argia.eus
INPRIMATU
Osaba Oscar
  • Los Angeles (AEB), 1927. Biltmore hotelean zinema sektoreko hainbat profesional bildu zen Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia sortzeko. Filmen errealizazioan kalitate kultural eta teknikoa zaintzea zuten helburu eta horregatik, hurrengo urtean, lan onenak saritzeko erabakia hartu zuten. Metro Goldwyn Mayereko eszenografo Cedric Gibbonsek diseinatutako estatuatxoa emango zitzaien arlo ezberdinetako profesional onenei.
     
    Garai hartan Margaret Herrick Akademiako liburuzaina zen; gerora zuzendari izatera iritsiko zen. Oscar izenaren jatorria ez dago garbi, baina diotenez, Herrickek estatuatxoa ikusi zuenean bere osaba Oscarren antza zuela bota omen zuen. Geroztik, Akademiako kideek, modu informalean Oscar esaten zioten sariari. 1934an azaldu zen izena lehen aldiz prentsan; Sidney Skolsky kazetariak aipatu zuen bere zutabean, Katherine Hepburnek jasotako sariari buruz hitz egitean –Katherine Hepburnek 4 sari irabazi zituen guztira eta emakumezko aktore onenaren kategorian oscar gehien jaso dituena da–. Bost urte geroago, 1939an, mundu guztiak Oscar esaten ziela ikusita, Akademiak izena ofizialki erabiltzea erabaki zuen.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko maiatzaren 03a
34 zentimetro eta 4 kilo inguruko saria brontzezko pieza solidoa zen hasieran eta ez zuen egungo diztirarik. Gaur egun metal aleazio berezi batekin egiten dute eta urrezko bainu pulituak ematen dio diztira. Aldaketarik nabarmenena, ordea, II. Mundu Gerrako urteetan jasan behar izan zuen Oscarrak; metal eskasia zela eta, 1942an, 1943an eta 1944an igeltsozko estatuatxoak banatu zituzten.
 
Sariak emateko zeremoniak hasieratik izan du oihartzun mediatikoa. 1928ko lehen zeremonia hartan, ordubete zuzenean emititu zen irratian. 1944tik aurrera ekitaldi osoa entzun ahal zen irrati bidez. Telebista emisioa 1953an egin zen lehen aldiz eta urteak joan ahala mundu mailako audientzia gero eta handiagoak lortzen joan da.
 
Ia 80 urtetan guztira 2.300dik gora estatuatxo banatu dira. Baina, glamourra eta mundu mailako oihartzuna alde batera utzita, askok zalantzan jartzen du 2.300 sari horiek Oscarren hasierako xedeari eusten ote dioten, hots, lan onenak saritzen ote dituzten. Film sarituenen artean Titanic eta The Lord of the Rings daude, biak hamaikana estatuatxorekin; bere garaian, ordea, Citizen Kane Orson Wellesen maisu lanak gidoi orijinal onenaren saria baino ez zuen jaso. Eta Fritz Lang, Ingmar Bergman, Federico Fellini, Alfred Hichcock, Akira Kurosawa, Stanley Kubrick eta Martin Scorsesek ez dute inoiz zuzendari onenaren saririk merezi izan, Akademiako kideen ustez.