argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Miseriak indar hartzea
  • Soroko lurreko kobre eskasiak zikirio-ainoa bezala beste kalte ugari sor dezake. Zikirioaren lera berean garia, garagarra eta artoa dira eskasi horri sensibleenak baina luzerna edo alpapak, azenarioak, tabakoak, erramolatza gorriak, zitrikoek, urazak, espinakak, arrozak, oloak eta tipulak bereak eta bi sufritzen dituzte.
     
    Kobrea oinarrizko osagaia da landareen egunerokoan. Argiaren energia erabiliaz jakiak jangarri egiteko kakoa den klorofilaren eta ehunak gogortzen dituen ligninaren sorkuntzan beharrezkoa da eta enzima ugariren parte da, besteak beste. Izpi bat besterik ez, baina behar beharrezkoa da lurrean.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 25
Lehengo mendearekin batera landareen jaki nagusiak Nitrogenoa, Pospoloa eta Potasioa zirela eta, nekazaritza intentsiboaren hastapen, N-P-K hirutasun santuzko ongarri kimikoen zabalkundea abiatu zen. Iraultza dezentekoa. Eta hobe beharrez, etekinak gehitze aldera bota eta bota, lurra ongarriz itotzen da. Itolarri horretan N-P-K desdetxak desoreka dakar lurra-landarea sistemara eta maila apalagoan baina beharrezko diren beste jaki ugari kateatu egiten dira, landareak hartu ezinik. Eta miseriak indarra hartzen du. David Thomas geologo eta kiropraktikoak N-P-K gehiegiak laranjatan %75eko kobre eskasia zekarrela zioen. André Voison agronomo frantziarrak kobre eskasi hau eta minbiziaren arteko lotura ikertu eta 1960an, dabeneako, Lurrak, larreak eta minbizia liburuan argitaratu zituen bere ondorioak. Gaitz honen aurrean kobreak duen babesle lana aitortu zion 1988an C. Bellapartek. Miseria guztiak geuregan bukatzen direla ikasten dugunerako…