Iñigo Azkona
Zer proposatzen dute gainerako alderdi abertzaleek, orduan, zerbait berria ala zerbait zaharra? Nik nahiago nuke zaharrari eutsiko baliote, eta adore handiagoz, gainera. Azken batean, orain proposatzen dena oraindik lortuta ez egotearen erruaren zati bat orduko EAJri dagokio –oraingo EAJ gehi EA, hortaz–, zalantza barik. Erruaren zatirik handiena espainiar nazionalismoaren ikuspuntua islatu zuen armadari eta hura guztia onartu zuten alderdi espainiarrei dagokie, ez dut ezkutatuko, baina ordu hartan Hego Euskal Herrian zegoen giroa kontuan hartuta, goizegi eman zuen amore EAJk. Arinegi heldu zion bere botere arlotxoari, Nafarroa Garaian zuen indar mugatua gogoan, ziurrenik, eta ordutik hona, dinamika horretan jarraitu du. Ezagun da orain berriro gogorarazi duten Ibarretxe Plana bera begi txarrez ikusten zuela EAJ barruko sektore garrantzitsu eta boteretsu batek.
Alferrikakoa da esatea “hori aspaldi proposatu nuen nik”, proposamen horri kemenik ez bazaio ipini. Eta momentu honetan hori behar dela uste dut, oraingo proposamenak, helburu zaharra edukita ere, berritasun erabakigarri bat ekartzen du eta: gatazka politikoa gainditzeko tresna gisa aurkeztea, alegia. Alderdi abertzale guztiek inoiz egin dituzten halako proposamenen analisian sartu gabe, gero eta pertzepzio handiagoa dago gatazka politikoaren konponbidea hurbil egon daitekeela, eta alderdi abertzale guztiek bat egin beharko lukete konponbidearen gakoetako bat trantsizio berri bati ekitea dela esatean, orain arte esana dute eta.