Dani Blanco
Apika irakurriko duzu saria jaso ez eta euren burua beti baztertutzat, beti biktimatzat jotzen duten lau idazle negartiren purrustada baino ez dela. Apika, irakurriko duzu horiekin bat egiten duten idazle gazte –burubako, orain punki gero yupie– sasi-iraultzaileek saria irabaziko ez dutela dakitelako egiten dutela bat. Hori baizen gehiago da eta irakurriko duzu.
Euskal literaturaz batere ardurarik ez duzun horri:
Apika, titularren bat irakurriko duzu, tabernaren batean aipatuko dizute, idazle jendea betiko legez, arreta zuzendu guran dabilela eta akaso pentsatuko duzu, zertan ari dira hauek bake-prozesua jokoan dela, zertan Erreala eta Athletic jaisteko arriskuan egonik, zertan txotx garaian bagaude? Zer uste dute horiek, ez dakigula sariak, bekak, dirulaguntzak eta enparauak, hemen eta leku guztietan, agintean daudenek, hatzamarren objektibotasun eta justiziaz, lagunkeriaz ematen direna? Hiru milioi pezetarengatik horrenbeste iskanbila? Zer da hori errepideak, eraikuntzak eta ostantzeko abiadura handiko obrak egiteko batzokietan esleitzen diren milioien aldean? Barkatu, idazletzaren duintasunagatik baino ez dugu egin gura.