argia.eus
INPRIMATU
Ole Henrik Magga: "Soluzio bezala ez nieke gure sistema beste herri indigenei gomendatuko"
Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2013ko maiatzaren 03a
(*) Ole Henrik Magga samien lehen lehendakaria eta samiera irakaslea da
 
Gizon serioa dela antzematen zaio, 60 urteko esperientziak zaildua. “Samien Nelson Mandela” dela diote batzuek, baina bera ez dela inoiz kartzelara joan erantzuten du irribarrez. Norvegiako lehen Sami Legebiltzarreko lehendakari izan zen eta ondoren, Nazio Batuetako Indigenen Gaietarako Foro Iraunkorreko lehendakari. Egun samiera irakaslea da, baina interes handiz jarraitzen du sami politika.

Zeintzuk dira sami kultura bultzatzeko erakunderik garrantzitsuenak?


Dudarik gabe, hizkuntza eta artearekin lan egiten duten erakundeak. Oso kezkatuta nago gaur egungo umeek ez dutelako guk ikasten genuen kultura bera ikasten. Hezkuntza, artisten jarduna eta hizkuntzarekin egindako lana da gure kulturaren giltza, eta hori bultzatu behar dugu.

Norvegiako autoritateekin Sami Legebiltzarra sortzeko negoziatzen ibili zen taldeko partaide izan zinen.


Modu batean bai. Norvegiako agintariak inoiz ez ziren samiokin negoziatzera iritsi, horren kontrakoa zirudien arren. Jende asko zegoen bakoitzak esaten zuena gogor defendatzeko prest, eta hor ez zegoen negoziaziorik. Gu gure argumentuekin joan ginen eta haiek esan ziguten: “Oso ondo, ikusiko dugu hemendik zer har dezakegun”.

Zenbaterainoko indarra du Norvegiako Sami Legebiltzarrak?


Aholkularitza boterea du. Ez daukagu legeak egiteko indarrik. Ez dugu diru sarrera propiorik, Norvegiako Gobernuak ematen digun diruaren menpe gaude. Garrantzitsuena falta zaigu: dirua eta legeak egiteko makineria.

Zein uste duzu dela konponbidea?


Hau ez behintzat. Ez nieke gure sistema beste herri indigenei gomendatuko, ez soluzio bezala behintzat. Negoziazio egoeran, guk duguna baino askoz urrunago iritsi behar da. Hau egoera idealetik oso urrun dago.

Nazio Batuen Indigenen Gaietarako Foro Iraunkorreko presidente ohia zara. Zer nolako garrantzia du indigenen arteko elkarlanak?


Ezinbestekoa da. Guretzat dena da. Bakarrik izan bagina, ez genukeen daukagun ezer lortuko. Elkarri laguntzen diogu eta gainera, oso garrantzitsua da nazioarteko presioa. Kanada, AEB, Zeelanda Berria, Australiako indigenen eta samion arteko elkarlana da giltza.

Nazio Batuetan indigenen eskubideak bermatzen dituen testua berriz ere atzeratu egin zen joan den azaroan. Zein uste duzu dela arrazoia?


Ziur nago AEB, Kanada, Zeelanda Berria eta Australiako gobernuak Afrikako gobernu horiei presioa egin dietela testua ez babesteko eta ezezko botoa emateko.

Zer nolako garrantzia du testu hau onartzeak?


Ikaragarrizkoa! Estatu gehienek ez dute legeetan indigenon eskubideak bermatuko dituen ezer. Nazio Batuek testua izenpetuko balute, estatuek legeen barruan babestu beharko lituzkete indigenak.