argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Ez omen dago harremanik minbizia eta sakelakoaren artean
  • Aldian behin jorratu izan dudan gaiari heldu nahi diot berriro ere gaurkoan. Ez omen dago minbizia izateko arrisku gehiago telefono sakelakoa erabiltzeagatik. Hori diote, behintzat, Danimarkan hogeita bat urtez 420.000 erabiltzaile baino gehiago aztertu dituzten ikerlariek. Berdin ei da sakelakoa asko edo gutxi erabili, ikertzaileek ez baitute, itxuraz, inolako harremanik aurkitu sakelakoaren eta leuzemien agerpenaren artean, ezta sakelakoa erabili eta buruan nahiz lepoaldean tumoreak garatzearekin.
     
    Aztertutako pertsona batzuek izan dute minbizia, noski, baina sakelakoen erabiltzaileen artean antzemandako minbizi kasuak populazio orokorrean diagnostikatutakoen neurri bertsuan agertu dira, Journal of the National Cancer Institute aldizkarian argitaratutako lanean ikusten den bezala. Lan horren emaitzen arabera, sakelakoa erabiltzen dutenek ez dute garuneko, begietako edo guruinetako minbizia, nahiz leuzemia, izateko arrisku handiagorik.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 25
Sakelako telefonoen erabilera hedatu zenetik, ikerketa ugari egin dira aparailu horien eremu elektromagnetikoek tumoreen agerpenarekin loturarik ba ote duten argitzeko. Ikerketa gehienek sakelakoak eta kalte genetikoak lotzen dituzten susmoak baztertu dituzten arren, zalantzak ez dira erabat uxatu. Erresuma Batuko gobernuak esate baterako deien denbora mugatzea gomendatzen du prebentzio neurri bezala. Gainera umeek sakelakoa premiazkoa denean bakarrik erabili dezaten aholkatu du.
 
Erresuma Batuan egindako azkeneko ikerketa nagusiak garuneko tumorea zuten 906 gaixorekin ikerketa egin zuen lau urtez eta pertsona horiek azken urteotan izandako ohitura telefonikoak beste 1.726 boluntario sanoren ohiturekin konparatu zituzten. Kasu bakar batean ere ez zen ikusi sakelakoak gaixotzeko aukera handitzen zuenik. Dena dela tumoreak sarriago agertu ziren gaixoak telefonoz aritzeko erabiltzen zuen buruaren aldean. Kasualitatea edo kausa/efektua ote zen ez zuten argitu ikertzaileek.