pertsonekin lotura zuzena duten gaiak lantzen dituzte: osasun fisiko eta mentala zaindu eta hobetzeko ikasgaiak, adineko pertsonen eskubideen ingurukoak, gizarte harremanak eta komunikaziorako trebetasunak, sexualitatea... Bestalde, Giza Zientzietako ikasgaiak ere jorratzen dituzte: Soziologia, Filosofia, Literatura, Zuzenbidea, Oinarrizko Ekonomia, Zientzia eta Teknologia, Euskal Artea, Goierri-Urola Garaiko Historia eta Ohiturak... Azkenik, ikasturte amaieran gizartearentzat baliagarri diren proiektuak lantzen hasten dira ikasleak. Bidenabar, Gueske izeneko elkarte bat osatu dute Esperientzia Eskolako ikasle ohiek eta elkarte honen bitartez ikasturte amaieran hasitako proiektuak egiten dituzte. Aipatzekoa da proiektu interesgarriak atera izan direla Esperientzia Eskolako lantaldeetatik. Esaterako, Goierri, 9 ibilbide Ordiziatik liburuxka sortu zuten Eskolako ikasleek eta 2005. urtean kaleratu zuten lana Ordiziako Udalaren eta Euskadiko Kutxaren laguntzaz. Liburuxka honek Ordiziako eta inguruetako ibilaldiak biltzen ditu eta zehatz-mehatz azaltzen dira bertan ibilbideen distantziak, denbora orientagarriak eta monumentu esanguratsuenen argibideak.
 
Egun, iazko ikasturteko Esperientzia Eskolako ikasleak astean behin biltzen dira eta eskualdeko etorkinen integrazioa bultzatzeko proiektuan ari dira lanean buru-belarri. Besteak beste, etorkinentzako zerbitzu gida bat osatzen ari dira, gerora argitaratzeko asmoz.